Ahotsenea ere lagun izango du Berri Txarrakek Kobetamendin

Durangoko Azokako Ahotsenea espazioa ere izango da Berri Txarrakek uztailaren 14an Kobetamedin duen hitzorduan. Diabolo Kiwi, Iont, Patx&Run, Huts, Dukka, Natali, Atzapar eta Larra Bideak izango dira gonbidatuak.

NAIZ|14/06/2019 13:25
Berritxarrak
Natali izango da Ahotseneako protagonistetako bat. (NAIZ)

Durangoko Azokara zuzeneko kontzertuak ekartzen dituen Ahotsenea espazioak ere izango du lekurik uztailaren 14an Berri Txarrak taldeko kideak Kobetamendirako antolatzen ari diren festa erraldoiean.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 71 taldek eman dute izena gune honetan parte hartzeko eta horietatik zortzi igoko dira Ahotseneako oholtzara, 2019an argitaratu dituzten diskoak aurkeztera: Diabolo Kiwi (Nafarroa Beherea), Iont (Araba), Patx&Run (Araba/Bizkaia), Huts (Bizkaia), Dukka (Gipuzkoa), Natali (Gipuzkoa), Atzapar (Nafarroa) eta Larra Bideak (Nafarroa) izango dira gonbidatuak.

Bi eszenatokitan banatuta, talde bakoitzak ordu erdiko kontzertu laburra eskainiko du.

Zaleen Gunea prest

Era berean, Zaleen Guneko egitaraua ere zehaztu dute antolakuntzatik. Espazio honetan kultur adierazpide ezberdinen proposamenak bilduko dira. «Sormen kalitate handiko proposamenak dira, batzuk aurkeztu berriak, bestetzuk ikusentzuleengandik harrera bikaina jasotakoak», zehaztu dute.

Zaleen Gunea Berri Txarraken kontzertuaren aurretik, 16.30etik 20.30ak bitartean egongo da zabalik eta bertan proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera izango da: Trakamatraka birziklapen tailerra, zirkoa eta musika uztartzen dituen ‘Erraia’ emanaldia, ‘Ez da kasualitatea‘ bertso-saio musikatua, Zo-Zongo taldearen ‘Kolpez bai’ ikuskizuna eta Ertza dantza konpainiaren ‘Meeting Point’ pieza.