«G7aren munduaren aurka» mobilizazioa eginen dute larunbatean Donostian

Ekainaren 22an, larunbatean, «G7ak sinbolizatzen duen munduaren aurka» mobilizazioa deitu dute Donostian. 17:00etan abiatuko da manifestazioa Easo plazatik. «Argi dugu elkarlana dela gutxiengoaren sistema kapitalista heteropatriarkal basatiarekin amaitzeko bidea», adierazi dute ohar baten bidez.

naiz|DONOSTIA|18/06/2019

Datorren larunbatean, ekainak 22, Donostian «G7ak sinbolizatzen duen munduaren aurka» mobilizazioa deitu dute, «bestelako mundu bat eraikitzeko bidean». «Gero eta autoritario eta gerrazaleago diren aberatsenen eta multinazionalen zerbitzura dagoen sistema iraunarazteko bilduko dira Biarritzen munduko 7 potentziak».

Euskal Herritik «bestelako mundu bat elkarrekin sortzeko» asmoa agertu dute. «Argi dugu elkarlana dela gutxiengoaren sistema kapitalista heteropatriarkal basatiarekin amaitzeko bidea», adierazi dute. «Ez dugu nahi eurek inposatzen diguten jendarte eta mundu eredua, Gipuzkoarrok sobera ezagutzen duguna: turismo aberatsa, mugen itxiera, mota guztietako diskriminazioen areagotzea, zuriketa morea eta arrosa, erdararen kultura, kontsumo basatia, pentsioen eta babes sozialeko sistema osoaren murrizketa, aldaketa klimatikoaren areagotzea, bizitzaren garestitzea eta erabakitzeko eskubidearen aurkako
erasoa», gehitu dute.

Hau dela-eta, «G7ak sinbolizatzen duen sistema hilgarri honen aurrean» mobilizatzera deitu dute gizartea.  17:00etan Easo plazatik abiatuko da manifestazioa, Trinitate plazan amaitzeko, eta ekitaldiaren ostean bertan musika eta festa giroan amaituko da aldarrikapen eguna.