Gizarte Segurantzak esan du Fagor Ederlaneko bi langile-ohiren minbizia amiantoagatik izan zela

Tafallako Fagor Ederlan-eko langileak biriketako minbiziagatik hil ziren, eta bi ebazpenek gaixotasunen laneko jatorria egiaztatu dutenez, alargun-pentsioak igo eta enpresa auzitara eramateko bideak ireki dira.

naiz|17/10/2019
Amiantoa
Beasaingo CAFeko langileen manifestazioa amiantoa dela-eta (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak onartu du Tafallako Fagor Ederlan enpresako bi langile ohiren birika-minbizia amiantoarekiko esposizioaren zuzeneko ondorioa izan zela, ELAk jakinarazi duenez.

Bi langile horiek 30 urtez baino gehiagoz jardun zuten enpresan, eta dagoeneko hilda daude. ELAk ontzat eman ditu bi ebazpenak, «patologiak lanbide-gaixotasun moduan hartu baitira». «Horrela senideek ez dute auzitara jo beharko gaixotasunak aintzat hartzeko, eta berehala hasi ahalko dira beren aldeko prestazio-gainkarguak eta erantzukizun zibila eskatzen», esan du.

Bestalde, sindikatuak ohartarazi du amiantoarekiko kontaktuaren ondoriozko lanbide-gaixotasunak «goraka joan den gertakaria» dela eta «pandemia-maila» ere hartu duela, XX mendearen bigarren zatian emandako enpresen «erabateko arduragabekeria eta kontrol publiko eskasaren ondorioz».

Gehienetan kartzinogenoak diren patologien hauen latentzia-aldia 50 urte artekoa izan daitekeenez, osasun publiko eta laboraleko arazo nabaria dena nahita ezkutatua izaten ari da ELAren ustez. «Arazo horri aurre egin ahal izateko, politika nahiz gizarte aldetik lehentasunezkoa izan behar da patologia horien prebentzio eta kontrolerako baliabideak eskaintzea, patologiak ikertu, garaiz antzeman, eta biktimen eta haien senideen ondorio larriak albait gehien arintzeko», aldarrikatu du sindikatuak, eta enpresei eskatu die amiantoaren ebazpenen eta epaiek aurkako helegiterik ez jartzeko, horrek «pertsonen sufrikarioa sakondu baizik ez baitu egiten».

ELAk oroitarazi du, halaber, Nafarroako Parlamentuak, 2017ko irailean, ebazpen bat onetsi zuela lurralde osotik amiantoa erretiratzeko; eta 2018an Gida Plan bat idatzi zela, xede hori 20 urtetan gauzatzeko. «Hala ere, gaur arte ez da diru-baliabiderik bideratu horretarako. Horregatik ELAk erreklamatzen dio Nafarroako Gobernuari, lan-osasunaren dirua elkarrizketa sozialeko mahaiei eman beharrean, administrazio publikotik benetako politikak garatzera bideratzeko, tartean Nafarroatik amianto guztia erretiratuz».