ELA, Steilas, CCOO eta LABek beste bilera baterako gonbita egin dieete Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako patronalari eta Hezkuntza Sailari. Hamar urte daude lan hitzarmena berritu gabe eta gatazka bideratzeko asmoz iragarri dute bilera. Hitzordua ostegun honetan, urriaren, 24an 10.00etan zehaztu dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Lan Harremanen Kontseiluak iragarpena berretsi arte, Lakuak ez zuen asmorik bilerara bertaratzeko.
Aurreko ikasturtean bi bilera saiakera egon ziren. Bata, apirilaren 2an, hamar eguneko mobilizazioa abian zela; eta bestea, maiatzaren 30ean, hilabete horretako azken mobilizazio eguna behin bukatzean. Patronala ez zen bertaratu aurreneko bilerara eta bigarrenean, sindikatuek adierazi legez, «langileen eskaerei erantzutetik urrun dagoen proposamen berdina ekarri zuen, sindikatuok onartuko ez genuela jakinda».
Hezkuntza Sailari dagokionez, ez zen agertu aurreneko bilera hartara, patronala ez zihoala aitzakia hartuta, eta bigarren bileraren bezperan «eduki gabeko bilera batera deitu» zituen sindikatuak.
2017tik mobilizazioekin
2017an sindikatuak mahai-negoziatzailetik altxatu ziren Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalen «jarrera hertsien» ondorioz. Ordutik, 27 greba egun egin dituzte bi ikasturtetan sakabanaturik.
Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eginiko azken adierazpenak deigarriak izan direla onartu dute sindikatuek, «sindikatu eta patronalekin biltzeko prestutasuna» adierazi baitu. Hala ere, tentuz hartzen dituzte hitzok, «bereziki kontuan izanda adierazpenok egiten diren unea».
ELA, Steilas, CCOO eta LABek hilabeteko greba deialdia publiko egin duten unean egin ditu adierazpen hauek. Era berean, azken greba eguna maiatzaren 9an burutu zuten eta bost hilabete hauetan inolako mugimendurik egon ez dela ohartarazi zuten, ez patronal eta ezta administrazioaren aldetik ere.
Adierazi dute sektoreko patronalek eta Hezkuntza Sailak dutela gatazka hau bideratzeko aukera eta ardura. Gainera, iritzi diote jakin badakitela adostasunak erdiesteko giltzarriak non dauden, pasa den maiatzaren 29ko bileran zehaztu baitziren beraien aldarriak.
Lan Harremanen Kontseiluaren iragarpena
Astearte arratsaldeko aurreneko orduan, Lan Harremanen Kontseiluak berretsi egin du sindikatuen deialdia. Aurretiaz, Lakuak bertaratzeko bere ezezkoa adierazi du bilera LHK-k iragarri ezean eta honen aurrean, bitartekaritza lanak egitea eskatu dio LHKri Kristau Eskola patronalak.
Hala, Hezkuntza Sailak eskatzen zituen baldintzak bete dira eta, printzipioz, ostegun honetan sektoreko hiru aldeen arteko negoziazio bilera burutuko da LHKren egoitzan.