Jon Ormazabal

Ezkurdia eta Altuna, kaiolako bigarren txapelaren bila

Iazko final bera erepikatuko dute arbizuarrak eta amezketarrak iazko leku berean eta pronostikoak gipuzkoarraren aldekoak badira ere, lehia orekatua eta estua espero da

Finalerako materialak ez zuen inolako arazorik sortu (Iñigo URIZ/FOKU)
Finalerako materialak ez zuen inolako arazorik sortu (Iñigo URIZ/FOKU)

Zalantzarik ez dago, egungo txapelduna, Joseba Ezkurdia eta orain bi urte txapela jantzi zuen Jokin Altuna izan direla azken aldi honetan kaiola barruko bi pilotari onenak eta bietako batek bere ibilbideko Lau eta Erdiko bigarren txapela jantziko du bihar Iruñeko Nafarroa Arena erraldoian.

Osagaiak berak diren arren, final oso desberdina izan daiteke aditu guztien arabera, batez ere Jokin Altuna iaz baino joko sasoi askoz hobean heltzen delako egun handira. Joseba Ezkurdiak ere iaz erakustaldi handiagoak eman zituen finalerako bidean, aurten gehiago kostatu zaio Nafarroa Arenarako bidea aurkitzea, baina bide horrek berak zailduta, konfiantzaz beterik agertuko da pilotaleku zail honetara.

Iruñeko frontoi berriak buruhauste gehiago sortu dizkie azken egunetan protagonistei pilotek baino eta bertan entrenamendu saioren bat gehiago egin izana eskertuko luketen arren, prest dira ikuskizun handi bat eskaintzeko. Bi pilotariak sasoi puntu ederren daude eta, bakoitza bere estiloarekin, Ezkurdiak abiadura gehiago eman ahal dio pilotari eta Altunak tantoa amaitzerakoan dohain gehiago izan ohi ditu, gauza ederrak egiteko gai direla erakutsi dute.

450 sarrera saltzeke

Kanpoan hotz egingo duen arren, frontoi barruan giro beroa espero da, nahiz eta oraindik 450 sarrera inguru geratzen diren saltzeke. Goizetik hasita, Arbizu eta Amezketatik etorritako zaleek Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte eta pilotaz gozatzeko egun polit bat izan daiteke, bigarren txapela batak edo besteak janzten duela ere.