Merezi baino zigor gogorragoa jaso du Bilbao Basketek Badalonan

Markagailuak dioena (97-86) baino gertuago izan du RETAbet Bilbao Basketek garaipena Joventuten aurka. Alabaina, Prepelic eta Xabi Lopez-Arostegiren partida bikainak eta epaileen lan txarrak Alex Mumbruren mutilei gain hartu die.

Arnaitz Gorriti|01/12/2019
Retabet
Xabi Lopez-Arostegiren lan bikaina bilbotarren porrotaren arrazoietako bat izan da. (D. GRAU / ACB PHOTO)

RETAbet Bilbao Basketek Badalonan galtzea ez da lotsatzekoa, baina markagailuak dioen 97-86a baino emaitza hobea merezi izan du. Egia da alde batetik Klemen Prepelic eta Xabi Lopez-Arostegi lako bi jokalari bikainen lanari ezin izan diola gain hartu partidaren amaieran, baina bestetik epaileen lanak ere merezi baino kalte handiagoa egin dio talde bizkaitarrari. Azken laurdeneko partziala 33-24koa izan da; puntu horietatik gutzietatik asko eta asko talde katalanak jaurtiketa libreen eremutik lortu ditu –35 saiakeratik 29 sartu ditu; 24tik 20 Bilbao Basketek–, izan ere azkenean 33 falta jaso ditu Bilbao Basketek; 24 Joventutek.

Ondorioz, aho zapore oso mikatzarekin itzuli behar izan dute Bilbora «beltzezko gizonek». Egia da duela atebete aurretik Malagan baino itzura hobea eman duela talde bizkaitarrak, eta ezin duela epaileen lanak Bilbao Basketek hobetu beharrekoa ezkutatu. Dena dela, porrota hor dago eta ACB Ligako balantzea 5-6an geratu da. Datorren zapatuan Morabanc Andorra dator Bilbao Arenara eta hantxe berretsi beharko dute bizkaitarrek etxean egiten duten lan ona. Badute bilbotarrek zertan hobetua, baiona era berean borrokalari sena ere berekin dute. Bada, mementoko haserrealdiaz gain, aurrera jarraitzea tokatzen da.

Abantaila iheskorra

Erritmoa elkarri ezarri nahian, bataren muturrekoari bestearen muturrekoak erantzun dio partidaren hastapenetan. Nahiz eta Joventuten aurreneko saskiraketa Klemen Prepelicek erdietsi, bizkaitarrak kapaz izan dira aurreneko minutu horietan hegaleko esloveniarraren etorria eteteko. Bestalde, Xabier Lopez-Arostegi buru zela, Badalonako taldeak ekimena eraman ahal izan du, neurri handi baten RETAbet Bilbao Basketek bere aurreneko sei hirukoak huts egin dituelako. Alabaina, aurreneko laurdena 19-21 amaitu da Alex Mumbruren mutilen alde. Errotazioak martxan jartzean, bizkaitarrenak biziago aritu dira; Jaylon Brown, Lammers eta Sergio Rodriguezek jaurtiketa bana asmatu dute –kanariarrak jaurtiketa libre eta guzti gainera– eta horrez gain, Lammersek defentsan egundoko sendotasuna gaineratu dio Bilbao Basketi. Aldiz, Joventuten ez du halako atarramendurik izan, batez ere Buford estatubatuarrak huts egindako jaurtiketak eta aldutako baloi pare bat pilatu ditu–eta.

Apunteriarik eza eta zorte txarra tarteko, zortzigarren saiakerara arte ez du Bilbao Basketek hirukorik sartu. Dena dela, markagailuan aldea hartzeko ez du arazorik izan, Lammersek egundoko bigarren laurdena jokatu baitu. Pibot estatubatuarrak aurreneko kolpea eman badio Joventuti, Rouseelle eta Bouteille frantsesek halakoren baten sartu dituzte hiruko biek –13 saiakeratik bi bakarrik sartu dituzte «beltzezko gizonek» aurreneko erdian– Mumbruren mutilak 11 puntuz goitik jarri dituzte: 25-36. Katalanen errotazioa ez da finegi aritu; ez Dimitrijevic mazedoniarra ezta Zagars letoniarra ere, are gutxiago Kanter eta Harangody barruko jokalariak. Hala, Carles Duranek Omic, Lopez-Arostegi eta Prepelic kantxara atzera ostera ere atera behar izan ditu, eta hala lortu du markagailua atsedenaldirako estutzea. Hirukoetan asko asmatu ez arren jaurtiketa libreetan ez dute hutsik egin. «Karitatearen distantziako» jaurtiketen bidez –neurri baten epaileek apur bat lagunduta–, katalanek Bilbao Basketi 13-4ko partziala ezarri diote eta aurreneko erdira bizirik iritsi ahal izan dute, markagailua 38-40 dela.

Epaileen erokeriak

Prepelic eta Harangodyk hiruko bana saskiratu dituzte hirugarren laurdenaren hasieran. Bilbotarrak lokartu xamar kantxaratu dira eta akordatzerako markagailuan zazpi puntu atzetik, 47-40 eta falta mordo bat bizkarrean pilatu dituzte, baita Alex Mumbru entrenatzaileak teknika bat ere.

Izan ere, epaileek talde biak eta baita Palau Olimpiceko zaleak ere erotu dituzte beren kriterio aldaketekin; tarteka zernahi falta adierazi dute eta tarteka dena izan da libre. Bilbotarrek ere errekuperatu dute martxa epaileen txistu festaren ondotik, eta Bouteillen bidez 54-58 aurreratu dira «beltzezko gizonak». Alabaina, Joventuteko ordezko jokalariek aurreneko laurdenean ez bezalako jokoa atera dute hirugarren laurdenean, Dimitrijevic eta Harangodyk batez ere. Hala, 10-2ko partziala lortu dute Carles Duranen gizonek. Dena den, Rafa Martinezen aurreneko bi puntuek markagailua 64-62 laga dute azken laurdenaren hasierara begira.

Azken hamar minutuak ia amaierarik gabeko etenaldiz josi dute epaileek. Ezin hauei bakarrik egotzi azken hamar minutuetako 33-24ko partziala, baina errazago izan dute Carles Duranen mutilek aldea ateratzen ekiteko. Axel Bouteilleren bidez, dena den, bizkaitarrek eusteko borondatea erakutsi dute, baina Jaylon Brown egotzi egin dute epaileek falta tekniko harrigarri bat adierazita, eta hori gutxi ez eta Joventutek gogorrago defendatzeko baimena izan du bilbotarren aldean. Hala, Harangody eta Omic gusturago aritu dira. Markagailua 78-76 izatetik 86-76ra pasa da eta bilbotarren ahaleginak ahalegin, nahi eta ezinean amaitu dute Mumbruren mutilek 97-86ko azken markagailura iritsi arte.