Amalur ARTOLA

Euskarazko antzerki-testuak argitaratuko ditu Ganbila bildumak

Euskal antzerkigintza hauspotzeko helburuz sortu du Susa argitaletxeak Ganbila bilduma, euskarazko antzerki-obren testuak argitaratuko dituen sail berria. ‘Bazterreko ahotsak’, ‘Simplicissimus’ eta ‘Francoren bilobari gutuna’ dira lehen hiru argitalpenak.

Testuen idazleak, bildumaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)
Testuen idazleak, bildumaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bi helbururekin sortu du Susa argitaletxeak Ganbila bilduma. Batetik, euskal teatrogintzaren baitako dramaturgia mota ezberdinen lekukotza ematea eta, bigarrenik, ibilbide luzea duten euskal sortzaileen lana jasotzea, transmititzea eta kokatzea. Hala azaldu du bildumaren aurkezpenean Oier Guillan dramaturgo eta antzezleak. Bera izango da Ganbila bildumako editore taldeko buru.

«Teatroa da literatura izateari uko egiten dion literatur genero bakarra», iritzi du Guillanek bildumaren aurkezpenean, dramatugoak bere burua idazletzat gutxitan hartu izan duela nabarmenduz, baina antzerki obrak argitaratzearen garrantzia nabarmendu du, batez ere transmisioari begira. Antton Luku-ren hitzak bere eginez, «belaunaldi berriak aldiro hutsetik hasten direla saihestea, horiek inspiratzea eta probokatzea» dutela helburu ziurtatu du.

Alde horretatik, argitalpenetan antzerki-obrak jasotzeaz batera dramaturgoaren inguruko oharrak eta obraz egiten duen gogoeta eta bestelako materiala ere bilduko dutela aurreratu du, obraren eta, beraz, euskal antzerkiaren inguruko hausnarketa sakonagoa bideratzeko.

Bilduma EHAZE-rekin (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) elkarlanean sortu du Susak eta argitalpenak liburu-dendetan topatzeaz gainera harpidetza egiteko aukera ere izango da. Hiru ale argitaratuko dituzte udazkenean, eta beste hiru udaberrian: 48 euroren truke, sei antzerki-obraren testuak izango ditu eskuartean antzerkizaleak.

Lehen hiru aleak jada kalean dira. Lehenak Miren Tirapuk idatzi eta berak sortutako Beheko Larraine konpainiak oholtzaratu dituen bi obra biltzen ditu: ‘Atte hil aurretik’ eta oraindik antzokiz-antzoki dabilen ‘Manifestu bat’. Bigarren liburukiak estreinatu berri den obra baten testua jasotzen du, Patxo Telleriaren ‘Simplicissimus’ (Tartean teatroa) kabareta. Hirugarrena belaunaldien arteko transmisioaz gogoetatzen duen lan bat da, Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako ‘Francoren bilobari gutuna’ (2017ko Donostia Antzeri Saria).

Udaberriko argitalpenak ere aurreratu dituzte: Eneritz Artetxeren ‘Isiltasuna’, Kepa Errastiren ‘Mami Lebrun’ eta Sarah Kane-ren ‘4.48 psikosia’.