Maite Ubiria
BAIONA

Biribilgunetik biribilgunera, erretreten erreformaren aurkako martxa Baionan

2.000 lagunek bat egin dute, gaur Baionan, sindikatuek erretreten erreforma salatzeko luzatu duten mobilizatzeko bigarren deialdiarekin. Iragan abenduaren 5ean abiatu zen protestari segida emanez, Gran Basque biribilgunean hasi eta San Leongo biribilgunean bururatu den mobilizazioaren ondotik hitzordu berri bat eman dute gizarte eragileek, etzirako, Angelun.

Manifestariak Gran Basque biribilgunean. (Guillaume FAUVEAU)
Manifestariak Gran Basque biribilgunean. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako Gran Basquen goizean goizetik giro berezia sumatzen zen. Lehenik Force Ouvriere sindikatuko furgoneta errepide alboko bidexka batean gelditu da. Handik gutxira, CGT eta FSU sindikatuetako lagunak bertaratu dira, autoz, biribilgunetik bestaldean Polizia adi begira zutela.

Txaleko Horien mugimenduetako ordezkariak lagun artean heldu dira. Hamar minutu falta zirela erretreten erreforma salatzeko xede zuen ekimenari hasiera emateko LAB sindikatuko kotxe-karabana bertaratu da, eta Txaleko Horien banderola eskuan zeraman andereak harrera zinez beroa egin die sindikatu abertzalearen grebalariei.

Biribilgunea okupatu dute ondoren, bide batez A63 autobidearen sartu-irteera blokeatuz. Baionako erietxeetako langileak, Turbomeca edo Dassault enpresetako beharginak, irakasleak, erizainak, ikasleak, pentsiodun zein jardunean diren langile prekarioak. Gran Basquen erretreten erreformak gizarte zabalarengan eragiten duen kezka agerian geratu da.

Banderola edota pertsonalizatutako afitxen bitartez, II. Mundu Gerraren ostean Estatu frantsesean, borrokaz borrokaz, eratu zen ongizatearen ereduari herritar gehienek dioten atxikimendua agerian utzi du ekimenak.

Txaleko Horidun eta poliziak buruz buru

Autobidearen sarbidea babesten ari ziren poliziengana hurbildu dira Txaleko Horien mugimenduko hamarnaka lagun batzuk. «Zatozte gurekin» oihu egin diete ordurako kaskoa eta ezkutua jantzita zituzten uniformedunei. Handik gutxira, txaleko horidun batek, besoak altxatuz, «sindikatuko kideak etor zaitezte!» gehitu du.

Polizia eta txalekodunen arteko buruz burukoak ez du luze jo, martxa abiatzeko agindua fite heldu baita. San Leongo biribilgunetik mantsoki abiatu dira manifestariak, eta trafikoa normaltasuna itzuli da Lapurdiko hiriburuko sarbide horretan.

Saint Frederic zubia zeharkatuta, kantu eta oihu artean, martxak Lapurdiko zubia bereganatu du. Ordurako goizean goiz ibai bazterrak estali dituen lainoa desagertu eta eguzkiak Baionako karrikak berotzen zituen.

«Dagoeneko erretretan naiz, baina hona etorri naiz pentsatzen baitut indar bat egin behar dugula, denon artean, guztiendako kaltegarria den erreforna hori gelditzeko», azaldu digu Louis-ek. FSU sindikatuko banderola harrotasunez atxikiz «gauza handia da, hemen, gaur, denok batera karriketan ibiltzea» gehitu du.

Elbarritasun handiak dituzten pertsonen zaintzan jarduten duen Nicole hainbat lankidekin batera etorri da manifestaziora.

«EHPAD egoitzetako langileok urte osoan zehar protestak egin ditugu egoitzetako, gure lan baldintzen zein egoliarren eskubideen alde, eta gaur ere hemen gaude, denon etorkizuna delako jokoan», nabarmendu du.

Marie eta Jean-Paul, 80 urtetik gorakoak biak, Jean Dauger stadium parean aurkitu ditugu, espaloitik martxari begira. «Ezin dugu gehiago horrelako martxa luzeak egin baina gu ere haserre garelako hurbildu gara, bizitza osoan lan egin ondoren pentsio duin bat eskuratzea gutxienekoa da».

Ogitartekoak prest, baita hurrengo mobilizazioen egutegia ere

San Leonera helduta, trafikoa moztu eta biribilgunea okupatu dute manifestariek. Erdiko berdegunean CGTko hainbat kidek mahaitxo bat zabaldu eta ogitartekoak prestatzeari ekin diote. Bi ordu eta erdi luzatu den manifestazioaren ostean piknika egiteko ordua.

Azkeneko hitza hartu du intersindikaleko kide batek, Macronen erreforma bertan behera uzteko mobilizazioekin jarraitzeko gomita luzatuz. Hurrengo hitzordua etzi izanen da, Angelun, baina ondoko asteotan «deialdi gehiago izanen direla» oharra egin du hizlariak.

Furgoneta sabaira igo da tren-langile bat eta SNCFren baitan zazpigarren greba eguna dutela azaldu eta gero, «jarduera ekonomikoa eteteko gai izanen den borroka antolatzeko beharra» defendatu du. Enpresaz enpresa gogoeta pizteko gomita luzatu du, «beste biderik ez baitago eskura dugun garaipena lortzeko». Gobernuak agindutako erreforma irteerarik gabeko bidera eramateko nahikoa indar biltzeko gai izanen duten itxaropenaz txalo zaparrada artean amaitu da erretreten defentsan antolaturiko bigarren mobilizazio eguna Baionan.