NAIZ

Nikolas Segurola fraideak jasoko du ENBAren «Baserritarron laguna» saria

ENBA nekazal sindikatuak, «Baserritarron laguna» sariaren laugarren edizioan, Nikolas Segurola fraidea sarituko du bere bizitzan artzantzaren alde egindako lan zabala eta oparoa eskertu asmoz. Saria urtarrilaren 26an, Urnietako Salesiarren Ikastetxean ospatuko duten ENBAren Batzar Orokorrean banatuko dute.

Nikolas Segurola, fraide frantziskotarra. (ENBA)
Nikolas Segurola, fraide frantziskotarra. (ENBA)

Nikolas Segurola fraideak jasoko du ENBAren «Baserritarron laguna» saria. Nekazal sindikatuak banatzen duen sariaren laugarren edizioa da aurtengoa. Segurolak bere bizitzan artzantzaren alde egindako lan zabala eta oparoa eskertu asmoz eskainiko diote saria.

«Artzainen ogibidea eta bizimodua duina aldarrikatu eta landu, artzainen formazioa lehenetsi  eta etorkizunari begirako oinarriak ipini asmoz, Gomiztegiko Artzain Eskolaren sustatzaile nagusia izan da», adierazi du ENBAk. Artzaina, ardi latxa eta gazta izan dira bere jomugak.

«Nikolas fraide frantziskotarra izanik, Arantzazuko anaidiaren babesa eta laguntzaz baliatu izan da eta honenbestez, Nikolasen sariaz baliatu nahiko genuke, Arantzazuko anaidiaren babesa ere bide batez eskertzeko», azpimarratu du nekazal sindikatuak.

Saria urtarrilaren azken igandean, urtarrilaren 26an, Urnietako Salesiarren Ikastetxean egingo den ENBAren Batzar Orokorrean banatuko dute.

Baserri munduaren defentsan

Baserritarron Laguna sariaren helburu nagusia, nekazal sektoretik kanpo, beraien ohiko lanaren bitartez, nahita edo inkonstzienteki bada ere, nekazaritza, baserritarren zeregina eta baserri munduaren defentsan lan egiten dutenak saritzea da.

Saria bi urtean behin banatzen da. Duela sei urte Jaime Zubia saritu zuten eta berarekin batera "Baserria" irrati saioa. Orain 4 urte, "Amama" filma saritzea erabaki zuten, filmak luzatzen duen mezua (baserriaren garrantzia, naturaren zaintza, gure herriarekiko lotuta dagoen kultura bat, etb) aitortu asmoz; eta orain 2 urte, "Sustraia" telebista saioa saritu genuen.