NAIZ

Gasteizko Gazte Komiteak urtarrilaren 30an «kaleak hartzera» deitu ditu gazteak

Urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorrarekin bat egin eta «kaleak hartzeko» deia luzatu die gazteei Gasteizko Gastez Komiteak. Mobilizazioak ere iragarri dituzte.

Andra Mari Zuriaren enparatzan egin dute agerraldia. (HALA BEDI)
Andra Mari Zuriaren enparatzan egin dute agerraldia. (HALA BEDI)

Gasteizko Gazte Komiteak agerraldia egin du larunbat honetan Andra Mari Zuriaren enparantzan urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorrean gazteei «kaleak hartzeko» deia luzatzeko.

Komiteak gogora ekarri du urtarrilaren 30ean kalera ateratzeko arrazoi ugari dituela gizarteak, eta bereziki gazteek. «Egungo testuinguru sozioekonomikoan ematen ari den prekarizazio orokortuak, gazteok modu berezian kolpatzen gaitu. Enplegu prekario askok gazte aurpegia daukate, etxebizitza merkatuan ematen den espekulazio geldiezinak gure emantzipazioa oztopatzen du, gure lan baldintzak ez dira duinak: kontraturik gabe egiten dugu lan, enplegu bat baino gehiago daukagu, lan-aldi partzialak eta aldi baterakoak izaten ditugu... Gazteok baldintza hauetan bizitzera ohitzen ari gara, eta hau oso larria da», iritzi dute.

Hala, sistemak gazteak «desmobilizatuta eta atomizatuta mantentzeko interes berezia» daukala argudiatu eta, greba egiteko «indarrak eta baldintzak» badaudela sinetsita, urtarrilaren 30ean «gazteen presentzia aktiboa» izatea «ezinbestekotzat» jo dute. «Gazteok ezin dugu indibidualismoaren amua irentsi, eta ez dugu egingo. Greba honetan gazteria haserre eta prest dagoela erakutsiko dugu. Orainarekin erantzukizunez jokatuko dugu, etorkizuna irabazteko».

Gerba orokorraren aurretik hainbat mobilizazio ere antolatu dituzte. Urtarrilaren 9an bilkura egingo dute 19.00ean Hala Bedi ondoko lokalean, hilaren 10erako ‘Kontsumo basatia blokeatu!’ ekimena antolatu dute (18.00, Desanparadasen), 16an bizikleta tailerra egingo da, 17an ‘pankarta kedada’ (16.00, Judimendiko auzo elkartean) eta 23an ‘Atxiloketa baten aurrean zer?’ tailerra egingo da.