Ramon SOLA- Martxelo DIAZ

«Agenda demokratizatzailean» sakonduko du EH Bilduk, honelakoak behingoz bukatzeko

Gaurko atxiloketak Euskal Herrian dauden «aukera leihoak zapuzteko eta baldintzatzeko asmoarekin» egin direla eta horien atzean «Estatu sakona dagoela» nabarmendu du Sortuko Arkaitz Rodriguezek. EH Bilduko Maddalen Iriarteren hitzetan, «agenda demokratizatzailea» geldiarazi nahi dute, baina ez dute lortuko.

Maddalen Iriarte, premiazko agerraldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Maddalen Iriarte, premiazko agerraldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gaurko lau atxiloketak abian den «agenda demokratizatzailea»ri Estatuko zenbait boteregunek emandako erantzuna dela ziurtatu du EH Bilduk, Donostian eguerdian egin duen premiazko agerraldian. Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko eledunak hartu du hitza.

Iriartek gogoratu duenez, EH Bildu ari da agenda hori bultzatzen beste indar batzuekin batera, eta horretan segituko du oztopo guztien gainetik, Euskal Herriak «ez duelako gaur bezala esnatzea merezi. Errepresioarekin bukatu beharra dago».

Lau atxilotuak «politika egiten duten pertsonak» eta gainera «bakea eta elkarbizitza» sustatzen ari direla ekarri du gogora Iriartek. Horietako bi, San Vicente eta Altuna hain zuzen ere, EH Bilduko herrialdeetako Mahai Politikoetako kideak direla oroitarazi du. Honengatik ere, gaur Guardia Zibilak egindako «oso larria» dela ziurtatu du.

Gauzak honela, «euskal gizarteak ezin du geldirik egon», aipatu du Iriarte, eta deia egin die alderdiei zein sindikatuei erantzun «tinkoa» emateko. «Hau ez da bidea», berretsi ondoren, «agenda demokratizatzailean» sakontzeko konpromisoa oso argi utzi du EH Bilduko ordezkariak.

Sortu: «Estatu sakona»

Gaurko atxiloketak «kontestu jakin batean» eman direla eta horrek hauen arrazoiak azaltzen dituela nabarmendu du bere aldetik Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek, ordubete lehenago Donostian egin duen agerraldian. Sortuko kideak diren lau atxilotuei eta ingurukoei elkartasuna adieraziz hasi da Rodriguez.

Euskal Herrian dispertsioaren kontra eta espetxe politika berri baten premiaren inguruan sortu den kontsentsurik handiena eta Estatuan sortu berri den Gobernuak Katalunian (eta baita Euskal Herrian ere) gatazka politikoa dagoela onartu duenean eman direla atxiloketak nabarmendu du Rodriguezek.

Atxiloketa hauek ez dutela logika juridikorik gaineratu du Rodriguezek, «Estatu sakonak» («ultraeskuindar polizial, judizial eta mediatikoak» gisa definitu du) «zabaldu den konponketareko aukera zapuzteko» helburu dutela gaineratu duelarik.

«Ongi etorriena aitzakia baino ez da», nabarmendu du, Quim Torraren salaketa eta zigorra lazo horietan oinarritzea bezala. «‘Estatu sakonak’ aukerak baldintzatzeko eta lokazteko, aukera leihoak ixteko» erabili nahi dituela atxiloketak gaineratu du Rodriguezek.

Halere, «Estatu sakon» horren asmoak ez direla gauzatuko gaineratu du Sortuko idazkari nagusiak, «ezker abertzalea eta independentismoa orohar ez baitute milimetro bat ere mugituko».

«Ez dute ezer ulertu ezker abertzalea eta independentismoa horrela baldintzatuko dutela uste badute», esan du Rodriguezek, aldez aurretik konponbide demokratikoaren eta ETAren desarmea eta urtze beraren kontra antzeko operazioak ere izan direla gogoratu ondoren.

Gauzak horrela, deialdia egin dio Euskal Herriko klase politikoari egoera honen aurrean erantzun bat emateko.

Sare: «Iraganera begira jarri gaitu»

Sareren iritziz, atxiloketa hauekin «adierazpen eta manifestazio eskubidea berriz ere urratu da oposizio politikoa egin nahi duen botere judizialarengatik».

Defendatu du demokrazia batean «inoiz» ezin dela «pertsona baten senide eta ingurukoen poza azaltzeko eskubidea lapurtu» eta gogoratu du «kasu askotan preso hauek muturreko egoera batean» bete dutela ezarri zieten zigorra.

Bakea eta elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsi du Sarek eta nabarmendu du hori «uztargarria» dela «indarkeria ezberdinetako biktima guztiekiko errespetu eta babes osoa erakutsita».