NAIZ

Bisean bisekoak eta presoak kalera ateratzea, debekaturik Estatu espainoleko espetxe guztietan

Estatu espainoleko 69 kartzeletan erabaki gogorra hartu du Gobernu espainolak, koronabirusa dela eta. Aurrerantzean, bisean bisekorik ez da izango eta presoei emaniko kaleratzeko baimenak ere bertan behera utzi dituzte.

Logroñoko espetxea. (Jon URBE/FOKU)
Logroñoko espetxea. (Jon URBE/FOKU)

Orain arteko neurriak nabarmen gogortu ditu Espetxe Zuzendaritzak, ‘El Pais’ek aurreratu duenez. Zaballa, Logroño, Burgos, Palencia, Ocaña eta Madrilgo espetxeetan mugimenduak murrizteko erabakiak iragarri zituzten jada asteartean, baina 48 ordu beranduago Estatu osora zabaltzea deliberatu du. Eragin oso zabala izango du, beraz, 50.800 preso hartzen baitituzte 69 kartzela horiek.

Ez da oraindik zehaztu noiztik aplikatuko den, ez eta noiz arte zabalduko den ere. Baina erabakia indarrean den bitartean bisean bisekorik ez da onartuko, soilik lokutorioetan kristalaz banatutako bisitak.

Presoak baimenen bitartez edo bestelako modutan kalera ateratzea ere ez da onartuko. Xabier Agirre eta Marta Igarriz euskal presoei asteartean jakinarazi zitzaien erabakia, NAIZek argitara eman zuenez.

Honen eragina moteltzeko-edo, astero telefonoz dei gehiago batzuk ahalbidetuko zaizkie presoei: erregimen arruntean daudenek 15 izango dituzte, ez 10 orain arte bezala; eta dei horiek jada murriztuta zituzten espetxeratuen kasuan 8tik 12ra pasako dira.

Koronabirusa gelditzeko ahaleginean kokatzen dira neurri hauek. Momentuz bi pertsona kutsatu dira Estatuko espetxeetan: Madrilgo Aranjuezen diharduen funtzionario bat eta Zaballako preso bat, azken hau itxuraz ertzain batek kutsatua.