naiz

Arnaldo Otegi: EH Bilduk ez du parte hartuko Moncloako Itunen reedizioan

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Arnaldo Otegik, adierazi du koalizioak ez duela parte hartuko «Moncloako Itunen reedizioan». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ekonomia berrabiarazteko proposatutako neurriak dira, eta Otegik ohartarazi duenez, Covid-19aren ondoriozko konfinamendutik bermerik gabe ateratzeak «irteerako laukira» eraman gaitzake.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Otegik prentsaurreko birtual batean egin ditu adierazpen horiek, eta aditzera eman du alderdi subiranistak erabakiko duela, astelehenean Mahai Politikoak egingo duen asteleheneko bileran, Sanchezek larunbatean iragarri zuen alarma-egoeraren luzapenaren inguruan zer jarrera hartuko duen Kongresuan.

Hala ere, Otegik aurreratu du EH Bilduren erabakia «koherentea» izango dela orain arte izan duen jarrerarekin, eta gogorarazi du aurreko bozketetan abstentzioaren alde egin zuela.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak argi utzi du koalizio subiranista ez dela egongo Moncloako Itunen balizko berredizio batean. Haren iritziz, prozesu horretan «eskubide sozial eta ekonomikoak birzentralizatu, urratu eta murriztuko dira, eta formula neoliberaletara itzuliko dira».

«Euskal Herriak talentua, energia eta gaitasun intelektual, ekonomiko eta enpresariala ditu, hemen eztabaidatu eta herrialde honek behar duen bigarren eraldaketarako beharrezkoak diren estrategiak abian jartzeko», azpimarratu du.

Bere esanetan, krisiaren hasieratik Covid-19aren pandemia geldiarazteko konfinamendu «zorrotzaren beharra» defendatu zuen EH Bilduk, eta konfinamenduaren osteko faseari, «bermeekin» ekitearen alde agertu da.

Bere iritziz, «hasieran berandu iritsi zirenek oso azkar iritsi nahi dute amaierara, eta hori arduragabekeria larria izan daiteke, berriz ere irteerako laukira, hots, konfinamendu orokorrera, eramateko arriskua baitago».

EH Bilduk proposatzen duen neurrietako bat «test masiboak» egitea da, bi galderei erantzuteko: «populazioaren zein zatik igaro duen birusak eta zein zati den immunea» eta «nork jarraitzen duen kutsatuta».

Otegiren ustez, beharrezkoa izango litzateke, halaber, «tresna digital bat izatea, ez kontrol sozialerako —zehaztu du—, baizik kutsatuta dagoen jendeari jarraipena egin ahal izateko eta infekzio-gune berriak zein izan daitezkeen garaiz detektatzeko».

Arnaldo Otegik gogora ekarri ditu pandemia honetan hildakoak eta haien familiak, «muturreko egoeran» agur esatera behartuta baitaude, eta «pandemiaren aurka lehen lerroan» borrokatzen diren profesionalak aintzatetsi ditu.