Naiz

Baionako bestak bertan behera utzi dituzte

Heldu den uztailaren 29tik abuztuaren 2ra ospatzeko ziren Baionako Bestak bertan behera utzi dituzte Covid-19 birusak eragindako izurritaren ondorioz. Horren ordez ez da baztertzen udazkenean ospakizun bereziren bat antolatzea.

Baiona Ttipia jendez gainezka, iazko besten karietara. (Bob EDME)
Baiona Ttipia jendez gainezka, iazko besten karietara. (Bob EDME)

Baionako besten antolaketa beregain hartzen duen batzordeak jakin berri duenez heldu den uztailaren 29tik abuztuaren 2ra ospatzeko ziren bestak bertan behera gelditu dira.

Batzordeko 35 kidek bideokonferenziaren bidez bilera egin zuten joan zen ostiralean.

Gaur arratsaldean "Sud Ouest" egunkariak jakitera eman duenez, batzordeko ordezkariek «adostasun zabal batekin» ospakizunak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten.

Litekeena da heldu den udazkenean ospakizunaren bat egitea. Hala ere ekimen horrek ez luke inondik inora jaietako formato masiboa hartuko.

Bileran parte hartu zuten udal talde guztiek bat egin zutela erabakiarekin nabarmendu du Jean-René Echegaray auzapezak.

«Inork ez du arriskurik hartu nahi eta denek zuhurtziaz jokatzeko hautua babestu dute», gaineratu du Etchegarayk.

Ekaina aitzin beste bilera bat eginen du besten batzordeak, oso aldakorra den egoeraren gainean hausnarketa berria egiteko eta hortik aurrera erabakiak hartzeko.

Baionako bestak ez direla aurten egingo ziurtzat eman daiteke, beraz.

Izan ere, egoerak hobera eginen badu, «uda ondoren» ospakizunaren bat antolatzeko atea ez du guztiz itxi Baionako auzapezak, «besta egitea terapia bat delako».