Asier AIESTARAN

Orioko arraunlariak larunbatean itzuliko dira taldeko entrenamenduetara

Lehenik, arraunlariei eta haiekin gertutik lan egiten duten pertsonei test serologikoak egingo dizkiete, 85 guztira. Ondoren, «osasun krisi egoera honen neurrira egokituko diren ariketak» egingo dituzte.

Ergometroak Orioko Arraunetxean (Jon URBE / FOKU)
Ergometroak Orioko Arraunetxean (Jon URBE / FOKU)

Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi duenez, bere arraunlariak larunbatean itzuliko dira taldeko entrenamenduetara. Prentsa ohar baten bitartez azaldu duenez, «osasun krisi egoera honen neurrira egokituko diren ariketak» egingo dituzte lehen saio horretan.

Aurrez, arraunlariei eta haiekin gertutik lan egiten duten pertsona guztiei test serologikoak egingo dizkiete. Orio Arraun elkarteak zehazten duenez, guztira 85 test egingo dituzte, «ligako taldeen artean kopuru handiena». Kontuan izan behar da «seniorren hiru ontzietako neska eta mutil arraunlariak, laguntzaileak eta zuzendaritza taldeko kide guztiak» daudela testa egingo zaien pertsonen artean, «segurtasuna eta osasun arauak bermatuak egon daitezen».

Salvagno, urrezko dominarekin azkenean

Ohar berean, Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi du Leandro Salvagno bere arraunlariari Panamerikako Jokoetan irabazi zuen urrezko domina ez diotela kenduko. Aulki mugikorrean Uruguaiko selekzioarekin irabazi zuen domina hori, baina gero kendu egin zieten arraunlarietako batek ustez positibo eman zuelako. Aste honetan jakin denez, ordea, Munduko Arraun Federazioak arraunlaria ez zigortzea erabaki du, ustezko positibo hori administrazio akats baten ondorioa izan zela onartuz.