Izkander Fernandez

Nøgen bere energia osoz, agertoki bero eta intimo batetik

Emozioa zen nagusi NAIZ Kontzertuen pasa den asteko lehen kontzertuan, tunel ilun eta luze baten amaierako argia ikusiko bagenu bezala sentitu ginen. Gaur Nøgenek eraman du Sanagustin kulturgunera eta milaka etxetara zuzeneko musikaren magia.

Borobilean, erdi-erdian eta elkarri begira aritu dira gaur Nøgen-ekoak. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Borobilean, erdi-erdian eta elkarri begira aritu dira gaur Nøgen-ekoak. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Egun berezia izan da Nøgen taldearentzat gaurkoa: kanta eta bideoklip berria argitaratu ditu eta ia 3.200 etxeko publiko potentzial baten aurrean estreinatu dira, joan den astean guztiz eraginkorra eta sutsua izan zen formatu batean.

Eta lehen sorpresa kontzertua hastearekin bat. Sorpresa izango ote da nagusi astero NAIZ Kontzertuetan? Sanagustin Kulturgunean kokapen berria ikus zitekeen. Taldea agertokiaren erdian kokatuta agertu da, elkarri begira. Inguruan, ezarrita eta segurtasun tarteak eta neurriak betez, publikoa. Zurak, alfonbrak eta giro intimoak 90. hamarkadan zehar MTVk Unplugged kontzertuetan diseinatutako agertokiak emulatzen dituzte. Berriro ere, pasa den astean bezala, plano polita gure pantailetan musika hasi baino lehen.

'Mila Aldiz' izan da kontzertuari hasiera eman dion kantua. Gaur bertan estreinatutako single berria zuzenean entzun dugu lehen aldiz eta emanaldiaren amaieran abestiaren bideoklip berria eskaini dute zuzenekoa isteko. Taldea bere lanean sartuta agertu da Sanagustineko aretoan, buru belarri, betiko energia eta konplizitatearekin. Bata bestearen atzetik 'D&D', 'Itzuli neri' eta 'Marean' entzun ditugu. 'Hil Arte Bizi' kantarako Markel Idigorasek bertoko eta etxeko publikoaren laguntza eskatu du eta aretoko publikoak, behintzat, era bikain batean erantzun du.

Nøgen gure eszenaren izaera birsortzailea eta hedakorra ulertzeko balio duen taldea da. Norvegian bizitako Erasmus abentura batetik sortuak, Donostiakoak aitzindariak izan dira gure musikan pop, folk eta indie alaiaren doinuak nahasten. Mumford & Sons, Of Monster And Men, La Maravillosa Orquesta del Alcohol edo The Lumineers erreferentziak ez zeuden gure hizkuntzan, baina Nøgenek egoki aktibatu ditu.

'Keari' kantaren aurkezpenean, Eider Saezek, Nøgeneko abeslariak, NAIZ Kontzertuetan parte hartzea «pribilegio bat» dela esan du, «erdian gaude, jende artean, baina nolabait, entsegu-lokalean egongo bagina bezala». 'Keari' kantuak lotsak askatzeko balio duela dirudi. Pasa den astean Gatiburekin gertatu zen bezala, kanta batzuk behar izan dituzte Nøgenekoek tentsioa askatu arte. Markelen ukelelearekin arazo teknikoren bat izan duten arren, Donostiako boskoteak aurrerantz eta gorantza egin du hurrengo abestiekin.

'Ez da ondo aterako' Nøgenen lehenengo arrakasta garrantzitsua izan zen. Bertan, La Maravillosa Orquesta Del Alcohol taldeko David Ruízek hartu zuen parte. Nahiz eta bere agerpenarekin broma batzuk egin Naiz Irratiko Bigarren Kafea saioan, Burgosekoa ez da agertu. Alex Irazusta gitarra-jolea izan da, modu ezin hobean, Ruizen ahots zatiez arduratu dena. 'Ez da ondo aterako' single usaina duen abestia da, premisa gazi-gozo batetik hunkitu, animatu eta pozten zaituena.

Jarraian, taldea ezohiko agertokiaren erdialdean batu da 'Loreak' interpretatzeko, unean uneko emozioak erabat tenkatuta zituen eztarriak erabiliz. 'Gertu' izan da kontzertuaren erdiguneko blokea itxi duen kanta.

Markel Idigorasek Nøgeneko ekipoari, «gure atzetik dabilena eta ikusten ez denari», eskaini dio 'Oxigenoa' kanta epikoa. Koroak eta jaia izan dira nagusi hemendik aurrera eta horren adierazle izan dira kontzertua borobiltzeko jo dituzten 'Nora' eta 'Enarak' kantuak.

Jai giroa nagusi Sanagustin kulturgunean NAIZ Kontzertuak ekimenaren bigarren saioari agur esateko. Hurrengo astean, Zetak-en txanda.