Gure Zirkuak emanaldiak erantsi eta abuztu osoan izango da Orion

Gure Zirkuak aurrez iragarrita zituen 23 emanaldiek izan duten «erantzun bikaina ikusita», taldeak beste hamar saio iragarri berri ditu abuztuaren 30era bitarte. Emanaldietarako sarrera dagoeneko salgai daude bere atarian.

NAIZ|ORIO|06/08/2020
Gure_zirkua
Gure Zirkua abuztuaren 30era arte egongo da Orion. (Jon URBE I FOKU)

Iragan uztailaren 17an ekin zion Gure Zirkuak 2020ko birari Portugaldik ekarritako karpan, koronabirusaren eraginez ezarri diren distantzia eta garbitasun neurri guztiak bermatu ahal izateko; halako izan arrakasta eta publikoaren aldetik jaso duten harrera beroa, orduan iragarri zituzten 23 emanaldiei beste hamar erantsi dizkiotela orain. Hala, ostegun honetan iragarri duenez, abuztuaren 30 arte luzatu du Orion egonaldia.

Guztira, beraz, 33 emanaldi izango dira. «Gure Zirkuak bihotzez eskertu nahi du karpa Orion altxatzea erabaki zuenetik jaso duen erantzuna. Taldeak bazekien apustua ez zela erraza izango, zailtasunak aurkituko zituela bidean, baina jada ez du zalantzarik aurtengo ahaleginak merezi izan duela. Covid-19ak eragindako ezohiko egoeran ere, jada milaka batzuk izan dira segurtasun osoz zirkuaz gozatzera etorri diren ikusleak. Haien babesak eta txaloek eman diote Gure Zirkuari apaltasunetik baina erabakitasunez aurrera jarraitzeko kemena», adierazi du lan taldeak.

Zabaldu duten oharraren arabera, asteko bost emanaldi eskaintzen jarraituko du taldeak, asteazkenetik igandera bitarte, arratsaldeko 19.00etan, Orioko Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko berdegunean.

Egoera aldakorra dela jakitun, uda honetan Orion kokaleku egonkorra jarri du, eta gauzak ondo, abuztu amaiera arte bertan jarraitzeko asmotan da taldea. Nolanahi ere, eta testuingurua nahiko aldrebesa denez, emanaldiak pixkanaka iragarriko dira, eta unean-uneko osasun-egoeraren arabera erabakiko dira aurrera begirako urratsak.

Sarrerak jada interneten, www.gurezirkua.eus gune berrian eta Orion bertan, zirkuko txarteldegian daude salgai.