Asier AIESTARAN

Ansa II.ak eta Juaneneak emango diote hasiera Buruz Buruko Txapelketaren azken faseari

Aspaldiko partez ostegunez ateak irekiko ditu Galarretak, antzekotasun handiko bi erremontisten arteko neurketa ustez parekatua hartzeko. Eskuari dagokionez, emakumezkoen Udako Laboral Kutxa Torneoaren lehen finalerdia jokatuko dute Irunen.

Juaneneak maila bikaina eman du aurreko fasean (Maialen ANDRES / ORIAMENDI)
Juaneneak maila bikaina eman du aurreko fasean (Maialen ANDRES / ORIAMENDI)

Buruz Buruko Kutxabank Torneoaren benetako lehia ostegun honetan hasiko da final laurdenetako ligaxkaren aurreneko partidarekin. Jaialdiko bigarren neurketan Ansa II.a eta Juanenea neurtuko dira, Galarretak berriz ateak ireki zituenetik ostegunez jokatuko den lehen jaialdian.

Final-laurdenetako fase honetan hiru erremontistaneurtuko dira, aipaturiko Ansa eta Juanenea eta Goikoetxea. Hiru partida jokatuko dira ostegun-larunbat-ostegun, eta ligaxka irabazten duenak finalerdietarako txartela lortuko du.

Aurreko urtean Ansa II.ak jokatu zuen azken ligaxka hori, baina aurten sailkatzeko Juanenea eta Goikoetxea V.a gainditu beharko ditu eta ez da erraza izango. Juaneneak erakutsi du aurreko partidetan sasoi betean dagoela eta erraz irabazi ditu bere demak. Goikoetxeak ere erakutsi berri du 50. urteurreneko txapelketan bere jokoak gorakada nabaria izan duela.

Horregatik, norgehiagoka parekatua espero da ostegun honetan antzekotasun handiko bi erremontisten artean. Bi aurrelariek maila parekoa dute, eta jokatzeko era ere antzekoa da. Biak jotzaileak dira, baina agian Ansak ahulgunea defentsan du batez ere eta Juaneneak erasoko jokoan. Aurrelariak izanda sakearen garrantzia handia izango da eta sakatzen asmatzen duenak garaipena gertuago izango du.

Emakumezkoen finalerdia

Sei astetako ligaxkaren ondoren, Laboral Kutxa Udako Torneoa sartu da bere une erabakigarrienean eta abuztuaren 27an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handirako lehen txartela izango dute jokoan ostegun honetan Irunen (20.00etan) Reyes Azkoitiaren eta Erlantz Garciaren taldeek.

Txapelketaren lehen fasean ikusitakoaren arabera, Olatz Arrizabalaga (Gernika), Irantzu Etxebeste (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatutako Reyes Azkoitiaren taldea izan daiteke faboritoa, ligaxka lehen postuan amaitu zuen eta. Olatz Arrizabalaga sekulako maila ematen ari da buruz buruko partidetan eta gernikarraren puntuek asko balio dute horrelako txapelketa batean.

Andrea Aldaregia (Latasa), Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate) eta Naroa Agirrek (Zestoa) ezin izan zuten garaipenik lortu lehen fasean, baina Erlantz Garciaren taldeak ere baditu edonori irabazteko pilotariak. Agian Olatz Ruiz de Larramendiri kosta egin zaio orain arte jokoan sartzea, baina atzelari nafarrak bere eskuina askatzen badu ez dago gaur egun Eulatekoa dominatu dezakeenik.