NAIZ

Lakuako Gobernuak patronalaren tesiak defendatu ez ditzala eskatu dio LABek Idoia Mendiari

Astelehen honetan izandako bilera batean, «eredu ekosozialista eta feminista baterako trantsizioa beharrezkoa dela» adierazi dio LABek Lakuako Gobernuko Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiari. Sindikatu abertzaleak hainbat proposamen helarazi dizkio enpleguaren, zerbitzu publikoen, babes sozialen eta fiskalitatearen eremuetan.

Idoia Mendia, lehendakariorde eta Lan sailburua, LAB sindikatuko idazkari nagusiarekin, Garbiñe Aranbururekin, bildu da. (Raul BOGAJO/FOKU)
Idoia Mendia, lehendakariorde eta Lan sailburua, LAB sindikatuko idazkari nagusiarekin, Garbiñe Aranbururekin, bildu da. (Raul BOGAJO/FOKU)

Lakuako Gobernuko Lan eta Enplegu sailburu berria den Idoia Mendiarekin bilera izan dute astelehen honetan Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Xabier Ugartemendia sindikatuaren Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak.

LABek adierazi duenez, enplegu integraleko plan baterako proposamena helarazi dio Mendiari. «Plan horrek lan-erreformak indargabetu behar ditu, eta enpleguaren suntsipena geldiarazteko eta enplegua duintzeko neurri zehatzak hartu», argitu du sindikatu abertzaleak.

Bestetik, zerbitzu publikoak indartzeko «beharra» planteatu dio LABek. Hezkuntzan, osasunean eta azpikontratetan mobilizatzen ari diren langileen eskaerei erantzuten eskatu dio. «Horretarako, langile gehiago kontratatu eta ratioak jaitsi behar dira, pribatizatu diren zerbitzuak publifikatu behar dira; azken batean, inbertsio handiagoa behar da. Hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke».

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma egiteke dagoela ere gogoratu du LABek. Azken urteotako murrizketa guztiak atzera botatzea planteatu du eta babes sozialeko esparru guztietan estaldura sistema zabaltzea.

Orokorrean, LABek «patronalaren tesien aurkako jarrera argia har dezala» eskatu dio Mendiari.

«Ezer ez edo gutxi aldatu dela, Eusko Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko tandemak jarraituko duela eta Enplegu Sailaren politikak ia aldatuko ez direla» iritzita atera da Aranburu bileratik. Halaber, Lakuako Gobernua «Madrilgo politiken sukurtsala» izango dela uste du LABek, ez baitu lan-harremanetarako esparru propioa garatzeko «borondate politikorik» ikusten.

Gainera, Iñigo Urkulluren kabineteak «gehiengo sindikalari bizkarra ematen» jarraituko duela iragarri du, eta, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren eredua ikusita, LABek «elkarrizketa sozialaren fartsa horretan» parte hartu gabe jarraituko duela gaineratu du.

Idoia Mendia

Joan den astetik sindikatuekin eta EAEko patronalarekin izan dituen aldebiko bileren ostean, Mendiak esan du bilera horiek «oso probetxuzkoak» izan direla, eta sindikatuetako eta patronaleko ordezkari guztiei eskerrak eman dizkie «prestutasunagatik».

Mendiak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren balioa azpimarratu du, izan ere, «proposamenak eta jarduera planak aberasteko» ordezkari sozial guztiak izatea espero du. Hala ere, ELAk eta LABek berretsi egin dute Mendiarekin batzartu ostean ez dutela forora itzuli nahi.