Andres Osa «Sakona»

Sei kirolari Euskal Pentatloiaren atzetik, larunbatean Azpeitian

Larunbat honetan, arratsaldeko 19.30etik aurrera Azpeitiko zezen plazan, aipatu Pentatloia jokatuko da. Sarrera guztiak salduta daude. Edozein modutan ere eguraldiak ez du itxura onik.

Peñagarikano (ezkerrean) Azpeitiko zezen plazan arituko da larunbat honetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Peñagarikano (ezkerrean) Azpeitiko zezen plazan arituko da larunbat honetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Azpeitiko zezen plazak Euskal Pentatloia ikusteko aukera emango du larunbat honetan, 19.30etik aurrera. Esan behar da sarrera guztiak salduta daudela, beraz, seinale oso ona. Edozein modutan ere eguraldiak ez du itxura onik.

Sei indartsu neurtuko dira. Txapela oso garesti dago. Partaideak hauek dira: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Julen Kañamares, Iñaki Errazkin eta Kepa Peñagarikano. Aipatu ditugun sei kirolari hauek sekulako prestakuntza egin dute finalari erantzun ona emateko. Kanporaketan Gabirondo izan zen ezustekoa eman zuena eta berarekin kontatu beharra dago. Zer esanik ez Zalduarekin. Baina erne Urola bailarako bikotearekin, Arria eta Peñarekin.

Egin beharreko lana ezaguna da: hasiko dira harrijasotzen 25 jasoaldi 100 kiloko bolari emanaz. Ondoren, Giza Proba burutu beharko dute, bi plaza 400 kiloko harriarekin. Aizkoran hiru kanaerdiko partitu beharko dituzte. Txingaerueten lau plaza burutu eta azkenik korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Onenak irabaz dezala.