Ikastolek baliabideak eskatu dituzte «pandemiaren ikasturtea aurrera ateratzeko»

Ikastolek Agurainen eman diote hasiera ikasturteari ekitaldi batean. Bertatik, «pandemiaren ikasturtea aurrera ateratzeko behar besteko baliabideak» eskatu dituzte eta hezkuntza lege berri bat adostearen beharra nabarmendu dute, hezkuntza sistema «errotik» eraldatzeko.

NAIZ|26/09/2020
Ikastolak
Omenaldia izan dute aurten ospatu ezin izan diren ikastolek jaiek. (Ikastolen Elkartea)

Aguraingo Harresi aretoan egindako ekitaldi batekin eman diote hasiera ikastolek 2020-21 ikasturteari. Bertatik, koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatzen duen ikasturtea aurrera ateratzeko «behar beste baliabideak» eskatu dituzte, eta hezkuntza lege berri baten beharra nabarmendu dute. «Ez da nahikoa ‘akordio’ batekin, ez da nahikoa ereforma partzialak edo koiunturalak egitearekin, errotik aldatu behar da sistema», adierazi du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Azaldu duenez, pandemiak eragindako zailtasunei aurre egiteko ikastetxe guztiek «beren eskuetan dauden tresna eta baliabide guztiak» erabili beharko dituzte «eragina ahal den txikiena izateko», baina «ezinbestekoa izango zaigu baliabide gehiago eskatzea». Orain, lehentasuna, zehaztu duenez, egoerrai «erantzun duin bat ematea» dela adierazi du.

«Boluntarismoak muga du»

Testuinguru horretan gogoratu du administrazioen erantzuna askotarikoa izan dela, eta aipatu du Iparraldeari dagokionez, Frantziako Gobernuak «utzikeria handiz jonkatu» duela. Hego Euskal Herrian, zehaztu duenez, Nafarroakoak baliabide batzuk ezarri ditu, baina ikusi beharko da «horrekin nahikoa den egoerari aurre egiteko»; eta Lakuako Gobernuaren kasuan, erantzuna nolakoa izango den «ikusteko» dagoela esan du.

Azken honetaz, aipatu du Urkulluren Exekutiboaren eraberritze prozesuak bete-betean harrapatu dituela ikastetxeak kurtso hasieran eta «lehendik hartu gabe gelditu diren erabakiak orain hartu» beharko direla. «Hitz egiten ari gara, aztertzen ari gara, baina oraindik ez dakigu nola bukatuko den prozesua, eta presa dago, handia, ikasturtea hasita dagoelako ea epe motz batean boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako», esan du Tellituk.

Aldaketa edo «porrota»

Ikastolen Elkarteko lehendakariak «poza» adierazi du Lakuako Hezkuntza Sailaren lehentasunen artean hezkuntza lege berri bat egitea eta euskara biziberritzea daudelako, eta asmo bien beharra nabarmendu du. Adierazi duenez, aspalditik susmatzen den aldaketaren beharra «ezinbestekoa» da gaur egun, «hori baita pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia, eta ez ikastolok bakarrik». «Hezkuntza eragile guztiak leku berdinera ailegatu gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa», planteatu du Tellituk.

Pandemiaren ondorioz ospatu ezin izan diren ikastolen jaiei egin zaie omenaldia ekitaldian eta musika eta dantza uztartuko dituen ikuskizun bat iragarri dute ikastolek azaroaren 13rako Donostiako Kursaal aretoan.

Ekitaldian hainbat hautetsi eta alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak izan dira, baita Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburu berria eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere, besteak beste.