NAIZ

Presoen eskubideen alde 650 mendi igoko dituzte larunbatean Izan Bidea dinamikaren baitan

Sarek antolaturik eta Izan Bidea dinamikaren baitan, 650 mendi igo dituzte larunbat honetan «preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidean» aurrera egiteko helburuarekin.

Mendietara igotzeko ekimena aurkeztu du gaur Sarek. (FOKU)
Mendietara igotzeko ekimena aurkeztu du gaur Sarek. (FOKU)

«Larunbat honetan milaka lagun mobilizatuko gara 650 tontor igotzeko. Familian, lagunartean edota 400tik gora herri eta auzoetatik antolatu diren irteeren bitartez. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako mendiak aldarriz beteko ditugu; 125 inguru Araban, 130 inguru Bizkaian, 120 inguru Gipuzkoan, 220 inguru Nafarroan eta 60 inguru iparraldean», azaldu dute gaur egin duten agerraldian Sareko eledun Bego Atxa eta Joseba Azkarragak.

Mendi igoerak goizez egingo dira, tontorrera iritsi eta Izan Bidea bandera ezarriz. Herriek irteerak antolatu dituzten mendietan, igoera ostean, ekitalditxoak antolatu dira, betiere, segurtasun irizpideak errespetatuz. «Tontorretan argazki eta bideoak zabaltzeko deia ere luzatu nahi dugu; Izan norbere edo taldeko sare sozialetan #650tontor, #IzanBidea eta igotako mendiaren izenaren traolak erabiliz; edota Sarek egun horretarako prestatu dituen telefono zenbakietara whatsappez argazkia edo bideoa + igo den mendiaren izena bidaliz», esan dute. Hauek dira Sarek prestatu dituen telefonoak: Araba, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako mendietarako 678 13 74 05, Bizkaiko mendietarako 688 67 46 79, Gipuzkoako mendietarako 688 62 83 66 eta Nafarroako mendietarako 688 81 20 34.

Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu da ekimen hau; «preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egin asmo duen dinamika zabal honen baitan».

«Behin eta berriz esan dugu une garrantzitsu baten aurrean gaudela, batetik, Euskal Herri mailan inoizko adostasun maila handiena lortu dugulako salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde eta bestetik, bai Frantziako zein Espainiako Gobernuek aldaketa hori gauzatzearen aldeko borondatea adierazi dutelako. Ekintzei dagokionean ordea, oraindik ere, mugatuak izaten ari dira. Guri dagokigu, borondate hori praktika bilakatzea, ez baita benetako erroko mugimendurik emango, bultzatu ezean. Preso eta iheslarien auzia konpontzeko garaia da, baita elkarbizitzaren eta bakearen alde hasitako bidea jarraitu eta gauzatzekoa ere. Eta guk horretan jarraitu nahi dugu, helmugara iritsi arte. Horixe da tontorretara eramango dugun aldarria», adierazi dute Sareko eledunek.