NAIZ

Euskadiko Filmategiak ziklo bat eskainiko dio Eric Rohmerri

Euskadiko Filmategiak Eric Rohmerri eskainitako ziklo batekin ekingo dio berriro programatzeari. Guztira 11 film proiektatuko dira 2020ko urritik abendura Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

Gaur aurkeztu da zikloa Tabakaleran. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Gaur aurkeztu da zikloa Tabakaleran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zikloa ostegun honetan aurkeztu da Tabakaleran. Bertan izan dira Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Edurne Ormazabal,Tabakalerako zuzendari orokorra; Xabi Garat, Cinéma Le Sélect aretoaren zuzendaria, eta Marie Rivière, aktorea.

Hasteko, Donibane Lohizuneko Cinéma Le Sélect aretoan antolatutako emanaldi berezi batekin abiatuko da zikloa ostegun honetan. Era berean, ‘El rayo verde’ (Le Rayon vert) filmarekin hasiko da zikloa urriaren 2an, Donostian, eta urriaren 3an, Bilbon. Bi emanaldi horiek Marie Riviere aktoreak aurkeztuko ditu. Bestalde, Mariasun Landa idazleak urriaren 8an aurkeztuko du Donostian ‘Nire gaua Mauden etxean’ (Ma nuit chez Maud). Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, horietako hiru euskarazko azpitituluekin eta gainerakoak gaztelaniazkoekin.

Ildo beretik, zinemagile frantsesaren ibilbidea errepasatuko duen ‘Todos los caminos llevan a Rohmer’ izeneko mahainguru bana antolatu da Donostian eta Bilbon, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak moderatuta. Tabakalerako (Donostia) hitzordua urriaren 15ean izango da Z Aretoan eta parte‐hartzaileak Ricardo Aldarondo zinema kritikaria, eta Antonio Santamarina Filmoteca Españolako Cine Doré aretoaren kudeatzaile ohia izango dira. Solasaldia urriaren 17an lekualdatuko da Bilbora, eta kasu horretan, Carlos F. Heredero Caimán ‘Cuadernos de Cine’ aldizkariaren zuzendariarekin elkarrizketatuko da Antonio Santamarina.

Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euro kostako da. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com web orrian erosi daitezke sarrerak; 2 euroko balioa izango dute Museoaren Lagunentzat eta doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten (https://ticket.kutxabank.es/tabakalera) egongo dira salgai, eta %10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek. Mahaingururako sarrera, berriz, doan izango da (aretoa bete arte).

Literatura irakasle, zinema kritikari, ’Cahiers du Cinéma’ aldizkariko zuzendari (1957‐1963) eta zinemagile, Eric Rohmer (1920‐2010) nouvelle vague mugimenduaren buru teorikoa eta Godard, Rivette, Chabrol eta Truffauten gidari espirituala. Prosazko zinemaren eta gardentasunaren defendatzaile (kamera ikusezina, zintzotasuna enkoadraketan, giza begiaren mailako begirada, errealitatearekiko errespetua), hiru sail zabal dira Rohmerren lanaren ardatz nagusiak, eskema beraren bariazio sinfonikoak hirurak ere.