Jose Luis Ansorena omenduko du Musikasteren 48. edizioak

Hilabete batzuetako atzerapenarekin bada ere, eta moldaketa batzuekin, 48. Musikaste euskal musikaren astea ospatuko da Errenterian ostiral honetatik hilaren 24ra. Edizio hau Eresbil Musika Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, iaz zendua.

NAIZ|15/10/2020
Musikaste
Musikasteren 48. edizioa gaur aurkeztu da, Eresbilek Errenterian duen egoitzan. (Andoni CANELLADA I FOKU))

Musikaste jaialdiak bihar irekiko ditu 48. edizioa izango denaren ateak, ohi bezala, Errenterian. Aurtengoa pandemiak markatutako edizioa da, aitortu dutenez, hitzordua maiatzetik urrira aldatu behar izateaz gain, programazioak ere aldaketak jasan dituelako: errepertorio sinfoniko koralari eskainitako jardunaldia bertan behera uzteko beharrean ikusi du bere burua antolakuntzak. Orotara, bi estreinaldi eta 25 konpositoreren lanak entzun ahal izango dira, horietako hamaika garaikideak eta horietatik hiru emakumeak sinatuak. 

Baina moldaketak moldaketa, urriaren 16tik 24ra bitartean, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala entzuteko aukera izango da Errenterian, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoaz gain.

Ostegun honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, Musikasteren edizio hau Eresbil Musikaren Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, iazko maiatzean zendua.

Edizioak sorrerako helburuei eutsiko die: garai guztietako euskal konpositoreen obra aurkeztea, antzinako musikatik autore klasikoetara, gaur egungo konpositoreei garrantzi berezia emanez. Horregatik, Musikastek, bere lehen bi kontzertuetan, musika garaikidearen panoraman finkaturik dauden hainbat euskal konpositoreen obrez osatutako programak aurkeztuko ditu.

Programa anitza

Musika garaikideari eskainitako lehen kontzertua bihar, hilaren 16an, egingo da eta bertan egungo konposizioari eskainitako musikarien belaunaldi oso baten lana laburbilduko da. Felix Ibarrondok, Peio Çabalettek, Ramon Lazkanok, Gabriel Erkorekak, Teresa Catalanek eta Antonio Lauzurikak konposatutako lanak izango dira entzungai. Obra horiek Xare Laborategiak interpretatuko ditu, Txaber Fernandezen zuzendaritzapean. Hitzordua Niessen Kulturgunean izango da 20.00etan.

Larunbatean berriz, egungo musika-sorkuntzaren baitan konpositore unibertsalenetako bati merezitako omenaldia egingo zaio: Luis de Pablo, nazioarteko ibilbide sendo bat duena eta irailean Venezian Urrezko Lehoia jaso zuena Musika Bienalean. Monografiko honen interpretazioa Sigma Project musika garaikidean espezializatutako saxofoi laukoteak egingo du, pianoaren, perkusioaren eta Alain Maya dantzariaren laguntzarekin. Hau ere Niessen-en izango da, 20.00etan.

Izen handiei keinu gehiago izango dira, Iparragirre olerkariaren bueltan ere antolatu baita egunetako bat. Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena baliatuz, Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jon Maia bertsolaria hurbilduko dira Errenteriara hilaren 22an. Lehenengoaren hiru obra interpretatuko dira (‘Gernika’, ‘Neotango Concerto’ eta ‘4 dances from Iberia’). Bertsolariak itxiko du eguna, Iparragirreri zibilek esandakoak birsortuko dituen saioarekin.

Ansorena, edizioa ixteko

Hilaren 24ko abesbatzen jardunaldiak amaiera emango dio Musikaste 2020ri eta Jose Luis Ansorena (1928-2019) izango da protagonista, «Andra Mari abesbatzaren arima», Eresbilek aitortu duenez. Proiekzio handieneko lau abesbatza errenteriarrek hartuko dute parte: Karnaba Otxoteak, Gazte-koloreak Zaria Koru Eskolaren eskutik, Landarbaso koralak eta Andra Mari abesbatzak. Hitzordua Fatimako Parrokian 20.30ean izango da.

Programa osoa eskuragarri eta sarrerak salgai daude dagoeneko Eresbilen atarian.