NAIZ
BILBO

‘Urte eroak, 1920ko hamarkada’ erakusketa antolatuko dute Guggenheim eta Arriagak

Guggenheimek asmo handiko lankidetza aurkeztu du Arriagarekin, azken honen Zuzendari Artistikoa, Calixto Bieito, ‘Urte eroak, 1920ko hamarkada’ erakusketaren diseinuaz arduratuko baita. Bilduma 2021eko apirilaren 30ean inauguratuko da Museoan eta, aldi berean, antzokiak honekin lotura zuzena duen programazioa eskainiko du.

Astearte honetan eman dituzte lankidetzaren xehetasunak. (Guggenheim Museoa)
Astearte honetan eman dituzte lankidetzaren xehetasunak. (Guggenheim Museoa)

Elkarlanaren helburua bikoitza da: alde batetik, Calixto Bieitoren ukitu pertsonalaz erakusketaren eszenografia aberastea, eta, bestetik, Guggenheim Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean harremana ezartzea, halako moduz non Arriagak berak ere erakusketari lotutako zenbait proposamen txertatuko dituen bere programazioan.

Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko Zuzendari Nagusiaren hitzetan, «honako lankidetza honek aukera ezin hobea ematen digu ‘Urte eroak, 1920ko hamarkada’ erakusketa aberasteko Calixto Bieitoren talentu apartaz baliatuta; horrek askoz erakargarriagoa egingo du bisitarien esperientzia, ezbairik gabe. Gainera, haren ikuspegi artistikoa zeharo interesgarria gertatuko da bizi dugun sasoiarekiko lotura argia duen erakusketa honetan; izan ere, erakusketak jasotzen dituen garaiak bizi-biziak ziren: herritarrek sormena erabiliz eta konbentzionalismoak hautsiz egin zieten aurre Lehen Mundu Gerrak eta 1918ko gripearen pandemiak utzitako traumari eta krisiari».

Astearte honetan eskaini dira hitzarmenaren inguruko xehetasunak eta agerraldian Bieitok adierazi duenez, «1920ko hamarkada XX. mendeko garairik oparoenetakoa izan kulturari dagokionez, gaur egun oraindik ere nabarmena den arrastoa utzi baitzuen sasoi hartan hezur-mamitutako arte- eta abangoardia-eztandak».

Ildo horri tiraka, gogorarazi du azken urteotan, «zuzenean iturri horietatik edaten duten Europa erdialdeko artisten lanez gozatzeko aukera» izan dugula Arriagan bertan. «‘Urte eroak, 1920ko hamarkada’ erakusketak Arriagari ere ematen dio aukera garai hartan sakontzeko, modu kritiko eta sortzailean sakondu ere, eta gaia gaur egungo errealitatea abiapuntu duten hurbilketa artistikoen bidez jorratzeko».

Bieitok aurreratu duenez, Arriaga Antzokiak Guggenheimeko erakusketarekin lotura zuzena duen programazioa eskainiko du, eta elkarren osagarriak izango dira biak.

Erakusketaren inguruan

Guggenheim Museoak eta Zuricheko Kunsthaus erakundeak antolatutako erakusketak Petra Joos eta Cathérine Hug ditu komisario, eta agerian jartzen ditu 1920ko hamarkadak ekarri zituen berrikuntzak eta aldaketa handiak; garai hartan gertatutakoak ezarri zituen, hain zuzen, bizimodu ‘moderno’ gisa ulertzen dugunaren oinarriak. Berlinen, Parisen eta Europako beste zenbait hiritan artea, arkitektura, diseinua eta moda sormena eta berrikuntza aske uzteko esperimentazio-eremuak izan ziren Lehen Mundu Gerraren trauma atzean utzi nahi zuen gizartearentzat.

«Horrenbestez, lotura argia dago bizi ditugun urteen eta erakusketak jorratzen duen garaiaren artean, orduko jendeak atzean utzi nahi baitzituen Gerra Handiko urte latzak garai hobeei hel egin ahal izateko: grina izugarria zuten gizarte-egoera berria profitatuta bizimodu beteagoa izateko. 1920ko hamarkadako urte eroak ihesbide eta inspirazio urteak izan ziren, eta orduko eraldaketa eta berrikuntza askok arrastoa utzi dute gaur egungo gizartean», azaldu du Museoak.