Bermeotik Meatzaldera, Nestor Basterretxea gogoan izango du Bizkaiak

Fecha

04.05.24 - 12.05.24

Lugar

Bizkaia - Bermeo

2013ko maiatzean, Meatzaldean inauguratu zuen Basterretxeak bere azken eskultura publikoa.
2013ko maiatzean, Meatzaldean inauguratu zuen Basterretxeak bere azken eskultura publikoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924–Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrena beteko da astelehen honetan, maiatzaren 6an. Euskal arte unibertsalaren izen handietariko bat izan zen, Oteiza eta Txillidarekin batera; eskulturagintzan, margolaritzan, argazkigintzan edota zinemagintzan aritutako artista eskuzabal eta konprometitu hau garai oso baten ahots berritzailea izan zen.

Bere jaiotzaren mendeurrenaren karira, Euskal Herriko hainbat erakunde eta kultur entitate elkartu dira arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinemagintzan eta euskal kulturaren sustapenean Basterretxeak izan duen lana eta eragin izugarria goraipatzen duten jarduera eta erakusketa programa baten inguruan. Baina oroitzapen ekitaldi herritarrena asteburu honetan egingo zaio Bizkaian, bere sorterrian eta Meatzaldean hain zuzen ere.

Oroitzapen herritarra

Bermeoko Seme Kutuna da Nestor Basterretxea. «Bermeon, 1936era arte, Gerra Zibilera arte, egon nintzen –aipatu zuen artistak elkarrizketa batean–. Herrian asko kosta zitzaigun jabetzea gerra bat lehertu zela. Otxandio bonbardatu zutenean, gogoan dut nola Bermeon oraindik ere galdetzen genuen: ‘baina zergatik?’. Hau gertatu eta berehala, emakumeak eta haurrak Bermeotik ateratzeko bandoa eman zen, eta Donibane Lohizunera joan ginen. Alderrai bat izan naiz beti». Orduan hartu zuten Basterretxeatarrek erbesterako bidea... eta 1952era arte, Nestor ez zen jaioterrira itzuli.

Bermeoko Udalak maiatzaren 4ean, larunbatean, omenduko du Nestor Basterretxea. Goizean zehar herriko margolariek eskultore handi hau inspirazio iturri harturik marrazkiak egingo dituzte herrian zehar eta, goizeko 11.00tan, Nestor Basterretxea aretoan, maiatzaren 12ra bitartean zabalik egongo den ‘Nestor Basterretxea 100 urte’ erakusketa irekiko da (egunero 19.00etatik 21.00etara).

Erakusketa honetan, Basterretxearen lagun izan ziren zenbait bermeotarrek Nestorrek berak haiei oparitutako arte lanak erakutsiko dituzte. Inoiz ikusi ez diren lanak plazaratuko dituztela iragarri dute. Gero, 11.30etan, bi bideo labur estreinatuko dira eta 13.00etan sorterriak bere Seme Kutunari eskainiko dion omenaldi nagusia hasiko da.

Bermeoko Frantziskotarren komentuaren klaustro ederrean egingo zaio omenaldia, ‘Hildakoen estela’ seriearen inguruan, eta herriko alkateak, Nadia Nemeh-k, herritarren izenean hitz batzuk eskainiko dizkio eskultoreari bere mendeurrenean.

Hala eta guztiz ere, urrian eta azaroan, Bermeon bisita gidatuak egingo dira, Turismo Bulegoak antolatuta. Bisita gidatu horiek Nestor Basterretxeak oparitutako ohartxo batzuk oinarri hartuta egingo dira.

Bisita gidatuak

Bermeon bertan, baina kasu honetan Zain Dezagun Urdaibai elkarteak antolatuta, larunbata 4ean eta igandea 5ean (11.00tatik aurrera) beste ekimen bitxi bat egingo da: herrian barrena ibilbide bat egingo da Basterretxearen lanak aipatuz. 40 bat lagunentzat pentsatutako ekimen honetan, narratzaile lanak Edorta Jimenez idazleak, Iñaki Uriarte arkitektoak eta Enrique Zubia artistak beteko dituzte.

Irteera Basterretxea jaio zen etxean finkatu da –Basterretxeatarrak erbestetik itzultzean etxea Guardia Zibilaren kuartel bihurtuta aurkitu zuten–, eta ondoren, Bermeotik barna joanda, eskultorearen arrastoaren atzetik ibiliko dira. Erreserbak (15 euroko ekarpenarekin) Zain Dezagun Urdaibairen bidez (zainurdaibai@gmail.com) egin daitezke.

Eskultoreen maisua, meatzarien artean

Diziplina ugari landu zituen egile poliedriko honek, baina batez ere izen handia lortu zuen eskulturagintzan. Euskuahaldunak, Euskal Herriko Eskultoreen Elkartea, hainbeste miretsi eta maitatzen duen kidea omentzeko elkartuko da igandean, maiatzaren 5ean, Zugaztieta-La Arboledako Meatzalde Goikoa parkean, eta han omenduko dute bere mendeurrenean. 11.00tan bisita gidatua egingo da eta 12.30etan omenaldia hasiko da.

«2013. urtean, hil baino lehentxeago, euskal eskultoreak ‘Garraxi, herriaren alde’ eskultura eman zien Meatzalde Goikoa parkeari eta euskal eskultorei. Egin zuen azken eskultura publikoa izan zen hura. Nestorrek maitasun berezia zion Bizkaiko Meatzaldeari, askotan gerturatu zen inguru hauetara. Eta ekitaldi honekin eskerrak eman nahi dizkiogu euskal eskulturgintzaren egile handietako honi, omendu nahi dugu diziplina anitzetan nabarmena izan zen artista eta baita ere, pertsona legez, izan zen gizon maitagarria ere», aipatu dute elkarte honetako kideek. 

Eskultura honek badu bere garrantzia, Nestor Basterretxeak La Arboledari oparitu baitzion eskertza moduan. Zergatik? 1968. urtean, ‘Ama Lur’ filmea grabatu zezan, Meatzaldeko bi langilek hilabete bateko soldata eman ziotelako Basterretxeari.

Ubicación

Bermeo
Frantziskarren klaustroa
Bermeo. Bizkaia