Koldo Carrillo

D’El Gavieiru hondartza, bitxi paisajistiko eta geologikoa

Asturiasko mendebaldeko kostalde malkartsuan, harrizko hondartza ugari daude. Tartean, paisaia ikusgarriak inguratuta eta ur garden eta lasaiek bustita, bada Playa d’El Gavieiru. Berezia da, oso. Harrizko formazio eta labarren materialeen koloreek bereziki interesgarria egiten dute geologoentzat.

Bereziak dira, benetan, inguruko harriak.
Bereziak dira, benetan, inguruko harriak.

Senadi eta hondartza ezkutuz, itsaslabar garaiz eta harkaitz eta uharte txikiz josita dago Asturiasko mendebaldeko kostaldea. Bidean geldialdia egiteko aukerak bata bestearen ostean aurkezten dira eremu honetan, herrixka eta txoko benetan lasaiak ezagutzeko. Tartean, kala berezi bat badago. Askok eta askok Asturias eta are Kantauri aldeko hondartza ederrentzat jotzen dutena. Playa d’El Gavieiru du izena. Bertatik bertara ikustean ohartuko gara bere berezitasunez.

Geologiaren ikuspuntutik harago, txoko harritsu hau inguratzen duen paisaia hutsak toki magiko batean gauden sentsazioa emango digu. Berau bisitatu eta bertako ur garden eta lasaietan sartu-irten bat egin ostean, Cudillero eta Valdes udalbatzetan banatzen den Asturias Mendebaldeko Kostaldeko Paisaia Babestua arakatzeko aukera izango dugu, non 35 kilometrootan zehar naturan murgildutako harrizko hondartzak eta senadiak oso ugariak diren.

Ez gaude, ez, eguzkipean kiskaltzeko moduko itsasbazter batean. Toki honek naturan murgildu, gozatu eta barneratzera gonbidatzen gaitu. Itsaslabar aldapatsu baten oinean kokatzen den d’El Gavieiru hondartza honek badauka beste izen literarioago bat, Playa del Silencio, eta izenaren zergatia berehala ulertzen da halako paisaia ikusgarriarekin topo egitean. Natura bere horretan mantendu da bere isolamenduari esker eta, hala izanda, ahalegin txiki bat eskatzen du hondartzara jaisteak eta gero itzultzeak. Dena den, aurkituko dugun txoko natural itzelak sari eran itzuliko digu esfortzua, zalantzarik gabe.

Ilunabarra benetan eder eta berezia

Toki honen balio paisajistikoa ukaezina da, baina horrez gain, geomorfologikoki, itsasertz ingurunetako prozesuen eta geoformen aniztasunak interes handiko toki bihurtzen dute. Azken urteetan gora egin du kala galdu honetara hurbiltzen den bisitari kopuruak; dela joan-etorri batean ikusteko, dela eguna pasatzeko. Hala, aukera izanez gero, hobe da goi denboralditik kanpo bertaratzea. Ilunabarra benetan eder eta berezia da d’El Gavieirun, jende guztiak autoetarako bidea hartu eta hondartza ia hutsik geratzen denean; entzuten dugun soinu bakarra harrien hotsa denean, marearen joan-etorrien mende.

Cudillero udalerrian eta Castañeras parrokia txikian dago d’El Gavieirura hurbilduko gaituen errepide estua. Autoa itsaslabarraren goialdean utzi eta bidean behera goazen heinean, leku honen edertasuna begiztatzen hasiko gara zuhaitzen artean. Maskor itxurako senadia Nocedal eta La Forcada kuartzitazko lurmuturrek ixten dute ekialde eta mendebaldetik, hurrenez hurren.

Nocedal lehen aldiz ikustean, koloso baten irudia dakarkigu gogora, itsasoan barneratzen den itzelezko pareta bertikaldun lurmuturra dirudi. Gainera, beheko aldean, higadurak denboran zehar sortutako arku eta kobak ditu. La Forcadan, ostera, hain ikusgarria izan ez arren, higadurak moldatutako hainbat haitz eta stack edo zutabe erako harkaitzak ikusiko ditugu itsasoaren erdian. D’El Gavieiruri hondartza esaten diogun arren, bertan ez dugu hondar arrastorik aurkituko, horren ordez kolore eta tamaina anitzetako uharri eta harri koskorrek estaltzen baitute itsasertza.

Uharriz eta legarrez osatutako hondartza edo xogarral hauek ugariak dira Cudilleron eta hondar gabezia honek d’El Gavieiruko ur gardenak apartak bihurtzen ditu urpekaritzan aritzeko.

Begiratoki ikusgarria

Jaitsieraren azken zatian begiratoki ikusgarri batekin egingo dugu topo, anfiteatro bat balitz bezala hondartza eder honen ikuspegi zabala eskaintzen diguna. Behin behean gaudela, harriz jositako itsasertzaren eta halako paisaia ederraren aurrean, zein izango gure ezustea eta, hara, begien aurrean daukagun ikuspegi itzelari bizkarra ematean labar are itzelagoa ikusi dugu! Kolore ezberdinetako materialak tartekatzean osatzen diren formazioen edertasunak bizkarra zeharkatu didan zirrara eragin dit. Ez da beharrezkoa geologian jantzia izatea, jakin-minari eta irudimenari ateak irekitzen dizkieten testura, kolore nahasketa eta forma hauekin liluratzeko.

Arbel gris edota urdinxkak, kuartzita zuriak, hareharri horixkak edota burdinaren presentziak kontraste kromatiko ikusgarriak eskaintzen dizkigute. Nocedal eta Forcada lurmuturrak kuartzita moduko material gogor eta higadurarekiko erresistenteaz osatzen dira; hondartzan, berriz, arbel eta hareharri bigun eta higagarriak aurkituko ditugu. Material horiek guztiak Erdi-Kanbriar eta Behe-Ordoviziar aro geologikoen artean kokatzen dira, duela 500 eta 470 milioi urte bitartean. Bestalde, boudinage fenomenoa aipagarria da d’El Gavieirun. Boudin izeneko egitura geologikoa material bigunagoz inguratutako material gogor bat tenkada edo zapalketagatik deformatzen denean gertatzen da eta material biguna deformatutako siluetari egokitzen zaio.

Hondartzan aurki ditzakegun formazioei erreparatu ostean, ekialde zein mendebaldeko labarretara hurbiltzea sorpresaz betetako esplorazioa izan daiteke. Betiere marearen nondik norakoen jakitun, naturaren maitaleentzat harrigarri bezain ederrak diren xehetasunak aurkituko ditugu han eta hemen: harri geruza ezberdinak, kromatismo ederrak, harrizko formazio ikusgarriak...
Inguruak gehiago arakatzeko gogoa izanez gero, d’El Gavieiru oinez zeharkatzean hondartza bana izango dugu, ekialde eta mendebaldera. Lehenago gelditu garen begiratokitik bidexka bat irteten da ekialderantz eta, hamar minutuko ibilaldia egin ondoren, La Barquera hondartza bakarti eta isolatuan izango gara. Txoko honetan aipagarria da parez pare aurkituko dugun zutabe ikusgarria, higadurak sortutakoa. Mendebaldera, ostera, Playa de la Ribera del Molín daukagu, berau ere d’El Gavieiru baino dezente lasaiagoa eta itsasbeheran bertaratu daitekeena azken honetatik.

Kostalde basatia

Asturias Mendebaldeko Kostaldeko Paisaia Babestua Valdes eta Cudillero udalbatzetan kokatzen da. Asturiasko beste txoko batzuk bezain ezaguna ez den arren, 35 kilometroko kostaldean zehar edertasun handiko itsaslabarrak, hondartzak eta xogarral ugari aurkituko ditugu. Eremu honetako ingurune birjina ugariez eta arrantza-herrien tradizioez ondo jabetzeko, A-8 errepidea albo batera utzi eta N-632a jarraitu behar da. Hala, kostaldeari ia itsatsita goazela, bidean aurkituko ditugun herrixka, hondartza eta paisaia ugarietan geldialdiak egiteko aukera izango dugu.

Dena den, lasaitasunez hartuz gero, Mendebaldeko Kostaldeko Paisaia Babestua ezagutzeak hainbat etapa eskatuko dizkigu. Oraingo honetan, aipatutako paisaiaren eta geomorfologiaren balioagatik, d’El Gavieiru izan da bidaiaren helburu nagusia eta, jarraian, inguruko kostaldea arakatzeko tartea izan dugu. Horretarako, kilometro eskasera dagoen Vidio lurmuturra izan daiteke abiapuntu aproposa, Oviñanatik gertu. Kantauri itsasoari parez pare begiratzen dion talaia bakarti honek mendebaldeko itsasertzaren ikuspegi zabala eskaintzen digu.

Estaca de Bares lurmuturra

Itsasoaren mailatik 80 metro altxatzen da kuartzita eta arbelezko labar hau eta egun argietan Estaca de Bares lurmutur galiziarra ikustera irits gaitezke. Mutur-muturrean 1948 eta 1950 urte artean eraikitako itsasargi bakartia dago eta honi itzulinguru bat ematean, Chouzano harkaitzaren ikuspegi ederrarekin egingo dugu topo azpian.

Vidio lurmuturretik, hain zuzen, bista zabal bezain ederrak eskaintzen dizkigun itsaslabarren ibilbide lau eta laburra daukagu, zeinean Playa de Peña Doria, Playa Peñadoiro, Playa de la Cueva eta Playa de Vallina zeharkatuko ditugun gainetik. Eremu honetako kostaldean, xogarral-ez gain, bereizgarriak dira higaduraren ondorioz sortutako haitz, uhartetxo eta formazioak.