Andoni Urbistondo

Mintxate eta Lutoa, hiru morrosko eta zirku bat

20.000 kilometro koadro ditu Euskal Herriak, eta mendi zirku bakarra: Lutoa. Berau erabat ezezaguna. Zer pentsatua ematen du, Nafarroako Pirinioetan gertu-gertu dauden beste txoko batzuetan kabitu ezinik ibiltzen baikara.

Auñamendi gailurra, udazkeneko lehen elurrak zurituta, Otsogorrigaña menditik.
Auñamendi gailurra, udazkeneko lehen elurrak zurituta, Otsogorrigaña menditik.

Udazkenak ez du abisurik ematen. Iristen da, eta ez dago bueltarik. Erronkari aldean jakitun dira aspaldi: «Cuando la cabra baja…», diote, umoretsu. Elurrak Nafarroako Pirinioetako gailur gorenetan ostatu hartu du, 2.000 metrotik gora, eta maiatz edo ekaina arte ez da joango. Otsogorrigaña, Barazea eta Kartxela tontorrak berde daude, oraindik, zuriaren zain. Erroizu errekastora joan da urtutako elurra, Mintxateko arroilara bidean, Uztarrozen. Herri horrek gordetzen du Euskal Herrian dagoen mendi zirku bakarra: Lutoa. Bakarra, eta ezezaguna, euskal mendizale gehienen begietara.

Udaberria bizitza leherketa den bezala, udazkenak negu gorriaren etorrera iragartzen du. Nafarroako Pirinioetan bi urtaro horiek magikoak dira. Iratiko eta beste basoetako pinu eta pagoak gorritzen eta horitzen hasiak dira aspaldi. Gailurrak zuritzen, eta urez urri egon diren errekak goi mendietako elur ura bereganatzen. Txoko batzuetan kabitu ezinik ibiltzen da gizakia, bere espeziekoekin borrokan. Beste batzuetan, aldiz, egun osoan behi, ahuntz eta ardiak bakarrik ikusten.

Uztarrozen, Mintxate arroilan eta Lapatia goi lautadan ez dabil arimarik. Kuriosoa da, hain ingurune ederra eta alpinoa izan, eta mendizaleen fokutik aparte egotea. Bizitzaren kasualitateak, irratian ez aspaldi Biarno aldean libre utzi dituzten Esloveniako bi hartzen kontuaz aritu dira, biologo bi: Claverina eta Sorita dute izena. Ibilbide honen hasieran, Zardaiako amildegia saihestuz, baso itxi samarra gainditu behar da ordu erdiz, eta izerdi patsetan, hartzak inguru hartara mugituko ote ziren pentsatzen jartzen da pertsona... Izan ere, San Martingo Harritik gertu askatu zituzten bi hartzak, eta handik Mintxatera aise irits daiteke hartz bat egun bakarrean...

Mintxate arroilan gora, pista zatar batean kilometro batzuk egin behar izateak xarma apur bat kentzen dio txangoari, baina trukean eskaintzen duena beste edozein txangoren parekoa edo gehiago da. Ibiltzen hasita pagoak pinuari terrenoa nola jaten dion ikusten da. Pagoa, indartsua bera, nola desagertzen den 1.500 metrotik gora.

Ebro ibarretik datorren hego-ekialdeko haize demonioak paraje hauetan epeletik gutxi daukala ere berehala arnasten da. Otsogorritxipia gailurrean (1.784 metro) begiak mendebaldera begira iltzatuta geratuko zaizkizu, Aezkoa eta Abaurreako goi lautada eta Orhi mendiaren ikuspegi zoragarriarekin (Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia, mendebaldetik ekialdera: 2.017 metro). Eta oharkabean 180 graduko buelta eman eta argazki magikoa agertuko zaizu aurrez aurre: Ezkaurre, Alano mendikatea Zuriza bailara gainean, Atxerito, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi piramidea zuri-zuri, eta haien aurrean, Kartxela morroskoa, gris, beltz.

Otsogorritxipitik Otsogorrigaña anaia nagusira 20 bat minutu daude. 1.916 metrora goititzen da Larraineko mendatetik belar muino zozo gisa ikusten den mendi puska hau. Ekialdera, baina, 400 metroko amildegi sakona dauka, eta bere izena aintzat hartuta, arriskutsu samarra ere bai: Matasanos! Haizea handia bada, komeni ertzera gehiegi ez hurbiltzea. Otsogorrigañatik panorama itzela da. Auñamendi piramidea zuri dago, eta Alpeetako edota Himalaiako mendi handi baten itxura du. Ipar-ekialdean geratzen da Barazea, eta ekialdean Kartxela. Eta iparraldera, Holtzarteko arroila eta Zuberoako bailara berdeak (Nafarroa eta Zuberoa arteko muga da, Otsogorrigaña mendia).

GR-12 bidea

Otsogorrigañako jaitsiera tentuz ibiltzeko modukoa da. Pendiz handia du, belartsua da, eta irristakor badago pausoak neurtu behar dira. Trukean, berehala iristen zara mendi buelta honetako bidegurutze garrantzitsuenera: Üthürrurdinetako Lepoa (1.664 metro). GR-12a da, ‘Euskal Herria bidea’ izenarekin ezagutzen den bidea. Etzegaraten hasten da, Gipuzkoan, eta Belaguan bukatu, Nafarroan. Kantauri eta Mediterraneo isurialdea banatzen dituzten mendiak ditu ardatz. GR-12 bideak Barazea eta Belhaiko Punta azpitik egiten du bidea, Kartxela hegora utzi eta Belaguaraino iristeko.

Une batean, Barazea mendira igo edo ez erabaki behar da (Putreen mendia ere esaten zaio: 1.893 metro). Barazeak badu zerbait. Mendizaleen artean «anbiente» hitza esaten dena. Alegia, aereoa da, amildegia du bi aldeetara, hanka puntetan egin behar da bidea sarri, eta besoak erabili tarteka, zilipurdika ez hasteko mendian behera. Zorua hezea badago, edo haizea handia bada, hobe ez saiatzea. Kartxela bera ere urrun geratzen da, eta erabakia hartzea ez da zaila. Are gehiago hegora, nahiko gertu, Lapatia borda gunea ikusten bada. Han bukatzen da mendi txangoa, hortik behera pista zatarra bakarrik geratzen baita autoraino bueltatzeko.

Lutoa zirkua

Lapatian behiek trenari nola, horrela begiratzen diote handik azaldu den gizakiari. Aspaldi bi oineko espezie arrarorik ikusi ez duten seinale. Bazka gozoa dute, oraindik, baina aste pare batean hauek ere bailarako epelean egongo dira, pentsuaren usainean, ardiak Bardeako negu gozoan bezala. Hamaiketakoa egiteko toki aproposa da, haize babesean, 1.440 metrora. Sabeleko orroak apaltzearekin bat, edo akaso horregatik, paraje honetan Euskal Herri osoko mendi zirku bakarra dagoela jabetzen da mendizalea.

Mendi zirku bat zirkuluerdi-formako sakonune bat da, mendi malkartsuz inguratua. Era berean, bailara bateko goi-ibarra ere izan behar du, mendi zirku izateko. Alegia, lau puntu kardinaletatik hirutan mendiak behar dira, zirkuluerdia osatzeko, eta bakarrean, bailarara daraman erreka bideren bat. Horixe da Lutoa. Ez, noski, Troumouse edo Gavarnie ezagunen parekoa, glaziar kutsuko mendi zirkua, baina bai mendi zirkua. Mendebaldera Otsogorrigaña du, ia 500 metroko horma. Iparrera Barazeako bi erpinak, eta ekialdera, ia 2.000 metroko beste morrosko bat: Kartxela, (1.982 metro). Lapatiako bordetatik 550 metro gorago. Kartxelako mendi guneak 1.900 metroko langa gainditzen duten beste bi erpin ditu: Ezkieta (1.906 m), eta Keleta (1.904 m). Irtenbide naturalak hegora egiten du, Erroizu errekastoan barrena.

20.000 kilometro koadro ditu Euskal Herriak, eta mendi zirku bakarra. Berau erabat ezezaguna. Zer pentsatua ematen du, Nafarroako Pirinioetan gertu-gertu dauden beste txoko batzuetan kabitu ezinik ibiltzen baikara. Lapatian behera, egoera horretaz hausnartzen, bide nekosoa mozteko aukerarik ematen ez duen pista zatarrean barrena, euria bazterrak bustitzen hasi da autora iristeko unean. Horretan ere zorteko.