NAIZ

‘Batzen gaituzten loturak’, bularreko minbiziaren errealitate zabalagoa erakusteko

Minbiziaren aurka Gipuzkoan elkarteak ‘Batzen gaituzten loturak’ proiektua jarri du martxan komunikabideen eta minbizia pairatzen duten gaixoen arteko topagunea izan dadin.

‘Batzen gaituzten loturak’ jardunaldiko talde argazkia. (MINBIZIAREN AURKA GIPUZKOAN)
‘Batzen gaituzten loturak’ jardunaldiko talde argazkia. (MINBIZIAREN AURKA GIPUZKOAN)

Astearte honetan ospatzen den bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren harira, Minbiziaren aurka Gipuzkoan elkarteak ‘Batzen gaituzten loturak’ proiektua aurkeztu du. Proiektu honek, joan den ostegunean, minbiziak jota dauden gaixoak eta Gipuzkoako hainbat gizarte eragileren artean entzuteko espazioak sortu zituen, bere lehen topaketan, mahai-inguruen bitartez.

Hori horrela, minbizia pairatzen dutenak eta kazetariak mahai inguruan eseri ziren. Bertan, komunikabideetan minbizia nola komunikatzen den eta komunikabideetan erakusten den gaixotasunaren errealitateari buruz hausnartu zuten parte-hartzaileek galdera irekien bidez.

Komunikabideetan minbizia komunikatzeko erabiltzen den eraren inguruko iritziaz galdetuta, gaixoek plazaratu zuten ez direla identifikatuta sentitzen komunikabideetan agertzen den «errealitatearekin».

Izan ere, komunikabideetan ohikoa da minbizia jorratzerakoan hizkera belikoa erabiltzea, «borroka», «gerra», «bataila» eta antzeko formula metaforikoak erabiliz. Hala ere, terminologia hau gaixoentzat lagungarri izan beharrean kaltergarria da kasu askotan. Izan ere, gaixotasuna sendagaitza denean gaixoari errudun sentiarazten dio nahikoa ez «borrokatzeagatik», sendatzea esklusiboki bere aurrera egiteko gogoaren esku egongo balitz bezala.

Azpimarratu zuten bigarren puntu bat familien eta ingurukoen minari buruzkoa izan zen. Hau da, gaixoak ez dira minbiziak kaltetzen dituen bakarrak. Senideek, lagunek, adingabeek eta zaintzaileek ere gaixotasunaren ondorioak pairatzen dituzte, era lausoagoan bada ere.

Hortaz, mahai-inguruan gaixotasunaren alde hau komunikabideetan erakustea «interesgarria» izango litzatekeela ondorioztatu zuten. Izan ere, gaixoen bizitza ez ezik, «familia osoarena» ere aldatzen baitu minbiziak.

Horretaz gain, lan alorreko hausnarketak ere plazaratu zituzten topaketan eta ondorioztatu zuten minbiziaren diagnostikoak emakumeengan eragiten duen «zaurgarritasuna larriagotu» egiten dela, bai lan arloan eta bai arlo ekonomikoan.

Baieztapen hori Minbiziaren aurka Gipuzkoan elkarteak ‘Bularreko minbiziaren toxikotasun finantzarioa’ izeneko ikerketan ateratako ondorioetan oinarritzen da. Txosten horrek aditzera ematen duenez, minbizia duten emakumeen %34k lana galtzen du gaixotasunaren ondorioz.

Jardunaldia ixteko, parte-hartzaileek informazio alorreko profesioanalak «gaixotasunaren errealitate zabalagoa erakustera» animatu zituzten, gaixoaz gain fokua familia eta ingurukoengan ere jarriz. Horretaz gain, gaitza «modu jarraituagoan» erakusteko eskaera egin zuten, eta ez soilik munduko edo minbiziaren funtsezko egun zehatzetan.