NAIZ

Zeinen Ederra Izango Den jaialdia apirilaren 2an ospatuko da BECen

Zetak taldeak pandemiaren erdian itxaropenez betetako kanta bat sortu zuen, eta horrekin batera, osasun egoera hobetzen zenean jaialdi bat prestatuko zuela iragarri zuen. Ekitaldia uste baino gehiago luzatu bada ere, zehaztu dute lekua, data eta karteleko talde batzuk.

Zetak taldea, Naiz Kontzertuetan. (Jon URBE/FOKU)
Zetak taldea, Naiz Kontzertuetan. (Jon URBE/FOKU)

2020an, pandemiaren erdian, Zetak taldeak ‘Zeinen ederra izango den’ abestia atera zuen, itxialdiaren ostean itxaropena zabaltzen zuena. Horrekin batera 2021eko udaberrian jaialdi bat egingo zutela iragarri zuten, pandemiak hobera joko zuela pentsatuz. Egoera, ordea, uste baino gehiago luzatu da eta ezin izan zuten jaialdia egin.

Urtebeteko atzerapenarekin, baina, ‘Zeinen ederra izango den Fest’ 2022ko udaberrian ospatuko dutela iragarri dute jendearekin elkartzeko aitzakia moduan, «non guztiok esperientzia paregabeaz gozatuko dugun, baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratuz eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, dibertsioa eta aniztasuna bezalako balioak sustatzen dituena», taldeak esan duenaren arabera.

Zetak-entzat jaialdi honetan benetan garrantzitsuena «denona eta denontzat» izatea da, alegia, covid-19 birusa bezala, generoak, adinak, herrialdeak, klase sozialak edo arrazak ulertzen ez dituen jaialdia izango da.

Hori guztia kontuan hartuta, ekitaldia ospatzeko leku handi bat bilatu zuten eta azkenean, jaialdiaren kokapenari buelta asko eman ondoren, BECen egitea erabaki dute, apirilaren 2an.

Gatibu, ETS, Chikos del Maíz... lehenengoak

Jada baieztatu dituzte parte hartuko duten taldeetako batzu, aniztasuna oinarrian izanik: Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, Zoo, En Tol Sarmiento, Maria Arnal y Marcel Bagés, Los Chikos del Maíz, Sua eta Adrianna Gaultier.

Lehenengo zerrenda honi talde gehiago batuko zaizkio, kartela berretsi ahala.Jaialdiaren arduradunek ekitaldia urteroko hitzordu bihurtzea nahi dute, apirileko lehen larunbatean, «galdu ezineko zerbait».

Era berean, antolatzaileak ziur daude «Euskal Herriko musika eta gizarte ekitaldi handienetako bat izango dela». Izan ere, jaialdiaren data, kartela eta lekua ezagutu baino lehen, 2020ko lehen iragarpen horrekin batera, 2.000 sarrera saldu ziren (sarrerak online erosi daitezke).

«Zeinen Ederra Izango Den Fest proiektu paregabe baten parte izateko aukera eskaintzen du; gure jendearen eta gure lurraren ikuspegi berezi batean oinarritua. Jaialdi hurbila da, kolektibitate sentimendu handikoa. Hau da, publikoa pandemiaren ondorengo lehen jaialdi handi honetako prozesuaren eta esperientziaren parte sentitzea da bilatzen dena», adierazi dute.