NAIZ

Zuhaitz genealogikorik zaharrena aurkitu du EHUk parte hartzen duen ikerketa talde batek

Britainia Handian hoberen kontserbatutako hilobi neolitikoetako bateko antzinako DNAren analisiak agerian utzi du han lurperatutako pertsona gehienak familia zabal bakar baten segidako bost belaunalditakoak zirela. EHUko eta Ikerbasqueko Iñigo Olalde ikertzaileak hartu du parte ikerketan.

Iñigo Olalde, EHU eta Ikerbasqueko ikertzailea. (Ikerbasque)
Iñigo Olalde, EHU eta Ikerbasqueko ikertzailea. (Ikerbasque)

Britainia Handiko Hazleton North-eko tumulu luzean (Cotswolds-Severn eskualdean) hilobiratutako 35 gizabanakoren hezur eta hortzetatik erauzitako DNA analizatuz, ikerketa talde batek ondorioztatu ahal izan du haietatik 27 bost belaunalditako oso hurbileko ahaide biologikoak zirela. Gizatalde hori duela 5.700 urte inguru bizi izan zen (K.a. 3.700-3.600 bitartean), Britainia Handian nekazaritza sartu eta 100 urte inguru geroago.

Newcastleko Unibertsitateko arkeologoz eta EHU, Vienako Unibertsitateko eta Harvardeko Unibertsitateko genetikariz osatua dago ikerketa taldea. Lana ‘Nature’ aldizkarian argitaratu dute eta, azaldu dutenez, lehenbiziko aldiz jarri du agerian hainbesteko zehaztasunez historiaurreko familiak nola egituratzen ziren.

Leinu patrilineala

Ikerketa taldeak erakutsi du hilobian lurperatutako pertsona gehienak gizon berarekin umeak izan zituzten lau emakumeren ondorengoak direla.

Hazleton North-eko tumuluak L itxurako bi ganbera ditu luzera ardatzaren iparraldean eta hegoaldean. Hil ondoren, gizabanakoak bi ganbera horien barnean hilobiratzen zituzten eta, ikerketaren aurkikuntzen arabera, gizonezkoak beren aita eta anaiekin ehorzten zituzten; «horrek adierazten du leinu patrilineala zela, alegia, hilobian ehortzitako ondorengo belaunaldiak erabat lotuta zeudela lehen belaunaldi harekin senide gizonezkoen bidez bakarrik».

«Leinuko bi alaba, haurtzaroan hildakoak, hilobian ehortzi bazituzten ere, hilobian alaba heldurik ez izateak adierazten du ugalketa adinera iritsi bezain laster, jatorrizko familia utzi eta haien gorpuak haien seme-alaben aitaren hilobian edo beste nonbaiten ehortzi zituztela», adierazi dute ikerlariek.

Bide horretatik, diote, hilobia erabiltzeko eskubidea «lotura patrilinealen» araberakoa zen. «Baina gizabanakoak non ehortzi, iparraldeko edo hegoaldeko ganberan ehortzi, erabakitzeko kontuan hartzen zuten lehen belaunaldiko zer emakumerengandik zetozen, eta horrek adierazten du lehen belaunaldiko emakume horiek sozialki garrantzitsuak zirela komunitate horren oroimenean», gehitu dute.

Ahaidetasun biologikoa ez zen irizpide bakarra

Horrez gainera, ikertzaileek ez dute ebidentziarik aurkitu esateko beste zortzi gizabanako zuhaitz genealogikoko pertsonen senide biologiko zirenik; horrek adieraz lezake ahaidetasun biologikoa ez zela irizpide bakarra inor familiakotzat hartzeko. «Hala ere, gizabanako horietako hiru emakumezkoak ziren; baliteke haien ugalketa bikotekidea hilobian ehortzita egotea baina seme-alabarik ez izatea edota alabak izatea eta heldutasunera iristean beste komunitate batera joatea eta horregatik ez egotea hilobian ehortzita», gaineratu dute.

Newcastleko Unibertsitateko Chris Fowler doktoreak (ikerketaren arduraduna eta arkeologoburua) adierazi duenez, «komunitate neolitiko baten ahaidetasunaren inguruan orain arte sekula izan ez dugun ikuspegia eman digu ikerketa honek».

EHUko eta Ikerbasqueko ikertzaile den Iñigo Olaldek (ikerketako genetikari arduraduna eta lehen egileetako bat) adierazi duenez, «Hilobiko DNAren kontserbazio bikainari esker eta antzinako DNA berreskuratzeko eta analizatzeko teknologia berrienak erabiltzeari esker aukera izan dugu sekula eraiki den zuhaitz genealogikorik antzinakoena aurkitzeko eta aztertzeko, eta, hala, antzinako gizatalde horien gizarte egitura sakonkiago ulertzeko».