Juanma Costoya (Argazkiak: J.C. eta Getty Images)

Biblos, munduko hiririk zaharrena

Biblos, Bibliak aipatzen duen Gubla mitikoa, arabieraz Jbail «mendixkako hiria», munduko hiririk zaharrena da. Mediterraneora begira dagoen herrixka turistikoa da gaur egun. Bere iragan legendarioaz ezer gutxi geratzen da bertan.

Bere iragan legendarioaz ezer gutxi geratzen da Biblosen.
Bere iragan legendarioaz ezer gutxi geratzen da Biblosen.

Biblos Tripoli beligerantetik hegoaldera dago, kilometro gutxira, eta Beirut gorabeheratsutik ordu erdira kotxez. Bere iragan legendarioaz ezer gutxi geratzen da: eraitsitako zenbait tenplu, Gurutzadetako gaztelu bat, etxetzar otomandar eta armeniar batzuk, eta espiritu kementsu eta komertziala, bertakoen egungo bizitza iragan feniziarrarekin lotzen duena. Hala ere, oraindik izaera berezia du, oso berea, merkataritzan, hondartzetan eta iraganean oinarriturikoa.

«Mendixkako hiria» munduko zaharrena da gaur egun. Arkeolgoen arabera, Kristo aurreko seigarren milurtekoan fundatu zuten, eta, ordutik, beti bizi izan da jendea bertan. Beirutetik iparraldera dago, 40 kilometrora, eta, egun, atzean dituen Libano mendiaren altuerek babesturiko portu turistiko txiki eta lasaia da. Hiri zaharra Gizadiaren Ondare izendatu zuten 1984an, eta, ordutik, Libanoko hurbileko historia nahasiak berezko dituen geldiune eta izualdi guztiak ahaztu gabe, arkeologiako parke tematiko antzeko bat bilakatzen joan da Biblos.

Ezinezkoa da Mediterraneoko toki txiki honek metatu duen kronologia historiko zoragarri eta labirintikoa zorroztasun zientifikoz azaltzea jendeari. Agian horregatik, ahalegin handia egin dute bertakoek azoka zaharra, harresien zati bat, Gurutzadetako gaztelua eta erantsitako tenpluak berreskuratzeko –ondare horren artean dago Baalat Gebal-eko tenplua, hiriko zaharrentzat jotakoa, Kristo aurreko laugarren milurekoa izaki–, eta egin duten guztia feniziar espirituari eutsita egin dute, alegia, gune zoragarrienetako batzuk dendak eta ostalaritzako negozioak jartzeko erabilita.

Feniziarrak

Gaur egun, zail egiten zaigu sinestea Bibloseko portuko aho txikia, egun gurutzatuek indartzeko jarri zizkioten bi dorreetako bat gordetzen duena, Antzinaroan ezaguturiko merkataritza-inperio handienetako bat altxatzen ikusi zuen lekuko mutu bera izatea. Biblosen bizi luzearen jatorria merkataritzan dago. Basea Sidonen, Tiron edo Biblosen zuten antzinako ontzi feniziarrek Mediterraneoaren punta batetik bestera bidaiatu zuten K.a.-ko 2.500 eta 500. urteen artean; Herkulesen Zutabeak gainditzera ere iritsi ziren eta Atlantikoan zeuden Kanariar uharteetara heldu ziren.

Ontzien sabeletan gatza, esentzia aromatikoak, kobrea eta, batez ere, zedro-egurra eta papiroak garraiatzen zituzten. Testu kuneiforme oso zaharrek Gubla izenez jasotzen dute egun Biblos izenarekin ezagutzen duguna eta Biblian (haren jatorri etimologikoa izen horretatik dator) Gebal izenez ageri da. Greziarrek Biblos jarri zioten papiroarekin egiten zuten merkataritzaren ondorioz. Nilo ibaiaren ertzean hazten da landare hori eta munduko eremu horretan jaio ziren lehen alfabetoen euskarri izan ziren. Papiroaren eta olibondo, zipres eta, batez ere, zedro egurren merkataritzak ahalbidetu zuen haien oparotasuna; historian luze iraun zuen oparotasuna, bestalde, jasan zituzten hamaika inbasioak gorabehera; besteak beste kanaandarrenak, amortarrenak, hiksoenak, Alexandro Handia buru zuten heleniarrenak, erromatarrenak, islamdarrenak eta gurutzatuenak.

Beirutarrak bisitan

Garaiak aldatu egin dira eta biblioteca (liburutegi gaztelaniaz) hitzaren jatorrian zegoen hiriak ez du aipatzea merezi duen halakorik jada. Denden zati handi bat salgune tradizionalak dira, ostalaritzako lokalak, diseinuzko jatetxeak, bitxi-dendak edo telefonia mugikorreko eta bestelako fetitxe elektronikoen salguneak. Udan eta asteburuetan hiria bisitariz betetzen da, hegoaldean kokaturiko harea-hondartza urriek edo iparraldeko harri-koskorrezko hondartza handiek erakarrita. Biblos, alboan duen Junieh bezalaxe, edo hegoaldeko kostaldeko Beirut, Sidon eta Tiro hiriak bezalaxe, Beiruteko biztanle zigortuen irteera-balbula da. Asteburuetan, hiriburua udalerri horiekin lotzen duen ibilgailuz beteriko autobide arriskutsuak gainezka egiten du itsaso eta aire libreko dibertimenduaren irrikan dauden hiriburuko biztanleen autoekin.

Errepidetik begiratuta, hormigoi, zementu eta eraikin erakustaldi izugarriak zaildu egiten du udalerri batzuen eta besteen arteko mugak bereiztea. Ezinbestekoa da autobidetik irtetea eta itsasoraino jaistea Biblos legendariora iritsi garela konturatzeko. Zinez zahar denaren eta garaikidearen arteko harremanak bizirik dirau inguruan, nahiz eta zaila den aitortzea hori nortasun-ezaugarria den ala madarikazio hutsa.

Iparraldean kokaturiko Tripoli gatazkatsuaren eta hegoaldean dagoen Beirut gorabeheratsuaren artean aurkituko dugu Biblos, Juniehko portutik kilometro gutxira. Hura da kanpora irteteko bide bakarra Libanoko hiriburuko aireportua itxita dagoenenean segurtasun-gatazkak eta borrokak direla-eta. Oraindik hurbil dagoen Libanoko gerra zibileko hamarkadetan hura zen irteera eta sarrera bakarra zedroen herrialdera iristeko. Pixka bat hegoalderago, Beiruterako noranzkoan Nahr al-Kalb ibaiaren bokalea dago, zeina hurbileko mendietatik jaisten baiten itsasorako bidearen bila.

Ibaiak arroila bat sortu du mendeetan zehar, eta orain ingeniaritzako obra inpertsonal bat erabiltzen dute hura igarotzeko; ehunka urtez, ordez, pasabide arriskutsua izan zen beren konkistarako edo iheserako bidean hura zeharkatu behar izan zuten gudarosteentzat. Arrakastaz gurutzatu duten gehienek utzi dituzte plakak edo inskripzioak balentria ospatzeko. Inskripziorik zaharrena karaktere kuneiformetan idatzita egoteak zirrara handia sortzen du. Nabukodonosor II.aren gudarosteari egotzi izan zaio, eta, berriena, Libanoko falange kristauari. Estela asiriarrak, egiptiarrak, erromatarrak, greziarrak eta frantziar eta britainiarren dominaziokoak munduaren bazter honetako historiaren zirkulartasunaren froga bikaina dira.

Pepe, pirata

Itsasotik urruntzen den Biblos, Tripoli eta Beirut batzen dituen autobideak markaturiko mugatik harago, herrialde osoa bezalaxe, ez da geldirik egoten. Eraikuntza eta negozio txikiak dira jarduerarik nabarmenena. Obrek, garabiek, kamioiek eta jeep herdoiltsu edo diseinuzkoek sare ikusezin eta itogarria eraikitzen dute; inurritegi bateko jarduera aseezin eta hierarkizatua dirudi.

Bibloseko baretasuna kostaldearen lerroari bakarrik dagokio. Biztanleen zati handi bat kristau maronitak dira, eta ez dute ezkutatzen, guztiz kontrakoa. Herrialdeko tentsio erlijiosoa, Biblosetik oso hurbil gertaturiko gerrek eta atentatuek metronomo baten erregulartasunarekin islatzen dutena, ia ez da sumatzen hemendik. Harridura handia sortzen du herrialdeko albistegiak kale-borroka amaigabeei eta bonba-autoei buruz hitz egiten hasten direla ikusi eta autoz ordu erdi eskasera gertatzen diren gauzak direla jakiteak, Bibloseko jatetxe eta hondartzetan bertakoak eta bisitariak alferkerian dabiltzan bitartean, begirada itsasoaren urdin infinituan galduta.

Igandeak bereziak dira Biblos historikoan. Joan Bataiatzailearen eliza maronitan edo hurbil dagoen ermita ortodoxoan koloretsuak eta ikusgarriak dira elizkizunak; aldareak lore fresko ugariz apainduta egoten dira eta fededunak Parisko festa nazionalerako janzten direla ematen du. Ahal izanez gero, inor ez da oinez joaten, eta, nola ez, autoa jendaurrean erakusgarri egoteko osagarri bat gehiago da.

Bibloseko portu txikiaren barruko leku pribilegiatuenetako batean ostalaritzako negozio bat dago, Byblos Fishing Club izenekoa. Portuaren barnealdeko pasealekuak duela gutxi zendutako haren jabearen izena darama: Pepe Abed, Pepe pirata izenarekin ezagunagoa. Pepe bizirik zela bere egin zituen bizilagunen zenbait historia eta desira mordoa. Mexikon jaio zen, baina Libanokoak zituen gurasoak, eta itsas arkeologian eta bitxien diseinuan aritu zen.

Behar adina diru aurreztu zuenean Biblosa itzuli zen, jatetxe bat irekitzeko. Hirurogeiko hamarkada oparoa zen eta ez zen antzematen hainbat hamarkadaz herrialdea odolustu zuen gerra zibilaren zantzurik. Biblos eta bere jatetxea modan jarri ziren, eta kostaldea mundu osoko pertsonaia ospetsuz bete zen. Gaur egun haien lekuko grafikoa baino ez dugu aurkituko jangelako hormetan eskegita.

Argazki eta erreportaje gero eta horixkagoak, zeinetan Abed nekagaitza Marlon Brando, Anita Ekberg, Brigitte Bardot, David Neaven, Manuel Fraga edo The Kiss heavytaldeko kideekin ikusiko baitugun. Beste hainbatetan gertatu den bezalaxe, gauzak erabat aldatu dira Biblosen, ilunabarrek afaria uharrietatik ateratzen saiatzen diren zenbait arrantzaleren silueta argitzen jarraitzen duten arren.