NAIZ

Konfinamenduan airearen kutsadura jaistean 800 heriotza ekidin ziren

Pandemiaren hasieran hartu ziren neurri zorrotzek aukera paregabea eman zieten ikerlariei airearen kalitatea neurtzeko, eta konturatu dira NO2ren isurketak nabarmenki murriztean, arnasten dugun airea nabarmenki hobetu zela eta horrek heriotzak ekidin zituela.

Kutsadura geruza Madrilen gainean. (Jesús Hellín / Europa Press)
Kutsadura geruza Madrilen gainean. (Jesús Hellín / Europa Press)

Europako Gobernuek koronabirusaren pandemiaren lehen zatian ezarritako murrizketek kutsadura maila jaisten lagundu zuten eta, ondorioz, 800 heriotza goiztiar baino gehiago saihestu ziren, Copernicus Europako sateliteen sistemaren Zaintza Atmosferikoko Zerbitzuak (CAMS) argitaratu duen ikerketa baten arabera.

Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolako (LSHTM) adituekin batera egindako ikerketaren arabera, Estatu espainoleko eta frantseseko eta Italiako hirietan eman zen nitrogeno dioxidoaren (NO2) jaitsierarik handiena, %50 eta %60 artekoa, 2020ko otsaila eta uztaila bitartean.

Ildo horretan, errepideko bidaiekin lotutako murrizketek izan zuten eragin handiena NO2 kontzentrazioen murrizketan eta heriotza kopuruaren jeitsieran.

Zientzialarien arabera, errepideko garraioak, murrizketek gehien eragiten dioten sektoreak, NO2 isurien ia erdia eragiten du, baina askoz gutxiago eragiten die aztertutako beste kutsatzaile batzuen guztizko isuriei.

Horri dagokionez, egiaztatu zuten pandemian gure eguneroko bizitza mugatu zuten neurriek, hala nola eskolak eta lantokiak ixteak, eragin handien izan zutela airearen kutsadura maila orokorrean.

Adituek uste dute airearen kalitatea hobetzeak 800 heriotza goiztiar baino gehiago ekidin zituela. Paris, Londres, Bartzelona eta Milan daude heriotza gehien saihestu ziren hirien artean.

«Ondorioak oso garrantzitsuak dira, Gobernuaren neurriek Europako airearen kutsadura mailetan eragin zuzena izan zutela erakusten duen ebidentzia kuantitatiboa sendotzen dutelako, batez ere NO2ari dagokionez», nabarmendu du Vincent-Henri Peuch CAMSeko zuzendariak.

Pandemiaren lehen hilabeteetako hilkortasuna aztertzeaz gain, azterlan honek «etorkizuneko politikak zehazten» lagun dezakeela dio, «argi ikusten baitira gure hirietako kutsadura murriztearen onurak eta zenbait neurriren eraginkortasuna».

«2020ko udaberrian eta udaren hasieran erabaki ziren gobernu politikek aukera paregabea eman ziguten airearen kutsadura txikiagoa zen benetako egoera bat aztertzeko», adierazi du Rochelle Schneider LSHTMko kideak eta ikerketaren egileak.

Antonio Gasparrini LSHTMko bioestatistikan eta epidemiologian adituak gogorarazi duenez, pandemiaren lehen olatuan ezarritako konfinamenduek «kostu sanitario eta sozial izugarriak» eragin zituzten, baina baita «aztertzeko baldintza paregabeak» ere.

«Esperimentu natural hau airearen kalitatea nola hobetu daitekeen ikusteko zantzu bat izan da, garai normaletan aplikatzeko zailak izango liratekeen osasun publikoko neurri zorrotzekin. Informazioa garrantzitsua izan daiteke gure hirietako kutsaduraren arazoa konpontzeko politika eraginkorrak diseinatzeko», ondorioztatu du adituak.