Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joseba Arguiñano, aurrekoengandik etxean ikasitakoa munduan zeharreko esperientziez aberasten

Karlos aita eta Eva izeba ondoan zituela, sukaldean lehen pausuak eman zituen familiako jatetxean aurkeztu du Joseba Arguiñanok bere lehen errezeta liburua. «Errezeta bereziak, toke exotikodunak», bildu nahi izan ditu irakurleak sukaldean hastera animatzeko.

Joseba Arguiñano, bere jaioterrian duen gozo-dendaren kanpoaldean, liburua eskuan.
Joseba Arguiñano, bere jaioterrian duen gozo-dendaren kanpoaldean, liburua eskuan. ( Rubén BLYTH | EDITORIAL PLANETA)

Ogiak eta gozoak, euskal gastronomiako plater klasikoak eta bidaietan ikusi eta ikasitako jakiak, denak batera sartu ditu eltzean Joseba Arguiñano (Zarautz, 1985). Emaitza, ‘Cocina con Arguiñano’ (Planeta eta Bainet) liburua, sukaldari bezala jorratu duen ibilbidearen isla. Denera, 90 errezeta inguru jaso ditu, sukaldaritza erraza, dibertigarria eta modernoa egin nahian.

Madril, Bartzelona, Bilbo eta Donostiako kazetari andana bildu da gaur Karlos Arguiñano jatetxean. Bertako txokorik preziatuenean, terrazan, itsasoa aurrez aurre dutela, egin zaie ongietorria eta jangelan dastatu dituzte liburuko lauzpabost plater goxo. Otarrainxka broxeta, porruz eta hirugiharrez betetako bao ogia teriyaki saltsarekin; txipiroi risottoa gazta eta txipiroi tintaren ali-oliarekin; zapoa amerikar erara; eta tiramisua, sagar tarta eta limoizko izozkia, bata bestearen atzetik –Aiala Eskolako ikasleek atondu eta zerbitzatuak– mahairatu dituzten jakiak.  

Mahaiaren bueltan eseri aurretik hitz batzuk egin dituzte. Karlos Arguiñanok, anfitrioi gisa, lehenik. Gustura, semearen ibilbidea ikusita. «Bera pozik egongo da, baina beste batzuek ere bai. Bai bere ama, bai bere izeba, eta ni. Baita langileak ere», aitortu du.

Bada urtebete proiektua abian jarri zutenetik. «Josebak gazteentzako sukaldatzen du baina era berean sukaldeko tradizioari lotuta dago eta gustukoa dugu hori», esan du Planeta argitaletxeko ez fikziozko alorraren zuzendariak, Angeles Aguilerak.

Aurrekoengandik jasotakoak ez dauka ahazteko Arguiñanoren bosgarren semeak. Nabari zaio. «Jatea elikatzea baino askoz gehiago dela» irakatsi ziotenak gogoan ditu liburuaren hitzaurrean.  

Egun berezia da gaurkoa Joseba Arguiñanorentzat. Hunkituta ikusi dugu aitaren hitzak entzuten. «Gauza berriak ari gara egiten eta badirudi ez duela amaierarik», adierazi dio NAIZi.

Ideia nola sortu zen galdetuta, hauxe kontatu du: «Errezeta mordoa dauzkat baina ez jendeak irakurri eta etxean egiteko moduan. Telebistako saioaren aitzakian pausuz pausu prestatzen hasi naiz eta liburuan biltzea pentsatu dugu. Telebistako errezetez gain gustuko ditudan beste hainbat ere gehitu ditut».

Zortedun

Bere lehen liburua Planeta argitaletxearekin ateratzea ez dago edonoren esku. Zortedun sentitzen da. «Bainet eta Planetaren laguntzarekin –ibilbide luzea dute egina elkarrekin– niretzako erraza izan da. Luzea, lan egin behar izan dugu, baina horrelako lantaldearekin gauzak ondo ateratzen dira», esan du.

Joseba Arguiñano aurpegi ezaguna da telebistan. ETBn ‘Historias a bocados’ eta ‘Sukalerrian’ aurkezten ditu eta Antena3-n ‘Cocina abierta de Karlos Arguiñano’ saioan kolaboratzen du, aitarekin.

Sukaldean sartu eta platerak prestatzeko motibazioa eskaini nahi die zarauztarrak, izan hasiberriak ala arituak. «Errezeta bereziak, toke exotikodunak, masa ez hain landuak bildu nahi izan ditut», kontatu du.

Errezetek bere sukaldari nortasuna islatzen duten galdetuta «ez da nik egunero jaten dudana, baina bai lagunartean edo familian ukitu berezia eman nahi diodan egunetakoa», argitu du.

Hara-hona

Surfeko taula hartura hara-hona ibili da hainbat herrialdetan eta horren isla ere bada liburua. «Gure bizitzan gastronomia betidanik present egon denez edonora zoazenean begiratzen duzu han ze merkatu, ze jatetxe berezi dauden. Osagai bereziak ezagutzea gustatzen zait, asko ikasten duzu. Euskal Herrian sekulako gastronomia daukagu baina munduan zehar beste gauza asko daude, oso goxoak eta aberasgarriak», kontatu du.

Askoren galdera da aitaren eta bere sukaldaritzaren arteko aldea zein den. «Gaztetatik bidaiatu eta eskola eta jatetxe berezietan ikasteko zortea izan dut. Beti ateak irekita eduki ditut, aitaren eskutik, Euskal Herrian, Katalunian, Frantzian edo Suitzan –Akelarre, Escribà, Thierry Bamas...–; eta aprobetxatu dut bertan ikasi eta gero hona ekartzeko».

Sukaldaritzan egin zituen lehen pausuak familiaren jatetxean eta Eva izebari –hura Aiala Eskola hasi berrian hasi zen irakasle– erreleboa hartu zion ogiak eta azkenburukoak prestatzen. «Beti aritu naiz bai gaziak, bai gozoak sukaldatzen. Jatetxean egin nuen lan bost urtez, eta denetarik egin behar dela irakatsi didate niri. Sukaldari baino ostalari sentitzen gara gu», gogoratu du.

Ondoren etorri zen bere kabuz lantegia jarri, okindegi-kafetegiak ireki, eta kameren aurrean aitak egindako arrastoari jarraitzea.