Juan Luis Mugertza Unanue

Acapulco, eta...

Guerrero estatuan kokaturik. Mexiko hiriburutik bost ordura. 640.000 bizilagun. Lau milioi bisitari urtean. Kilometro askoko hondartzak. ‘Glamour’-a. Ospetsuak... Hori dena eta gehiago da Acapulco, eta…

Postaletatik haragoko Acapulco ezagutzera goaz.
Postaletatik haragoko Acapulco ezagutzera goaz. (Juan Luis Mugertza Unanue)

«¿Al Antiguo Acapulco qué cuesta el taxi?». «Sesenta pesos [hiru euro] no más». «Al Hotel Asturias, por favor». Autobus geltokitik hotelerako tartean taxilariarekin mintzatzeko aukeraz baliatu eta momentuan jabetu gara postaletatik haratago bestelako Acapulco bat ezagutzeko aukera izango dugula. Lekurik ziurrenak badia ingurukoak eta Zocaloa omen dira, hortik kanpo eremu gorria. Halarik ere, ez dago jakiterik, orain egun gutxi droga trafikatzaileen arteko tiroketa batean bi pertsona akabatu zituzten hiriaren erdian.

Guerrero estatuan aurten 250 pertsona hil dituzte. Tartean polizia batzuk burua moztuta. Horren karian taxilariari zer-nolako drogak kontsumitzen diren galdetzean aritu baten aurrean gaudela ohartu gara. «Todas, pero últimamente mucho ‘crack’. Aquí le decimos ‘piedra en polvo’». Sasoi batean, Kolonbiatik Estatu Batuetara bidalitako droga Karibetik eramaten zuten. Orain, bertan kontsumitzen dute.

Taxilariarekin izandako elkarrizketa oraindik buruan, hoteleko morroiak ea nongoak garen galdetu digu. «Ayer mismo estuvieron aquí unos vascos cantando Asturias patria querida».

Acapulco: hiri berean bi mundu

Acapulcon distantziak oso handiak dira oinez egiteko eta beroa itzela, bereziki ekainetik irailera bitartean. Horregatik, komeni da noiz edo noiz udatiarrentzat egindako txangoren batean joatea norberak bere kabuz ikus ez zezakeena begiesteko. Leihatilaren ondoan eseri eta tranbiako gidaren erretolika entzunez joan gara etxe orratzez osatutako luxuzko hotelak, hondartzak, txaletak eta egunez lo eta gauez bizi izateko aukera ematen duten diskotekak ikusmiratu bitartean.

Acapulcoko badiak (Santa Luzia ere deitua) hamaika kilometroko itsasaldea du eta hiru gune turistikotan dago banaturik: antzinako Acapulco (bere sasoian sustatzaileek Acapulco Tradizionala esaten zioten eta orain Acapulco Nautikoa), merkeena da eta alde zaharrean dago; Acapulco Dorado, hemen logelak zazpiehun eta bi mila peso bitartean balio du; eta Acapulco Diamante, hiriaren hego-ekialdean, hemezortzi kilometrora. Bertan aberatsak bizi dira. Eta bertan ikusi ditugu begiratoki batetik, besteak beste, Enrique Iglesias, Arnold Schwarzenegger eta Silvester Stalloneren txaletak. Paparazziak direla eta, ospetsu asko lekuz aldatu dira eta La Cima izeneko erresidentzia batean bizi dira gehienak ezkutuan.

Haitzarteko jauzilariak

Oso jende gutxi egongo da Acapulcora joan eta clavadistas izenekoen jauziak ikusteke geldituko dena. 1934. urteaz geroztik, egunero hutsik egin gabe, eguerdiko ordu batean, lehenengo saioa, eta arratsaldeko zazpi eta erdietan hasita, gaueko hamaikak arte gainontzekoak, 25-35 metro bitarteko altuera batetik zisne izeneko jauzia ikusteko aukera egoten da.

Osatutako taldeak seikoak, zazpikoak... izan ohi dira eta adina eta esperientziaren arabera jauziak txikiagoak edota handiagoak izan daitezke. Puntu gorenetik salto egiten dutenek haitzetan egokitutako Guadalupeko amabirjinari babesa eskatzen diote, badaezpada; gauza bera egin omen zuen Elvis Presleyk ‘El ídolo de Acapulco’ (1963) pelikulan.

Arratsaldeko zazpi eta erdietako saioan ilunabarrak eskaintzen duen ikuspegia ikaragarria da eta horrek areagotu egiten du ikuskizunaren ederra. Sasoi batean jauzilariak ikusleen eskupekoez bizi izaten ziren. Egun, laurogei peso ordaindu behar da espektakulua ikusteagatik eta horrek ahalbideratu egin du elkarte bat egin izana eta haien lan baldintzak hobetzea.

Hori dena uretatik irten berri den Gonzalosek esan dit. Galdetzean ea inoiz lesioren bat izan duen bere eskumuturrak erakutsi dizkit. Inoiz ez da hildakorik izan, baina, tartean, sorbalda, eskumutur eta barne-belarrietan arazoak izaten dituzte.  



Mexikar tradizioaren magia: tekila

Guadalajaratik berrogeita hamar kilometrora likorearen izena duen Tequila herria dago. Alde banatan ereindako soloetan agave urdina (Agave tequilana) deritzon landarearen lurrina sudur-zuloetatik gora nabaritzen hasita gaude eta bide bazterretan egokitutako dendatxoetan tekilaren negozioak familia askori etekinak ematen dizkiola oso ondo antzematen da.

Aspaldian, mexikar indiarrek jateko, janzteko, eta papera egiteko erabiltzen zuten landarea, eta hark dituen punta luzeak eta zorrotzak torturatzeko; egun, ordea, agabe urdinetik Mexikoko edari nazionala ateratzen da. Edariaren nondik norakoak jakiteko La Rojeña lantegira joan gara eta bertan Jose Cuervok ekoizten duen tekila ikusteko parada izan dugu.

Edariaren kalitatea bermatzeko Mexikoko gobernuak Jalisco estatura eta Nayarit, Michoacán, Guanajuato eta Tamaulipas eskualdeetara mugatu du tekilaren ekoizpena: paraje hauetan bakarrik eman ohi dira baldintzak tekila zapore eta kalitate onekoa izateko.

Ehun milioi agabe urdin baino gehiago ekoizten omen dira jatorri-izeneko lekuetan eta orain dela ehunka urte moduan mandoen gainean garraiatzen eta eskuz landatzen eta biltzen dira agabe horiek. Agabea landatzean tipula baten tamainakoa bada ere, zazpi-hamar urte igarotakoan ehun eta berrogeita hamar kiloko anana baten tamaina har dezake eta ezpata itxurako hosto urdinxkak ditu. Kaktus itxura izan arren lirioen familiakoekin antz handiagoa ei du.

Behin zatitu ostean labe batean egosten da hiru egunetan, landareak bigun daudela txikitzeko eta muztioa lortzeko. Xarabe kolorea hartzen duenez, zukuak ezti-ur du izena; kupeletan lagatzen da harrotzen eta bertan legamiaz nahasten da. Tekilarik onenek %100 agabe etiketa daramate; aitzitik, beste batzuek azukrea eta koloratzaileak izaten dituzte. Legeak dio %51 baino gutxiagoko agabea badu ez duela tekila izenik merezi.

Tekilak 35-40 gradu bitartean izaten du eta lau tekila mota daude: zuria, hamabost bat egun altzairu herdoilgaitzetako tanketan egoten dena; gozoa, urtebete haritz zuriko kupeletan; urtetsua, urtebete baino gehiago upeletan eta gaztea, tekila zuria, goxoa eta urtetsua nahasturik. Gero badaude tekila mistoak ehuneko berrogeita hamaika azukrea eta gainontzekoa tekila dutenak. Zuria aperitiboan edaten dute eta goxoa eta urtetsua jatorduetan. Onena zein den? Orain probatzea eta norberak esatea baino ez da falta.



Mariatxiak: Mexiko herriaren bihotza eta arima

Nork ez ditu inoiz entzun ‘Caminos de Guanajuato’, ‘Cielito Lindo’ edota ‘El rey’ izeneko kantak? Halarik ere, zer dakigu mariatxi hitzaren jatorriaz? Teoria asko dago hitzaren inguruan. Batzuen ustez, sasoi batean mariatxiek ezkontzetan baino ez zuten jotzen eta ‘mariage’ (ezkontza) frantses terminotik dator.

Uste hori argitzeko badago pasadizo bat Frantziaren esku-hartze denborara (1861-1867) garamatzana. Jalisco inguruko herrixka batean ezkontza bat ospatzen ari ziren frantziar soldatu talde bat heldu zenean. Ikustean zarata eta ospakizunaren eragilerik handienak musikariak zirela, festaren gainean galdetu zuten eta bertako batek honako hau esan omen zien: «Esto es un mariage».

Beste batzuen irudiz, náhuatl hizkuntzan Maria izenari gehitutako ‘-chi’ txikigarritik dator. Jatorria edozein delarik ere, bere musika Jaliscokoa da, Guadalajarakoa, hain zuzen.

XX. mendearen hasieran mariatxiek erabiltzen zituzten instrumentuak (gitarrak, arpak, biolinak…) sokazkoak ziren. Egun, ordea, bi tronpeta, gitarra bat, gitarratzarra, eta biolak erabiltzen dituzte. Biola gitarraren antzekoa da eta XV. mendean Iberiar Penintsulan eta Italian oso zabalduta zegoen eta Espainian lautea baztertu egin zuen. Mexikoko hiriburuan, Garibaldi enparantza oso leku egokia da mariatxiak entzuteko eta une atsegina pasatzeko.

Borroka askea: oldarkeria eta gehiegizko antzezpena denbora-pasa bihurturik

«Señor, ¿qué desea? ¿una quesadilla, enchilada…?». Arratsaldeko zazpiak laurden gutxiago dira, eta Cuernavacako Arena Isabel aretoan jendea itxaroten dago sartzeko. Gizonezko bi gaurko borrokaldiaren afixara begira daude, eta nik «¿Son buenos?» galdetu diet. Batak atzamarra argazkiaren gainean pausatu eta «El Cholo es el mejor» gaineratu du. «Y el Araña» gehitu du besteak, gutxiago ez izateko.

Gainontzekoak, Mr. Niebla, Rey Bucanero, La máscara de la muerte, Vértigo, Vampiro Canadiense… ez dakigu nolakoak diren, baina argazkietako itxura ikusita beldurgarriak iruditu zaizkigu. Zalantzan izan gara joan ez joan; azkenean, ehuna peso ordaindu eta garagardoak, ogitartekoak eta borroka-mozorroak saltzen dituzten kioskoak atzean utzita, korridore luze batetik abiatu gara aretora. Eta hantxe ikusi ditugu gugandik oso gertu kuadrilateroa eta kolorez margotutako bonbillak errezela beltz baten gainean.

Leku ona topatzen saiatu gara, baina ez gara bakarrak, gure aldamenean emakumezko asko daude eta tartean oso nagusiak. Luzatutako irribarrea nahikoa izan da nolabaiteko konplizitatea izateko eta berriketan hasteko. Rogeliak, nagusienak, gauza asko kontatu digu; zutik egoteko makilari eutsi beharra dauka, baina borroka askearen gainean mintzatzeko ez du ezeren laguntzarik. Gaur bere ilobak hartuko du parte laugarren borrokaldian eta harro dago. Bestela ere, igandero hutsik egin gabe etortzen da eta hori oso ondo nabaritzen da: epaileek, jendeak, aldageletara zuzentzen diren borrokalariek etengabe agurtzen dute gure Rogelia, berak eta bera bezalako beste askok borrokaren antzerkia interpretatzen baitute.

Zazpiak jota dira eta lehenengo txistuak entzuten dira. Jendea urduri dago, irrikan haien idoloak ikusteko. Epaile batek mikroa hartu du eta lehengo borrokaldiaren gaineko xehetasunak ematen ari dela musika piztu eta bikiniz jantzitako neskatxoak lagunduta ikusi ditugu lehenengo borrokalariak ringera joaten kolore deigarritako elastikoak, maskarak eta kapak soinean, gero ezkutuko giharrak erakusteko.

Borroka askean denak balio du eta epaileek ere bultzatzen dute katarsia horrelakoxea izatea. Eszenatokian batzuk ‘teknikoak’ izan ohi dira, besteak ‘zakarrak’ eta ongiaren eta gaizkiaren arteko eszenifikazioa gauzatzen da. Zakarrak beltzez janzten dira eta erabilitako metodoak ez dira batere ortodoxoak, ez dute inolako erreparorik izaten edozein altzari hartzeko eta arerioa jipoitzeko. Gehienetan irabazten hasten dira, baina bukaeran borrokak oso bestelako norabidea hartzen du eta teknikoek egurra ematen diete. Hiru edo lau borroka izaten dira eta azkena onena.

Kanpaiaren hotsa entzun eta Mr. Niebla eta Rey Bucaneroren hasierako mugimendu baldarrak bizitasuna hartzen joan dira ikusleen oihu eta biraoek bultzaturik: «¡Pinche pendejo! ¡Vas a chingar a tu madre! !Pelón!».

Benetako borroka baino akrobazia eta antzerki keinuak dira; dena den, euren barregarrikeriak ikaragarriak dira eta arrisku puntu handia izaten dute. Behin baino gehiagotan aulkitik mugitu behar izan dugu borrokalariekin talka ez egiteko. Horrelakoetan Rogeliak barre egiten digu eta bere konplizitatea nabarmen lagatzeko barru-barrutik irteten zaion letania helarazten die gogoko ez dituen borrokalariei: «¡Faul! (potroetatik heldu), ¡Pendejo! (kabroia), ¡Culero! (ipurdi lodi), ¡Metiche!, ¡Ojete! (iruzurra), ¡Hijo de la chingada!».

Koadrilateroko sokak, batzuetan, tiragomak bailiran erabiltzen dituzte norberaren gorpuarekin arerioen kontra egiteko eta, besteetan, itzulipurdi itzelak egiten dituzte aurkariaren gainean jauzteko. Gainontzeko kiroletan bezala honetan ere badaude ospe handiko borrokalariak. Horietako bat Santo izenekoa izan zen, zeinek hil artean bere identitatea maskara baten atzean ezkutatu baitzuen. Eta Super Barrio, honek politikan ere jardun zuen eta PRD alderdiaren militantea izan zen.

Laugarren borrokaldia bukatu da eta Rogelia haserre dago ilobak galdu egin duelako. Rogeliak eztarria urraturik duelarik («¡Ojete! ¡Ojete! ¡Ojete!») egin dugu alde Arena Isabel aretotik.