NAIZ
Bilbo

Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal emakume ikertzaileak aitortu ditu Ikerbasquek

Ikerbasquek emakume ikertzaileen ibilbideei ikusgarritasuna emateko asmoz egiten du urtero aitortza ekitaldia, Lakuako Hezkuntza saila bidelagun. Belaunaldi berrientzat eredu izateko nahiaz, Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal izan dira aurtengo protagonistak.

Ezker eskuin, Marta Olazabal, Amanda Sierra eta Jasone Cenoz ikertzaileak asteazken honetan, Bilbon.
Ezker eskuin, Marta Olazabal, Amanda Sierra eta Jasone Cenoz ikertzaileak asteazken honetan, Bilbon. (IREKIA)

Ez da sari bat, egindako lana eta ibilbideari egiten zaion aitortza publiko bat baizik. Zientzian diharduten emakumeei espazio publiko bat eskaini, haien izenak eta eginak argitara atera datozen belaunaldientzat eredu izan daitezen. Inspirazio iturri ere izan daitezkeelako. Eta badirelako.

Laugarren urtez, Ikerbasquek, Lakuako Hezkuntza sailarekin batera, emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko ekitaldia egin du asteazken honetan Bilbon, Artxibo Historikoan.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere hiru izan dira bistaratutako ibilbide profesionalak: Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabalenak. Hurrenez hurren, honako kategorietan izan dira aitortuak. Advanced, ikerketa arloko karrera osoari; Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoari; eta Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenari.

Emakume ikertzaileen aukeraketa Ebaluazio Batzorde batek hartu zuen bere gain eta aho batez, erabaki zuen 2022ko edizioan sarituak izango ziren ikertzaileak euren ikerketa lanen hiru kategoriatan, alegia, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmena.

Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako emakume ikertzaileen ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu duelarik. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek agerian uzten du, batzordearen esanetan, «Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia».

Hiru ikertzaileen ibilbideak eta lorpenak

Bakoitzaren curriculumari dagokionez, Jasone Cenoz UPV/EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedraduna da, eta unibertsitate berean doktore egin zen honako tesi honekin: ‘Ingelesaren irakaskuntza eta ikaskuntza, bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa’.

Izan ere, Cenozen ikerketan ardatz dira hezkuntza elebiduna eta eleanitza, paisaia linguistikoa, adinaren faktorea, jarrerak eta pragmatika bigarren eta hirugarren hizkuntzak ikasterakoan.

Batzordeak lidergo gaitasuna eta nazioarte mailan ikerketa arloko erreferente izatea baloratu dizkio, besteak beste.

Amanda Sierra Neurozientziatan doktorea da eta garuna birsortzeko mekanismoak aztertzen ditu, hainbat gaixotasun neurodegeneratibori erantzuteko. Batzordeak, beste lorpen batzuen artean, «bere ekoizpen zientifikoaren kalitatea eta nazioarteko inpaktua», bai eta zientzia gizartean zabaltzeko jarduerekin duen konpromisoa ere baloratu dizkio.

Marta Olazabalek aldiz aldaketa klimatikora egokitzeko taldea gidatzen du Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan. Lurraren Ekonomian doktorea da Cambridgeko Unibertsitatean. Gai oso berritzaile batean ikertzaile gazte gisa lortu berri dituen lorpenak aitortu dizkio Batzordeak; izan ere, hiri-eremuak klima-aldaketara nola egokitzen diren ikertzea helburu duen ERC Starting Grant laguntza bat lortu du.