NAIZ

Rozalenek Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’ abestiaren bertsioa plazaratu du

Zea Mays eta Olatz Salvadorrekin elkarlanean aritu ondoren, Rozalenek Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’ abestiaren bertsioa plazaratu du ‘Matriz’ disko berrian. Albacetekoak kolaborazio gehiago egin ditu diskoan galizieraz eta katalanez, Taxungueiras taldearekin eta Silvia Perez Cruzekin.

Rozalen artista ezagunak Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’ abesti mitikoa bertsionatu du bere disko berrian. ‘Matriz’ kantautore espainiarraren azken diskoa da, eta gaztelaniaz eta euskaraz ez ezik, katalanez eta galizieraz ere abesten du. Taxungueiras taldearekin ‘A Virxe do portovello’ eta Silvia Perez Cruz-ekin ‘Amor del bo’ izeneko abestiak plazaratu ditu.

Rozalenek disko berria kaleratu du musikan hamargarren urteurrena ospatzeko, eta, artistaren arabera, ‘Matriz’ haurtzarotik eginiko «bidaia» da, «sustraiak» ez galtzen laguntzen dion lana. 21 abesti konposatu ditu Albaceteko artistak, eta Galiza, Katalunia edo Euskal Herriko taldeekin elkarlanean aritu da.

Bidaia honetan, euskara izan da gehien kostatu zaion hizkuntza, nahiz eta laugarren aldiz abestu duen eusaraz; galiziera, berriz, «oso atsegina» iruditu zaio, eta katalana gutxiago kostatzen zaiola aitortu du, txikitatik abestu duelako, nahiz eta «kontsonante batzuk ezinezkoak izan», Europa Press agentziari egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez.

Hortaz, ‘Xalbadorren heriotzean’ ez da Rozalenek euskaraz abesten duen lehen aldia izango, Zinemaldiaren 2021eko edizioan Albaceteko kantautoreak Zea Maysen ‘Negua joan da ta’ abestia abestu baitzuen, kasu honetan Aiora Renteriarekin batera.

Gainera, ‘El hijo de la abuela’ abestian bere familiak Euskal Herriarekin izandako harremana kontatzen du: 1968an, ETAk Meliton Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko buruaren aurka egindako atentatuaren ondoren, Estatuaren errepresioak euskal errefuxiatuetako bat, Miguel Elola, Albaceteko herri txiki batera eraman zuen, Rozalengo amonaren etxera hain zuzen ere. Elolaren erbesteratzeak hiru hilabete iraun zuen, eta kantu horri esker, bi familiak harremanetan jarri ziren berriro.