Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Asgarth-ek disko berriko bigarren singlea eta bideoklipa plazaratu ditu: ‘Kale Gorrian’

Heavy metal talde añorgatarrak ‘Kale Gorrian’ abesti berria aurkeztu du ostiral honetan. ‘Zeldatik’ disko berriko bigarren aurrerapen singlea eta bideoklipa da eta boskotea etxegabeen bizitzetan murgildu da, gau eta egun kalean bizi diren pertsonen errealitatean.

Asgarth taldeko boskotea.
Asgarth taldeko boskotea. (ASGARTH TALDEA)

«Kale gorrian hotzak hiltzen,
kartoiek jada ez naute babesten.
Esku irekiak dardarka
ez du ahorako txanponikan lortzen».

Honela hasten da Asgarth talde añorgatarrak gaur bertan plazaratu duen ‘Kale Gorrian’ abestia. Duela astebete, abenduaren 2an argia ikusiko duen ‘Zeldatik’ diskoaren azala argitara eman zuten gipuzkoarrek, eta ostiral honetakoa bigarren singlea da eta bideokliparekin batera aurkeztu du sare sozialen bitartez.

«Etxegabeen bakardadea, mespretxua, oinazea, itxaropena eta bizirauteko sena». Sentipen horiek dira Asgarth taldearen ‘Kale Gorrian’ kanta berriko ardatza. Abestiaren bideoklipa Quartan kamerari enpresaren ekoizpen bat dela adierazi dute.

Gogoratu behar da ‘Zeldatik’ Usurbilgo Haritz Harreguy estudioetan grabatu duela boskoteak eta abenduaren 2an kaleratuko dela. Asgarth taldearen bosgarren diskoa da, azken 17 urteetan egindako lehena.

‘Zeldatik’ –argitara eman zuen lehen singlea– eta ‘Kale Gorrian’ abestiekin batera beste bederatzi kanta ditu disko berriak. Lanaren aurkezpen kontzertua abenduaren 10ean izango da, Donostiako Doka Antzokian eta sarrerak salgai daude jada.

Talde gipuzkoarra bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, boskotea eraberrituta eta soinua indartuta. Kantak konfinamendu garaian, etxeko zeldatik egindakoak dira eta hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak.