NAIZ
Bilbo

Mikel Kazalisek Patxi Irisarri ordezkatuko du Delirium Tremens taldean

Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia, Matxura..) arituko da baxuan Delirum Tremensarekin hurrengo kontzertuetan, kontziliazio arazoak direla eta, Patxi Irisarrik banda mitikoa utzi behar izan duelako. Neguko birari ekingo dio talde beteranoak, eta sei hitzordu iragarri dituzte.

Patxi Irisarri ekainean Azkena Rocken taldeak eskani zuen kontzertuan.
Patxi Irisarri ekainean Azkena Rocken taldeak eskani zuen kontzertuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hiru hamarkadaren ostean itzuli ondoren, ‘Hordago’ disko berriak izan duen harrera ikusirik, Delirium Tremensek «beste Hordago bat botatzeko mementua» dela iragarri du. Hordago hori neguko bira bat da, baina aldaketa handi batekin datorrena, Patxi Irisarri eibartar baxujolearen baja iragarri baita Mutrikuko talde beteranoak.

Hutsune handia, taldeak hedabideei igorritako oharrean ez da hori ezkutatzen, baina badute ordezkoa. «Lehen urte haietan, Patxi gutako bat izan zen. Oraingo itzulera honetan ere bai, baina... Biziak traba asko jartzen ditu eta beti ez da erraza ametsak errealitatearekin ezkontzea. Kontziliazioa. Hori dela eta, ezinezkoa da berarentzat aurrera jarraitzea. Hala esan digu. Hala hartu dugu eta horrek sortu digun atsekabea disimulatu gabe, benetan eskertzen diogu beti izan duen, eta orain berriz ere erakutsi duen, konpromisoa. Eskerrik asko Patxi!», aipatu du Delirium Tremensek bere oharrean.

Bere ordezkoa baxuan Mikel Kazalisek hartuko du, ibilbide luzeko musikaria: Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia edo Matxura taldeekin aritu dena.

‘Hordago’ lanaren neguko biran Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeak arituko dira elkarrekin. Sei data finkatu dituzte: Azpeitiko San Agustin aretoan (abenduak 10), Iruñeko Zentral aretoan (urtarrilak 6), Bilboko Kafe Antzokian (urtarrilak 14), Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (urtarrilak 21), Bartzelonako Razzmatazz aretoan (otsailak 10) eta Biarritzeko Atabal aretoan (martxoak 4).