NAIZ
Donostia

Delirium Tremens bueltan da

Hiru hamarkadaren ondoren, Mutrikun sortutako Delirium Tremens taldeak asteartean iragarriko du bere itzulera.

1985ean sortu zen Mutrikun Delirium Tremens euskal rock musika taldea. Hirukote batek osatu zuen lehendabizikoz taldea, baina laukote bihurtu zen Iñigo Muguruzaren bateratzearekin. Bi urteren buruan kaleratu zuen taldeak bere lehenengo lana, 1987an, Zarrapo taldearekin batera, ‘Hemen denak berdinak dira’ izenburupean.

Zarrapo nafarrek bere ibilbidea laster amaitu zuten arren, Delirium Tremensek aurrera jarraitu zuen. Garai hartan ohikoa zen bi talderen artean disko bat osatzea, baina bakarkako lehenengo lana eta entzutetsuena 1989an iritsi zen mutrikuarrentzat, Ohikua diskoetxearekin kaleratutako ‘Ikusi eta Ikasi’ lanarekin.

‘Hiru aeroplano’ iritsi zen urtebete beranduago, Oihukarekin baita ere. Bigarren lana eta azkena, apenas urtebete beranduago eman baitzuten amaitutzat haien ibilbidea.

Orain, hogeita hamar urte beranduago, haien itzulera iragarri dute (zehazki datorren asteartean emango dituzte xehetasun guztiak prentsara igorritako deialdian).

Hauxe taldekideek aurreratu dutena: «1991 urte garrantzitsua izan zen rock munduan. Hainbat maisulan ekarri eta despedida eramandako urtea. Eta orduko gehienak, orain, efemeride ospakizunetan dabiltzanean, guk bestelako berria dugu zuretzat: Delirium Tremensen itzulera. 1991ko azaroaren 30ean eman zuen bere azken kontzertua Delirium Tremensek eta 30 urte hauetan gauzak asko aldatu dira, onerako bezala txarrerako. Bat, guretzat zoritxarrez, inoiz ez da berreskuratu ahal izango (Iñigo Muguruzaren heriotza), baina 80ko bukaeran eta 90eko hasieran denon bihotzak ukitu eta astindu zituen kresal usaineko rock zuzen eta indartsu honek bizirik jarraitzen du. Oraindik ere! Bai horixe!».