Joseba Salbador Goikoetxea

Baserriko jakiak, garaian garaikoak, Usurbilgo Artzabal baserrian

«Km 0» kontzeptua gero eta zabalduagoa dago sukaldaritza munduan, baina norbaitek zehatz-mehatz jarraitzen badu, Usurbilgo Artzabal jatetxekoak dira. Barazkiak, haragia, gazta, intxaurrak, ogia, sagardoa… den-dena da bertakoa, garaian garaikoa eta, gainera, XVIII. mendeko baserri batean kozinatua.

Igor Gorriti, Usurbilgo Artzabal jatetxeko sukaldeko heltzeen artean.
Igor Gorriti, Usurbilgo Artzabal jatetxeko sukaldeko heltzeen artean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Artzabal jatetxea Usurbilgo kalean dagoen baserri barrokoa da. Igor Gorriti da hango sukaldaria eta hamar urte daramatza bertan lanean. Aurretik, Zarauzko Aiala sukaldaritza eskolan ikasketak bukatu zituenean, Gipuzkoako hamabost jatetxetan eta Bartzelonako Euskal Etxean aritu zen lanean, baita Cebanc-en irakasle ere.

Betidanik garbi izan du jatetxea dagoen baserri honetan bertako produktuak eta garaian garaikoak eskainiko dituela, bai kartan eta bai eguneko menuan ere. «Jende askok uste du eguneko menu batean ezin direla bertako produktuak sartu, baina guk uste dugu baietz; barazkiekin, adibidez, lan egin daiteke».

Barazkiak inguruko baserrietakoak dira, ogia, piperrak eta intxaurrak Usurbilgoak bertakoak, letxugak eta tomateak Aginagakoak, Idiazabal gazta Aiako ekoizle batena, sagar-gozoa etxean egindakoa, oilaskoak Lumagorrikoak… Hanburgesak ere herriko harakin batek inguruko baserrietan bilatzen dituen txekorren haragiarekin egindakoak dira. Horrela, haien hanburgesak erabat «km 0» direla nabarmentzen dute, «bai ogia eta bai haragia hemen bertakoak direlako. Hori guretzat oso garrantzitsua da».

Sagardo bila ere ez dute oso urrutira joan beharrik, Usurbil sagardo herria izanik. Zorte handia dute, beraz, herrian hainbeste ekoizle izateagatik.

Filosofia horren barruan, babarrunen eskaintza bete-betean egokitzen dela nabarmendu du Igorrek. Gainera, babarrunen menua ez zegoen oso zabaldua Usurbilen, eta beraiek orain dela lau urte eskaintzen hasi ziren. «Hau baserri bat da, eta argi geneukan horrelako menua eskaini nahi genuela. Hasieran ez zuen harrera berezirik izan, baina iaz indar handia hartu zuen, ahoz aho zabaltzen joan zen heinean. Exajeratu gabe, denboraldian mila otordu baino gehiago emango genituen», azaldu du.

Hain da handia eskaria, hornitzaile bakarra izatetik hiru izatera pasatu direla une honetan. Gisa honetan, Artzabalgo babarrunak dastatzera joaten denak Aginagako, Aiako eta Tolosako ekoizleen indabak dastatuko ditu.

Menua, pikatzeko urdaiazpiko pixka batekin hasten da. Jarraian, babarrun eltzea zerbitzatzen dute, nahi adina jateko, eta ondoren ohiko «sakramentu» guztiak: aza, odolkia, txorizoa, txerri-saiheskia eta piperrak. Horren ondoren, eta sabelean lekurik geratzen bada, Idiazabal gazta, sagar gozoa eta intxaurrak ere sartuta dauden menuaren prezioan (18,50 euro, edari eta kaferik gabe).

Artzabalgo sukaldariak dioen bezala, komenigarria da aldez aurretik erreserba egitea. Eskaintza abendu hasieran zabaltzen dute eta maiatzera arte luzatzen da. «Maiatzaren bukaeran oraindik jendeak eskatzen jarraitzen du, baina guk Usurbilgo sagardo egunaren bueltan amaitutzat ematen dugu babarrun denboraldia».

Familiei begira egindako sukaldaritza

Urte osoan sukaldaritza tradizionala egiten dute Artzabalen, familiei begira prestatua. Gaur egun adinekoen eguneko-egoitza dago bertan eta, sukaldariak dioen moduan, «hemen lan handia egiten dugu adineko jendearekin eta familiekin». Horregatik, asteburuko menuan entsalada, kroketak eta langostinoak zerbitzatzen dituzte konpartitzeko, eta bigarrena aukeran: arraina (lupia edo legatza plantxan) edo haragia (entrekota, arkume-txuletak…). «Horrekin lan asko egiten dugu».

Astean zehar ere lan handia egiten dute menuarekin, eta egunero 80-100 bazkari inguru ematen dituzte neguan, eta 160-180 udan. Eta beti baserriko produktuetan oinarrituta.