NAIZ

«Prebentzioa eta ikerketa» aldarrikatu dituzte Minbiziaren Aurkako Egunaren atarian

Minbiziaren Aurkako Egunaren bezperan «prebentzioa, detekzio goiztiarra eta ikerketa» aldarrikatu du Minbiziaren Aurka elkarteak Hego Euskal Herrian, 2030erako biziraupena %70era iristeko. Gasteizen eta Bilbon begizta erraldoi bana egin dute eta Gipuzkoan ikerketarako dirulaguntzak banatu dituzte.

Bilboko Arriaga plazan egindako giza begizta.
Bilboko Arriaga plazan egindako giza begizta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Arriaga Antzokiko plazan eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ehunka pertsona elkartu dira Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan 2030erako biziraupena %70era iristeko «prebentzioa, detekzio goiztiarra eta ikerketa» aldarrikatuz.

Halaber, Bizkaiko minbizidun pertsonen hainbat elkartek (Acambi, Argia Ostomizatuak, Laringektomizatuen Bizkaiko Elkartea, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea, Aspanovas, Bizadelprise, La Cuadri del Hospi eta Pausoz Pauso) aldarrikapen hauek jasotzen dituen manifestu bat sinatu dute.

Gipuzkoan, aldiz, ikerketarako hiru dirulaguntzak banatu dituzte, ‘Guztiok Minbiziaren Aurka’ lelopean, guztira 480.000 euro bideratuz. Amaia Cipitria doktoreari ikerketa-talde gazteak bultzatzeko laguntza eman diote, 299.525 eurokoa; Marcos Arauzo Bravo doktoreak 180.000 euro jaso ditu minbiziaren arloko medikuntza pertsonalizatuaren ikerketa bultzatzeko nazioarteko laguntzari esker, eta Maria Hernandezi laborategiko praktiketako laguntza eman diote, 1.000 eurotik gorakoa.

Larunbatean, aldiz, Donostia, Iruñea eta Tuteran ere beste begizta bana egingo dute, 11.00etan, 12.15ean eta 11.30ean, hurrenez hurren. Horrekin batera, haurren abesbatzen kontzertu bana egongo dira Iruñea eta Tuteran eta azken honetan bazkari solidarioa antolatu dute, besteak beste.

Funtsean, osasun publiko «unibertsal eta doakoa» defendatu dute eta «ezinbestekotzat» jo dute «osasun-sistema indartzea, gaixotasun hau duten pertsonei eta beren senideei arreta integrala bermatzea, osasuneko profesionalen prestakuntza eta informazioa hobetzea, finantzaketa publiko egonkorraren bidez».