Xabier Bañuelos

Bac Ha, koloreen azoka

Bac Ha Vietnamgo iparraldeko hiri txiki bat da. Hango merkatuan ehunka pertsona biltzen dira, salerosketan jardun eta lagunekin elkartzeko. Etnia bat baino gehiago ibiltzen da era guztietako produktuen artean, baina batez ere h’mong loretsuak etortzen dira, jantzi koloretsuengatik hala deituak.

Vietnam hain gustuko zergatik dudan galdetzen didatenean, beti erantzuten dut gauza bera, ez naizela batere originala. Izan ere, noizbait Indotxinako herrialdean izan den jende ugari ezagutzen dut, eta denak itzuli dira liluratuta. Eta ez da harritzekoa; izan ere, joan naizen bakoitzean niri gertatu bezala, izugarri ederra ez den arren benetan leku zoragarriak dituen herrialde bat aurkitu dute, gastronomia bikaina duena, historia gatazkatsua izan arren atsegina eta, batez ere, barre egiten duen herrialdea; han irribarrea ez baita turismo-eslogan bat, bertako giza akuarelaren identitatearen ikurra baizik.

Ezingo nuke erraz esan Vietnamgo zein parte gustatzen zaidan gehien. Baina ez dago horren beharrik. Iparraldea eta hegoaldea soilik dauzka silueta mehe eta kurbatuko lurralde honek, eta nik bata zein bestea ditut gustuko. Alabaina, gaur iparraldera joko dugu, Txinatik oso hurbil dagoen toki batera; zehazki, 63 kilometro mendebaldera jota, Lao Cai hirian Ibai Gorriaren gaineko zubi bat zeharkatuta, Asiako herrialde erraldoian egon gaitezke.

X.B.

Gure helmuga Bac Ha da, iparraldeko goi-lurretan dagoen hiria. 900 metro inguruko altitudean dago, Chay ibaiko mendiguneko tontorren artean erdi lotan. Bere inguruetan bizi diren 70.000 pertsonentzat barrutiko hiri nagusia da. Hiria, multzo urbano gisa, ez da bereziki erakargarria, eta ez du aparteko ondarerik, molde kolonialeko eraikin pare bat baino ez. Lehena, gotorleku frantziar zaharraren aurriak dira, hiriaren erdialdea menderatzen duen muinoaren gainean daudenak. Eta bigarrena Hoang A Tuοng jauregi ederra da, 1921ean Hoang Yen Tchao-k eraikia, Europako eta ekialdeko estiloak fintasunez eta harmoniaz konbinatuz. Baina ez dago interes handirik pizten duen beste ezer. Gainera, ia denbora guztian giroa oso motela da, hiria lozorroan dagoela dirudi, denbora geldirik balego bezala. Aurkezpen horrekin, ez dirudi merezi duenik hara iristen denbora galtzea. Galdera argia da, hortaz: zertara doa norbait Bac Hara?

X.B.

Etniak eta koloreak

Vietnamgo iparraldeko mutur iparraldekoenera bidaiatu dugun arrazoi beragatik joango gara Bac Hara, ingurunegatik eta paisaiagatik. Ez da hiri monumentala, baina haren inguruneak berde iraingarri baten argitasun eta distira du. Bihurrituriko orografien berdea da, berde heze eta epela, tontorrak estaltzen eta mendi-hegalak eskalatzen dituena. Azken horietan arroz terraza urpetuak daude. Profil konkortuek haranetara jaisteko modu bihurria dute, erraldoientzako eskailerak osatzen dituzten koskekin. Paisaia horren bila etortzen da munduko alderdi honetara etortzen dena.

Baina bada arrazoi hobe bat. Izan ere, giro motela asteko sei egunera mugatzen da, zazpigarrenean bizia pizten baita; kaleak esnatu egiten dira eta hiria lozorrotik ateratzen da ezustean. Egun horretan, tropelean jaisten da mendiko jendea, les montagnards -kolonia frantsesetik jasotako izena-. Eta dena goitik behera aldatzen da. Lehen barealdia zegoen tokian, bat-batean zalaparta lehertzen da. Hiria eraldatu egiten da, jendeak eraldatzen du, salerosketan txoko bakoitza betetzen duten ehunka pertsonek; eztanda moduko bat da, kolore-, berriketa-, barre- eta tratu-festa. Igandea da, azoka eguna. Vietnamek 100 milioi biztanle baino zertxobait gutxiago du. Ikuspegi etnolinguistikotik nahiko homogeneoa da, kontuan hartzen badugu biztanle gehienak, ia %90, viet edo kinh etniakoak direla. Hala ere, badira beste “talde nazional” batzuk ere, hala deitzen baitzaie ofizialki talde etnolinguistiko gisa aitortutakoei. Izan ere, bertako 54 etnietako bat da. Kinh-ak eta Mekongeko deltako khmer krom-ak herrialdeko eremu lauetan bizi dira gehienbat, baina iparraldeko erliebe irregular honetan dago herri eta hizkuntza aniztasun handiena.

X.B.

Bac Ha inguruan horietako hamar bat daude. H’mong-ak nabarmentzen dira, miao ere esaten dietenak. Horiek XIX. mendean beren jatorrizko herrialdetik, Txinatik, hegoalderantz hedatu ziren eta lurralde hauetan ere ezarri zuten euren bizilekua. Gerra Sekretuan estatubatuarren alde borrokatu ziren, eta, esaterako, “Gran Torino” filmeko Walt Kowalski (Clint Eastwood) umore txarreko agurearen auzokideak h’mong-ak dira. Sei h’mong talde daude, eta igandero Bac Ha-ko merkatua betetzen dutenak h’mong loretsuak edo lore-hmong-ak dira.

Erabiltzen dituzten jantziengatik dute izen hori, bereziki emakumeen janzkeragatik, kolorez betetako lore irudiekin udaberriko lorategi bat dirudite eta. Oso jantzi landuak dira, eskuz egindako benetako filigranak eta kolore oso bizikoak; Guatemalako maien huipilak dakarzkigute gogora. Baina ez da hori azokara iristen den talde bakarra; badira dao-ak, thái-ak, hoa-k, la chi-ak… bakoitza bere janzkerarekin, eguna kaleidoskopio bihurtzen.

X.B.

Merkatura

Goizean goiz iritsi gara, lehen postuak jartzen ari direnerako. Amen batean, salmahaien artean era guztietako jende mordoa dabil. Kalapitan, tratuan ari dira. Murmurio etengabe bat entzuten da. Zalaparta orokorra da, baina ordenatua eta neurritsua, Asiako jende-oldeek bereizgarri duten zuzentasuna galtzen ez duena.

Era guztietako produktuak aurkitu ditugu. Izan ere, iristen direnen helburua beren mendietako produktuak saltzea eta eguneroko bizitzarako behar duten guztia erostea da. Eta gu ere iritsi garenez, guri ere eskaintzen dizkigute. Hala, kamera lepoan eramanda eta azal zurikoak izanda ere, baten batek oilo bat, aza-zaku bat edo gaitz ororen kontrako sendagai bat erostea iradokiko dizu. Jazarpenik gabe, hori bai, dena nahiko modu lasai eta jatorrean. Jakina, norbera harrituta geratzen da eskaintza horien aurrean, nork pentsa baitezake turista batek txerri bat erosiko duela. Baina saldu nahi duenarentzat, han bazaude agian behar duzulako da. Eta horrek, nolabait, adierazten du oraindik tokiko jendearentzako tokiko merkatu gisa eratutako harreman-eremu bat dela.

X.B.

Merkatua hainbat zatitan banatuta dago. Bada, bai, bat turistentzat, artisautza produktu eta halakoekin aparkalekutik jaisten den kalean. Baina hor amaitzen da. Behin behera iritsitakoan, gainerakoan gauza erabilgarriak, egunerokoak, praktikoak eta lanabesak dira nagusi. Alde batetik, kolore, usain eta zapore anitzetako jaki, fruta eta barazki saltzaileak daude; baita haragia Mendebaldeko animalistek jasango ez luketen eran salgai dutenak ere, eta arraina bizirik duten salmahaiak; erosleak arraina hautatu ostean, saltzaileak aiztoarekin burua moztu eta erraiak ateratzen dizkio. Bestetik, edozein etxetan erabiltzen diren tresnak, oihalen eremua, espeziak, sendagaiak eta garbitzeko produktuak, txanponak eta zigiluak, intsentsu-barrak, likoreak eta abar daude. Aipatu ditugu txerri- eta hegazti-sekzioak, ahateak eta halakoak ere badirena, baina, ororen gainetik, gure arreta zaldien merkatuak, eta, batez ere, uretako bufaloen merkatuak erakarriko dute. Eta, nonahi, Vietnam izanik falta ezin den zerbait: jaki-saltokiak, mokadutxo bat edo oturuntza oso bat egin dezagun.

Emakumeak hizketan eta barrez ari dira; gizonak kokoriko jarrita esertzen dira biribilean, tarte bat elkarrekin igarotzeko, beren banbuzko hodi-pipan thuoc lao tabako gogorra erretzen duten bitartean. Izan ere, merkatu orotan bezala, eta batez ere komunitate asko sakabanatuta bizi diren landa-eremuetan izaten direnetan, saltzea eta erostea aitzakia polita da jendeak topagune bat izateko, harremanak izateko, are flirteatzeko ere. Bac Hak askotariko salgaiak dituen merkatu koloretsua eskaintzen digu, beste leku batzuk betetzen dituzten turisten begiradarik gabe. Sapa hurbil eta saihetsezinaren osagarri perfektua da.