TestuaRoge BLASCO ArgazkiakJose ELADIO SANTACARA

Jose Eladio Santacara, amaierarik gabeko errepidean

Jose Eladio Santacara Zarrakazteluko (Nafarroa) bere etxeko ataritik abiatzen zen amaierarik gabeko errepideetan gidatzeko. Hiru bira egin zizkion munduari, horietako bi “Ibiletxe” deitzen zion furgoneta leialarekin, eta bestea motxilarekin. Gainera, furgoneta horrekin Afrika kontinentea inguratu zuen, Europa osoa bisitatu zuen eta beste batean Ulan Batorreraino (Mongolia) joan zen.

Txinan ere egonaldi luzeak egin zituen, mandarin txinera ikasten. Hiru aldiz egin zuen Done Jakue bidea bizikletaz, eta ezin konta ahala irteera.

Telekomunikazioetako ingeniaria zen, teknologiako irakaslea eta poliglota. Gaztetan Morris auto bat gidatu zuen Eskandinaviara eta Sobietar Batasunera. Erretiroa hartu ondoren, munduaren lehen itzuliari ekin zion, eta 1.059 egun eman zituen 2003 eta 2006 artean. 150.000 kilometro egin zituen gidatzen 59 herrialdetan barrena.

"Bost kontinenteak musikaren bidez" deitu zion proiektuari. Txistua, akordeoia eta haga-tronboia izan zituen lagun. Hamaika kulturatako erritmo eta doinuak bildu, grabatu eta artxibatu zituen.

J.E.

Bere abenturen bi liburu ere argitaratu zituen: “Efectivamente, la tierra es redonda” (Biribila da lurra, jakina) 2018an eta “África, madre olvidada y maltratada” (Afrika, ama ahaztua eta tratu txarrak emandakoa) 2020an.

Jose Eladio 77 urterekin hil zen, 2022ko abenduan, Madrilen, Iberiar penintsulan bidaiatzen, “Ibiletxe” barruan lo egiten ari zela.

Hari gorazarre egitearren, Zarrakaztelura joan ginen, familiarekin, anai-arrebekin eta ilobekin egotera eta abenturaz betetako bizitzako uneak gogoratzera. “Ibiletxe” ezagutzeko aukera ere izan genuen, Joserekin batera amaierarik gabeko bidaia harrigarrien protagonista.

Gure bisitaren biharamunean, martxoaren 19an, omenaldi bat egin zioten leku askotatik etorritako lagunek eta adiskideek, eta ez zen falta izan aurreskurik eta jotarik.

Joseri elkarrizketa asko egin nizkion Radio Euskadiko “Levando anclas” saiorako. Haren bi liburuen karietara egindako elkarrizketa haietako pasarte batzuk ekarri ditut hona.

J.E.

Ibiletxe furgonetarekin Zarrakaztelutik Zarrakaztelura egindako zure lehen bira jasotzen duzu 592 orrialdetan. Ba al zenekien frogatzera zindoazela lurra biribila dela?

Lanak eta nekeak ez zitzaizkidan falta izan. Orain ohituta nago. Baina hasieran ez genekien zer gertatuko zen, eta pentsaezinak ziren gauza asko gertatu ziren.

Kilometro asko izan ziren!

Astakeria bat. Normalean 100.000 edo 120.000 kilometro osaturik bira egiten zaio munduari, baina nirea 150.000 kilometrokoa izan zen; eta gainera beste 30.000 kilometro egin nituen, Ibiletxe zamaontzietan sartu eta nik motxilarekin mugitzeko aprobetxatzen nuen bitartean. Australian bakarrik 20.000 kilometro izan ziren. Aise esaten da!

Zergatik sentitu duzu munduari egin diozun lehen bira liburuan idatziz jasota uzteko beharra?

Kontrazalean diot inork ez digula eskatzen bidaiaria izatea. Baina ikusi, bizi eta batzuetan sufritu duguna ezagutzera emateko betebehar morala izan dut.

J.E.
Ezbehar asko izan al dituzu?

Ibiletxe galdutzat jo nuen behin baino gehiagotan. Pakistanen, elurretan sartu nuen prest egon gabe, eta enbragea hautsi nuen. Abentura eta biziraupen bidaiak direnez, jabetzen zara zer gerta dakizukeen. Ibiletxe desagertzen bada, zer egingo diogu! Beste plan bat egin beharko da. Eskerrak, Ibeletxe bizirik atera zen.

Bai, baina ikara handiak izan zenituen, adibidez, Costa Ricako hondartza batean sartu eta itsasoak gora egin zenuenean.

Ilunabarrak zoragarriak dira leku guztietan, eta bereziki Costa Rican. Hondartza birjina batean nengoen, hutsik zegoen, eta pentsatu gabe esan nuen: “Aurrera!”. Furgoneta hondarretan hondoratu zen, palmondo hosto artean. Argazkiak atera nituen, eta kasu horietarako lagungarri zait euskal esaera zahar hau: “Gero gerokoa!”. Aurreko gurpiletan bi katu jartzen hasi nintzen, baina asko jota metro erdi egin zuen aurrera. Nekez lortu nuen sei metro aurreratzea. Gaua zen eta marea gora zetorren. “Ibiletxe” zuhaitz batean lotzea pentsatu nuen. Karramarro asko pasatzen zitzaizkidan aurpegitik, gurpilak altxatzen etzanda nengoela. Operazio honetan zortzi ordu eman ondoren, salbatu ahal izan ginen. Baina txikituta amaitu nuen.

Munduan barrena egin zenuen lehen biran eta, geroago, Afrikako itzuliaren luzapenean, "Bost kontinenteak musikaren bidez" proiektua zeneukan. Zergatik interesatzen zitzaizun munduko soinuak biltzea?

Musikari afizionatua naiz. Txistua, akordeoia eta haga-tronboia eraman nituen. Bidaiari kutsu musikal bat eman nahi nion, eta musika herrikoien artxibo bat egitea erabaki nuen. Grezia utzi nuenean uste nuen lan gehiena eginda zegoela. Baina nahastu egin nintzen, onena iristear baitzegoen; adibidez, Sirian, Fairuz abeslari libanoarrarekin topo egin nuen.

J.E.

Europako kulturatik askatu nahi zenuen, zure baitan beste musika eta erritmo batzuk sartzeko?

Eurozentrismoa kentzea neukan buruan. Atzerrian zaudenean konturatzen zara inozoa eta ergela dela. Beste kultura batzuk errebindikatu nahi nituen, inor ez baita inor baino gehiago. Laburbilduz, Europa desmitifikatuko zuen europarra nintzen, munduari esateko “ez gara zuek baino gehiago”.

Zer moduz ibili zinen Ameriketan?

Asian nahi nuen lekuan atseden hartzeko aparkatzen nuen, baina Ameriketan ez zen gauza bera gertatzen, kontu handiz ibili behar izaten bainuen, eta horregatik bilatzen nituen gasolindegiak, kamioi askoko lekuak, polizia etxeen ondoko tokiak, nahiz eta pentsatu okerragoa izan zitekeela batzuetan. Ez zidaten lapurretarik egin. Hala ere, Argentinan semaforo gorrietan ez gelditzeko aholkatu zidaten, osteko arriskua izaten da eta. Bai, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika oso gogorrak dira, eta Ipar Amerikan... haizearen arabera! Adibidez, ez nuen arazorik izan Tijuanako muga igarotzeko, eta Kanadatik Estatu Batuetarako mugan, aldiz, dena erregistratu zidaten, errespeturik gabe; gauza ezdeus bat bezala tratatu ninduten.

“África, la madre olvidada y maltratada” liburuan 14 hilabete kontatzen dituzu, Ibiletxerekin eginak, 2002ko zure Volkswagen Transporter furgoneta maitearekin. 32 herrialde zeharkatu zenituen 2007 eta 2009 artean. Zergatik ipini zenion izenburu hori liburuari?

Kontinente honi buruz dudan ustea laburbiltzen dut. Hantxe dago homo sapiens-aren jatorria. Gizon zuriak, XV. mendean hara iritsi zenean, ez zuen bere ama ezagutu, eta tratu txarrak ematen aritu zen, aurrena esklaboen salerosketarekin, eta gero kolonizazioarekin. Bidaiak lur gainean egiten ditudanez, berehala egiaztatu ahal izan dut. Esan ohi dut Afrikaren zorigaitzik handiena dela bere buruaren eta etorkizunaren jabe ez izatea.

J.E.

Liburuaren hegalean idatzi duzu ez litzaizukeela bururatuko Afrikari bira egiteko inori aholkatzea.

Ni izan nintzen baldintzetan, etxera ez itzultzeko txartel guztiak edukitzea da. Nik okerrago egin ahal izan nuen, oso txarto, furgoneta behar bezala ez zegoelako. Aurreko trakziokoa da, gurpilak ez daude oso altu eta nahiko txikiak dira. Baina, tira, bihotzak eraman ninduen. Neure buruari esan nion “joan zaitez Afrikara”, eta joan egin nintzen.

Esperientzia izugarria da. Ia dena tropikala da, bi urtarorekin: bata euritsua eta bestea lehorra. Batzuetan errepideak ez dira existitzen eta lokaztu egiten zara. Kongon aurreko elur-kateak jarri nituen gurpiletan. Askotan galdutzat jo nuen Ibiletxe.

Bestalde, kontu politikoa dago. Gobernu batzuek ez dute herrialde osoa kontrolatzen. Adibidez, Brazzaville Kongon armadaren kontrol bat pasatu nuen eta ez zidaten kobratu, baina 40 kilometrora gerrillako beste bat zegoela ohartarazi zidaten. Hurbildu nintzenean, azeleratzailea zapaldu nuen eta metraileta eskuetan zutela laga nituen.

Bidaiari batek oihanean aurkitu nahi duen azkena zer da?: gerrako haurrak. Niri tokatu zitzaidan, eta eskerrak handik onik atera ahal izan nuen. Dirua ordaintzea gutxienekoa izan zen. Bai, Afrika etengabeko abentura bat da, eta luzaroan izaten segituko du.

Kontatzen duzu zure bizitzan izan duzun istripu bakarra Tanzanian izan dela?

Lasai nindoan lurrezko bide batetik, eta bat-batean aurrez aurre zetorren automobil bat gainera bota zitzaidan; ezinezkoa izan zen saihestea. Ibiletxe nahiko lur jota geratu zen. Atestatua egin nuenean, poliziek ziurtatu zidaten autoaren jabea pobrea zela eta ezin zidala matxura ordaindu. Baina behartsutik ez zeukan ezer; bi eskuak eraztunez beteta zeuzkan eta autoa ona zen. Baina, tira, ziur aski ez zuen segururik izango. Beraz, dena ordaindu behar izan nuen.

Dar es-Salam-eko tailerrera eraman nuen furgoneta. Lokal bitxia zen: egunez autoak konpontzen zituzten eta gauez jatetxe bihurtzen zen. Oroitzapen oso ona dut leku hartaz, patatak zuritzen eta oilasko oso gozoak prestatzen laguntzen bainien. Afrikako pentsamoldearekin eta bere bizimoduarekin bat egin beharra dago, eta segi aurrera!