NAIZ

Nanoprint Bio, giza ehunak eta organoak zehatz eta konplexu inprimatzeko egitasmoa

Giza ehunen biofabrikazioan aurrerapausoak eman nahian, Nanoprint Bio proiektuan elkarlanean ari dira CIC nanoGUNE, Polymat eta Indart3D. Ikertzaile eta medikuen esku plataforma bat jartzea da xedea, aurrekaririk gabeko zehaztasunez eta konplexutasunez giza ehunak eta organoak sortu ahal izateko.

Paziente askoren bizi kalitatea hobetzeko ahalmena izango duen tresna bat sortzeko lanean ari dira.
Paziente askoren bizi kalitatea hobetzeko ahalmena izango duen tresna bat sortzeko lanean ari dira. (CIC nanoGUNE)

Giza ehunak eta organoak behar den zehaztasunarekin eta konplexutasunarekin sortzeko tresna bat medikuen eta ikertzaileen eskura jartzeko elkarlanean dihardute CIC nanoGUNE eta Polymat ikerketa zentroek eta Indart3D inprimatze enpresak. Nanoprint BIO proiektua abiatu dute, Lakuaren Hazitek 2023 I+Grako laguntza programaren babesarekin.

Gero eta bizi itxaropen handiagoa duen jendartean, kaltetuak edo gaixorik dauden ehunak eta organoak konpontzeko edo ordezkatzeko irtenbideak garatu nahi ditu ehunen ingeniaritzak, paziente bakoitzaren beharretara egokitutako tratamendu espezifikoak eskaintzeko. Ehunen ingeniaritzak duen promesa handienetako bat da ehun eta organo funtzionalak sortzea pazientearen beraren zeluletatik abiatuta gaur egun sendaezinak diren gaixotasunei irtenbidea emateko.

Nanoprint Biok beste urrats bat egin dezake norabide horretan bioinprimatze eta nanofabrikazio teknologia aurreratuak uztartuz, Javier Latasa proiektuaren arduradunak NanoGUNEn azaldu duenez.

Erraza, zuzenean erabiltzeko

«Prozesuak bi fase ditu eta makina bera arduratzen da biez: lehenik, aldamioa edo oinarria inprimatzen da. Zuntzezko egitura bat da, ehunari sendotasuna ematen diona eta, aldi berean, nahi den ehunaren antzeko propietate mekanikoak eskaintzen dituena. Ondoren, gainean zelula ametan oinarritutako hidrogel bat gehitzen da, egitura-doitasun paregabea izango duen ehun funtzional bat garatzeko», esplikatu du Latasak.

Gainera, «garatuko den tresna sinplea izango da, medikuek edo ikertzaileek zuzenean erabiltzeko modukoa. Horri esker, ehunak sortu ahal izango dituzte azterketa pertsonalizatuak egiteko eta paziente bakoitzak botika eta terapia jakin batzuei nola erantzungo dien ebaluatzeko».

Proiektuan parte hartzen duten hiru erakundeek adierazi dute «tresna berritzaile honek giza ehunen biofabrikazioa iraultzeko eta oro har paziente askoren bizi kalitatea hobetzeko ahalmena duela. Izan ere, ehunen ezaugarriak zehatzago erreproduzitzeko aukera ematen du». Esan dutenez, gero eta hurbilago daude ehun errealak sortzetik.