Andoni Urbistondo

Andutz, Saltsamendi eta Arbil: txikiak bai, eskasak ez

Itziar eta Lastur auzo inguruko mendiek erakusten dute Euskal Herria lurralde menditsua dela. Itziar Kantauri itsasotik gertu dago, baina hegora 600 metroko mendi tenteak ditu zaindari; Lasturko bailara sortu duten tontorrak. Garaieraz txikiak dira Arbil, Saltsamendi eta Andutz. Baina eskasak ez!

Saltsamendi gailur pikoa. (A. Urbistondo)
Saltsamendi gailur pikoa. (A. Urbistondo)

Azaroa eta abendua oso euritsuak izan dira Euskal Herrian. Eta epelak. Elur gutxi egin du mendi gailurretan, eta putzututa, desatsegin, daude mendietako xendak. Irtenaldi laburrak, erosoak, bilatzeko garai egokia izaten da abendua, eta Itziar auzo inguruak aukera politak eskaintzen dizkio bisitariari. Itziartik Kantauri itsasora kilometro gutxi batzuk baino ez daude, baina itsasoko patxadatik terreno basatira tarte txikian pasatzen da paraje horietan.

Andutz eta Saltsamendi, 600 metro inguruko bi mendi, dira ezagunenak Itziar aldean, baina horietara igotzeko joan-etorria labur samarra da, ordu pare bat asko jota, eta hirugarren gailur bat sartuko dugu txango honetan: Arbil gailurra. Modu horretan, Lastur auzoa eta bailara ederra ezagutzeko aukera ere izango dugu, eta txangoari ordu pare bateko iraupena ematekoa.

Hamalau kilometrokoa da ibilbidea eta pilatutako desnibela 700 metrokoa da. Ez da kopuru handia, baina bai nahikoa hanka zuztarrak kargatuta ditugula bueltatzeko Itziar auzoraino. Bertako industrialdean hasiko gara oinez, GMNorte mekanizatu enpresa parean. Pista bat hartu eta mendebalderantz joko dugu garbi, Lizarreta mendia inguratuz beti. Bide erosoetan barrena Pagatza baserri gainaldetik pasatuko gara, Artutzan lepoan azken malda pikoari ekiteko. Arbilek oso bista onak ditu, 445 metroko mendi txikia bada ere. Gailurrean postontzi berezia dauka, hegazkin baten itxurakoa, eta ekialdera tente agertuko zaizkigu Lizarrieta eta Andutz bera (610 metro), gure txangoko azken gailurra.

Itziar eta Lastur aldean oso ohikoak dira betizu taldeak. Ez dira abere arriskutsuak, baina txekorrekin badaude, edo arriskua sumatzen badute, sustotxoren bat eman dezakete. Dauden tokitik pixka bat urruntzea nahikoa da, ezustekorik ez edukitzeko. Arbilen behera, euri tanta batzuk jausi dira zuhaitz handi batean Lastur izena marraztuta ikusi ondoren, eta borda eder bat hartu dugu babesleku. Lastur auzo dotorera daraman errepidea eta Kortaberri baserria azaldu zaizkigu begi bistan, eta haien gainetik egingo dugu bidea Lastur auzoraino, urak eramateko kanal bat zenaren gainean eraikitako porlanezko bidetik.

Lasturrek dozena erdi etxe bakarrik ditu, baina bailararen sakonean dago, mendiz inguratuta. Izarraitz mendikateko mendiak, eta aldapaz inguratua leku guztietan. Deigarria, Lasturren dagoen zezen-plaza txikia, famatua bertan idiskoekin egiten diren sokamutur eta zezenketengatik. Pilotaleku eta iturri dotore bat ere badaude Lasturren, hamaiketakoa lasai egiteko aproposak. Errota pare bat ere bai, eta horiek hartuko ditugu erreferentzia gisa txangoari segida emateko.

SALTSAMENDI, PIRAMIDE EDERRA

400 metroko desnibela gainditu beharko dugu Saltsamendi gailurreraino iristeko. Txapasta lepora iritsiko gara aurrena, Itziartik Lasturrera daraman errepidean dagoen kasko batera. Murgimendi tontorra inguratuko dugu haren ezker magaletik, eta zakur jendea dabilen baserri pare batetik pasatu. Haiek lotuta edukitzea eskatzea alferreko lana ez, lerro hauen bitartez, bideak publikoak direlako. Txapasta lepotik bi aukera ditugu: Saltsamendi mendebaldeko aurpegitik igotzea, edo Arroa aldetik, ekialdetik. Ekialdeko bidea luzeagoa da, baina Arroa eta Urola Beheko belaze guztiak berde distiratsu kolorez azalduko zaizkigu. Baita Erlo mendia ere, Izarraitz mendikateko garaiena, 1.026 metrorekin.

Mendi bideak eta bide zabalagoak tartekatzen dira igoeran, baina xendak sasiz inguratuta daude tarteka, eta adi-adi egon behar da bide egokiari jarraitzeko. Erreferentzia gisa Saltsamendi gailurra hartu behar da, gure iparrera. Erdi eraitsita dagoen baserri baten ondotik pasatuko gara, eta berau eskuinera utzita, pista on batean barrena Saltsamendi lepora iritsi. Ehiza postu bat dago bertan. Begi bistan izango dugu Saltsamendi gailurra, baina ordu laurdeneko azken ahalegina egin beharko dugu 590 metroko tontorrera iristeko. Tarteka besoak erabili beharko ditugu, inpultsoa hartzeko, baina ez dauka zailtasun handirik.

Tontorretik Andutz gailurreko hegia azalduko zaigu, Urrutzu lepoaren zaindari. Ederra benetan bi gailurren arteko lepoa, zuhaitzak eta borda bat dituena. Handik hegoaldera, Saltsamendi aldera, jabetzen da norbera mendi hori piramide ederra dela. Punta tentearen itxura hartzen du iparretik begiratuta, mendiei nondik begiratzen zaien ikuspegia erabat aldatzen dela baieztatzen duena.

Bai Saltsamenditik, bai Andutz gailurreko gurutzetik ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu. Ekialdera Arroa eta Urola Behea bailara agertuko zaizkigu; hegora Erlo, Ernio eta Aralarko gailur zurituak. Mendebaldera Lizarrieta, Arno, eta Oiz eta Anboto, Bizkaiko lurretan dagoeneko. Eta iparrera Itziar auzoa eta Kantauri itsasoa, bakeoso. Azken ordu erdia baino ez da falta zibilizaziora iritsi, arropaz aldatu eta otordu goxoa egiteko. Nahikoa lokaztutako xendan hiruzpalau eroriko eduki eta madarikazioka hasteko. Naturaren legea!