Testua: Fernando Rojo Tolosa Argazkiak: F.R, Alfonso Romero eta Fernando Esteban

Kalaxak, Pakistango etnia berezia

Ilunabarra da Bumburet haranean. Muezzinaren dei sakona barneratzen zaigu zentzumenetatik. Musulmanei deika ari da errezorako, meskitara hurreratzeko, baina biztanle gehienak ez dira Ala-ren jarraitzaileak. Kalaxak dira. Pakistango etnia bereziena, kultura eta usadio propioak defendatzen dituztenak.

Emakumeek janzkera tradizional propioa dute, alai eta deigarria.
Emakumeek janzkera tradizional propioa dute, alai eta deigarria.

Pakistango Islamiar Errepublikan etnia asko topatu ditugu: paxtunak, sindhiak, balutxak, punjabak, hazarak, kaxmirrak… Denen artean, ordea, bada bat motibo askorengatik berezia dena, bai erlijio-sinesmenengatik, bai janzkeragatik, bere ospakizunengatik, emakumeek dituzten eskubideengatik eta, debekatuta egonagatik ere, eurek egindako alkohola edaten dutelako: Kalaxak.

Kalaxak Hindu Kush mendi garaien magalean bizi dira, Chitral barrutiko hiru haranetan banatuta: Bumburet, Birir eta Rumbur. Populazioari dagokionez, Pakistango etniarik txikiena da. Nabarmentzekoa da, gainera, beste etnia guztien aldean fisikoki oso ezberdinak direla. Azal zurikoak dira eta askok ile horixka zein begi argiak dituzte. Kasu arraroa inguru hauetan. Diotenez, XX. mende hasieran 100.000 izatera heldu ziren. Gaur egun 3.000 eta 4.000 artean geratzen dira soilik.

JATORRI MISTERIOTSUA

Bumburetera iritsi aurretik irakurri eta entzun dugunaren arabera, Alexandro Handiaren tropak hemendik pasatzean bertan geratu ziren soldaduen ondorengoak dira, natiboekin nahastean sortutako herritarren ondorengoak. Guri kalaxek eurek esan digute Tsiyam izeneko toki batetik datozela, eta horrela abesten dute euren kantuetan. Haatik, inork ez daki toki ezezagun hori non zegoen, ezta gaur egun non dagoen ere.

Afganistango mugatik gertu gaude, Pakistan ipar-mendebaldeko mendietan. Hemendik bistak ikaragarriak dira, 7.000 metroko mendiz inguraturik gaude. Balanguru izeneko herrixka batera iritsi gara, Bumburet bailaran. Ongietorria ematen duen kartela ingelesez eta arabieraz dago, ez bertako hizkuntzan. Unescoren arabera galtzeko arrisku larrian dagoen indo-ariar jatorriko berba egiten dute, kalax-mun izenekoa, eta, azken mendean, hiru bailara hauetara murriztu dena.

Heldu bezain pronto eskola bisitatzeko aukera izan dugu. Lehen Hezkuntzako umeekin izan gara klasean. Serio begiratzen digute, arraro. Adin honetan oraindik euren hizkuntzan ikasten dute, nahiz eta ikasgai gisa Korana ere baduten. Islamizatzen hasteko lehen pausoa. Bigarren Hezkuntzara pasatzen direnek bailaratik atera behar dute eta Pakistango eskola publikoan ikasi, eskola islamikoetan, eta euren traje tradizionala jantzita joaten badira ere, neska askok buruan beloa jantziko dute, ez legeak derrigortuta, musulmanen artean erosoago sentitzeko baizik.

KALAX EMAKUMEAK

Jakin badakigu kalax emakumeek bizi duten egoerak ez duela zerikusirik inguratzen dituen mundu islamikoarekin. Estatus pribilegiatua dute, Pakistan dela kontuan hartuta. Askeagoak dira eta hori kalean ikus daiteke. Gizonezkoen konpainiarik gabe dabiltza kalean eta lanean, gehienak nekazaritzan edo artisau lanetan, saskigintzan, ehungintzan edo ogia egiten; eta abeltzaintza gizonezkoen lana bada ere, ikus daitezke behiak zaintzen ari diren emakumeak ere.

Ez dute belorik janzten. Peshawarren ez bezala, hemen ez da burka bat bera ere ikusten. Janzkera tradizional propioa dute, alai eta deigarria. Emakume guztiak doaz horrela jantzita. Kotoi beltzezko soineko nasaiak, oso distiratsu bordatuak, maskorrez eta kolore anitzeko bitxiez hornituak; buruko luzeak koloretako kauri-maskorrez egindako marrazki geometrikoekin, eta lepokoak, beira-pikor urdin, hori, gorri edo berdez apainduta; sekulako bizitasuna ematen diote jantziari. Egundoko aldea, Pakistango beste inguru batzuetan ikus daitezkeen jantzi musulmanekiko. Beste balio batzuk dituzte, islam sunita hertsiarekin konparatzen badugu.

Emakume eta gizonen arteko harremanak askeak dira, maitasunean oinarritutakoak; bikoteak ez daude hitzartuak eta dibortziatzeko eskubidea dute, baita gizona uzteko aukera ere. Hori bai, esan digutenez, ez da dena perfektua eta hain polita emakume kalaxentzat. Hilekoa ez dute purutzat eta irauten duen bitartean bashaleni izeneko etxoletan egon behar dute isolatuta, baita erditzean ere. Ezin izan ditugu bisitatu, tokiok guretzat debekatuta baitaude. Gainera, emakumeek ez dute ez herentziarik, ez jabetzarik. Jantzita daramatzaten bitxiak dira euren ondasun osoa. Hori ez beste guztia gizonezkoena da.

EMAKUMEEN BAHIKETAK

Mendi magalean eraikita daude egurrezko bizitokiak. Eskailerak gora eta behera, batetik bestera joateko. Labirinto itxurakoa neurri batean. Etxeko ateak irekitzen dizkigute eta barrura sartzen gara. Irribarretsu hartzen gaituzte gu lotsagabe euren etxeetan sartzean. Tea eta fruta ematen digute jateko; hori da eskaintzeko daukaten guztia. Bada, ordea, gai bat aipatu ere egiten ez dutena; lagun batek kontatu digu urte askoan ibar hauetako emakumeak bahitu izan dituztela. Afganistandik etorritako talde kriminal eta jihadistek bahitu izan dituzte orain gutxi arte, behartuta ezkontzeko edo sexu-esklabotzaren biktima izateko. Badirudi azken urteetan halako bahiketak bukatu direla. Pozik ikusten ditugu gurekin berbetan, eurak lanean diharduten bitartean, sukaldean, arropa josten edo ogia egiten.

Etxe batzuetan badira buruan beloa daramaten neskak, mutil musulman batekin maitemindu diren seinale. Saltoa eman dute islamera, beren kulturari uko eginez. Ez dute familiarekin harremana guztiz hausten, baina beren kultura baztertzen dute betiko.

MUNDU IKUSKERAK

Pakistan errepublika islamiko bat izanik, erlijio aginduak oso zorrotzak dira. Kalax komunitatea urrun dago horretatik. Erlijio-tradizio zaharrak dituzte; naturaren indarrekiko duten lotura dela- eta animismotik gertu daude. Euren jainkoez grinatsuki hitz egiten digute, eta antzekotasun handiak ditu hinduismo vedikoarekin: jainko asko, sinesmen oso zaharrak, erritu eta ospakizun bereziak…

Pakistan osoan egin ezin dena egin dugu kalaxen artean: alkohola edan. Musulmanak ez direnez, Pakistango Gobernuaren baimena dute horretarako eta eurek, modu tradizionalean, hanka-hutsik mahatsa zapalduz, egindako ardoa edaten dute. Graduazio altuko uxuala (orujo) ere egiten dute. Biak probatu ditugu. Ezin esango dugu kalitate handikoak direla, baina Pakistan osoan alkohola dastatzeko izan dugun aukera bakarra izanik, parranda txiki bat egiteko balio izan digu.

Azken bi egunetan ospakizun koloretsu eta alai bat bizitzeko parada daukagu. Kalaxek urtean hirutan ospatzen dituzte jaialdiak eta guk udakoa gozatuko dugu, Uchal izena duena. Dantza egiten dute danborren soinu etengabeei jarraituz, nekaezin. Emakumeek egiten dute dantza, batik bat. Gizonezkoek ere bai, baina gutxiago eta era harroxkoan nesken arreta erakartzeko. Gizon-emakumeen arteko harremanetarako balio omen du ospakizunak. Horrez gain, kanpoko turistak xarmatzeko dantzatzera gonbidatzen gaituzte. Gau osoa emango dute dantzan, zahar nahiz gazte, eguna argitu arte. Gauean oheratu eta atzera jaikitakoan oraindik dantzan topatu ditugu. Esanguratsua oso: guk ez bezala, hegoaldetik etorritako pakistandar musulmanek debekatuta dute parte hartzea. Ez dituzte begi onez ikusten, une oro argazki-kameraz emakumeak grabatzen ibiltzen dira. Neguko jaialdian pakistandarrek debekatuta dute hurbiltzea, eta militarrek kontrolak ezartzen dituzte, haiek sar ez daitezen.

FOLK VILLAGES

Aparteko kultura hau babesteko, giza eskubideen defentsan aritzen diren erakunde batzuek kalaxen kultura Gizateriaren Kultura Ondare Ukiezin izendatzeko eskatu diote Unescori. Turismoa erakartzeak, baina, baditu bere arriskuak, denbora gutxian herrixka hauek folk villages fosilizatuak bihur daitezkeelako eta jaialdiak ikuskizun folkloriko hutsa. Dena kalterako.

Azkenaldian beste arrisku bat agertu da, mundu guztian gertatzen ari dena: klima aldaketa. Uraren zikloak aldatzen ari dira eta euriteek eragindako luiziek sekulako kalteak eragin dituzte herrixketan azken bi hamarkadan. Hildakoak ere bai.

Gaur arte biziraun badute ere, orain laguntza beharra dute. Mendiotan dagoen gizateriaren altxor hau ezin da desagertu; babestu egin behar da nola edo hala, kalaxen azken dantza izan ez dadin.