NAIZ

Hegazti mota bat keinu bidez komunikatzen dela frogatu dute: bikoteari pasatzeko esaten dio

Gizakietan bezala, hagazti espezie batean behintzat keinu bidez hitz egiten dutela ziurtatu du Tokioko Unibertsitateak. Habira sartzerakoan, hegalekin egiten dio keinu emeak arrari, lehendabizi bera sartzeko esanez.

Parus minor izena du keinuak egiten dituen amilotx japoniarrak.
Parus minor izena du keinuak egiten dituen amilotx japoniarrak. (Alpsdake | WIKIMEDIA COMMONS)

Hatz lodi bat gorantz dena ondo dagoela adierazteko, edo esku mugimendu bat agur esateko: keinu bidezko komunikazioa gizakiei bakarrik zegokiela uste zen, baina, lehen aldiz, behaketa bidezko azterketa batek aurkitu du hegazti mota batek horretara jotzen duela bikotekideari pasatzen uzteko.

Tokiko Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek Current Biology aldizkarian azaltzen du nola «Parus minor izeneko amilotx japoniar koloretsu eta ñimiñoak» hegoak astintzen dituen keinu gisa, bere bikotekideari adierazteko lehenago igaro dadila habira. «Zu aurrena» edo «zure ondoren» esaten dio horrela.

Udaberrian, amilotx txori japoniarrak, zuhaitzen barrunbeen barruan geratu eta habiak egiten dituzte, sarrera txiki batekin.

Ikertzaileek zuhaitz-barrunbe horiek naturaren erdian jarritako habia-kaxekin simulatu zituzten, eta, habiara egindako 320 bisita baino gehiago xehetasunez aztertzean, ikusi zuten bikotea adar baten bila ibiltzen dela sartu aurretik. Haren gainean, bikoteko kide batek, gehienetan emeak, bestearengana astintzen dituela hegoak.

Zer esan nahi du horrek?

Hegoak mugitzeko modu horrek habia-kutxan sartzeko gonbita egiten dio hegal-keinua jasotzen duen bikoteko kideari. Hegoak mugitzen dituen bikoteko kidea, berriz, bigarren sartzen da. Beraz, keinu horrek habiara sartzeko ordena zehazten du, beti banan-banan sartzen baitira habira, eta giza komunikazioan «zure ondoren» ren baliokidea da.

Ikertzaileek uste dute portaera horrek keinu sinboliko gisa sailkatzeko irizpideak betetzen dituela, bikotearen aurrean bakarrik gertatzen delako eta habia-kutxan sartu ondoren eteten delako.

«Ikusten dugu amilotx japoniarrek beren bikotekidearen aurrean bakarrik astintzen dituztela hegoak. Emeek sarriago egiten dute keinua, eta ondoren arra habia-kutxan sartzen da, lehenengo zein iritsi den alde batera utzita. Emeak hegoak astintzen ez baditu, orduan arra baino lehenago sartzen da habia-kutxan», adierazi dio Efe agentziari animalia-hizkuntzalaritzako ikertzaile Toshitaka Suzukik, Tokioko Unibertsitatekoak.

«Zientziak uste du bi hanken gainean ibiltzeak aukera eman ziela gizakiei jarrera tente bati eusteko, eskuak askatuz mugikortasun handiagoa izateko, eta horrek, aldi berean, keinuen eboluzioan lagundu zuen. Era berean, hegaztiak adarretan pausatzen direnean, beren hegoak libre geratzen dira, eta horrek keinuen komunikazioa garatzea erraztu dezake», gehitu du Suzukik.

«Hegaztiek zertaz hitz egiten duten argitzen jarraituko dugu keinuen, bokalizazioen eta horien konbinazioen bidez. Ahalegin horri esker, animalien lengoaien mundu aberatsa deskubritzeaz gain, funtsezkoa da gure hizkuntzaren jatorria eta bilakaera argitzeko», adierazi du ikertzaileak.

Suzukik 17 urte baino gehiago daramatza amilotx japoniarra aztertzen, eta aldez aurretik jakin du hegazti horiek kantu espezifikoak erabiltzen dituztela esanahi zehatzak transmititzeko, eta, horrez gain, hainbat dei konbinatzen dituztela esaldietan, arau sintaktikoak erabiliz.