NAIZ

Munduan hamar emakumetik batek ezin ditu antisorgailuei buruzko erabaki propioak hartu

Arrazakeria, sexismoa eta beste diskriminazio-modu batzuk erabakigarriak dira oraindik ere emakumeen sexu eta ugalketa osasunerako sarbidean, herrialde gehienek gai hori beren garapen lehentasunen artean jartzeko konpromiso ofiziala hartu eta 30 urtera.

Afrikan emakume batek haurdunaldian eta erditzean konplikazioak baditu, Europan edo Ipar Amerikan baino 130 aukera gehiago ditu hiltzeko.
Afrikan emakume batek haurdunaldian eta erditzean konplikazioak baditu, Europan edo Ipar Amerikan baino 130 aukera gehiago ditu hiltzeko. (David ZORRAKINO | EUROPA PRESS)

Sexu eta ugalketa osasunaz arduratzen den Nazio Batuen Populazio Funtsak (UNFPA, ingelesez) argitaratu berri duen txostenak jasotzen duenez, munduan hamar emakumetik bat inguruk ezin ditu antisorgailuei buruzko erabaki propioak hartu.

Gaiari buruzko datu nahikoa daukaten herrialdeen %40an emakumeen gorputz autonomia gero eta txikiagoa da. Gainera, azterlanak ohartarazi du munduko emakumeen %25ek ezin diotela uko egin sexu harremanak izateari.

Azken batean, komunitate baztertuenetako milioika emakumek eta neskatok ez dute onurarik atera azken 30 urteetan mundu osoan zabaldu diren osasun eta sexu eta ugalketa eskubideen arloko aurrerapenetatik, beren nortasuna edo jaioterria dela eta.

‘Bizitza gurutzatuak, itxaropen-hariak: osasunaren eta sexu eta ugalketa eskubideen arloko desberdintasunak ezabatzea’ izenburupean, dokumentuak arrazismoaren, sexismoaren eta bestelako diskriminazio moduen papera azpimarratzen du, emakumeek esparru horretan aurrera egitea zailtzen duten oztopo gisa.

Emakume eta neska pobreek, gutxiengo etniko edo indigenetako kide direnek edo gatazka-inguruneetan harrapatuta daudenek hiltzeko aukera gehiago dituzte, ezin dutelako osasun-arreta eskuratu.

Haurdunaldian edota erditzean hiltzeko aukerak

Afrikan emakume batek haurdunaldian eta erditzean konplikazioak baldin baditu, Europan edo Ipar Amerikan biziko balitz baino ia 130 aldiz probabilitate handiagoa du hiltzeko. Kalkuluen arabera, saihestu daitezkeen ama heriotzen erdia baino gehiago krisi humanitarioak eta gatazkak bizi dituzten herrialdeetan gertatzen dira.

Ia 500 heriotza dira egunean. Amerikan, emakume afroondorengoek aukera gehiago dituzte erditzean hiltzeko emakume zuriek baino. AEBetan, tasa hori batez besteko nazionala baino hiru aldiz handiagoa da.

Emakume indigenek hiltzeko aukera handiagoa dute haurdunaldiarekin eta erditzearekin lotutako konplikazioengatik. Desgaitasuna duten emakumeek desgaitasunik ez dutenek baino hamar aldiz aukera gehiago dituzte genero indarkeria jasateko.

Hala ere, datu positiboak ere jasotzen ditu txostenak: belaunaldi bakarrean, nahi gabeko haurdunaldien tasa ia %20 murriztu da; amaren heriotza tasa, berriz, heren bat jaitsi da, eta 160 herrialdek etxeko indarkeriaren aurkako lege espezifikoak dituzte.

«Aurrerapen horiek gorabehera, gure gizarteetan eta osasun sistemetan desberdintasunak areagotzen ari dira, eta ez diogu lehentasun egokirik eman behartsuenengana iristeari. Gure lana osatugabea da, baina ez ezinezkoa, inbertsio iraunkorrarekin eta mundu mailako elkartasunarekin», adierazi du Natalia Kanem NBEren Populaziorako Funtsaren zuzendari exekutiboak Genevan, txostenaren aurkezpenean.

Azterlanaren ondorio guztien artean, kezkagarrienetako bat da kontrazepziorako, erditze segururako, amaren zaintzarako eta sexu eta ugalketa arloko beste funtsezko zerbitzu batzuetarako sarbidea ez dela talde baztertuetara edo diskriminatuetara iristen, hala nola urritasunak dituzten emakume eta neskatoengana, migratzaileengana, gutxiengo etnikoenetara edo LGBTQIA+ komunitatekoengana.

«Hobekuntzak onuragarriak izan dira ekonomikoki egoera onean dauden emakumeentzat eta zerbitzu medikoetarako sarbide ona duten talde etnikoetako emakumeentzat», azaldu du.

Egoera larriagotzen duten hainbat faktore ere identifikatu ditu lanak, hala nola klima aldaketa, krisi humanitarioak eta migrazio masiboak; izan ere, sarritan, eragin neurrigabea izaten dute gizartearen bazterretan bizi diren emakumeengan.

Inbertsioak, elkartasuna eta konponbide egokituak

Txostenak azpimarratzen du garrantzitsua dela programak komunitateen beharretara egokitzea (eskala handiko ikuspegi generikoei jarraitu beharrean) eta emakumeak eta neskak ahalduntzea, irtenbide berritzaileak ulertu eta gauzatze aldera.

Kalkuluen arabera, hemendik 2030era bitartean diru-sarrera ertain eta baxuko herrialdeetan beste 79.000 milioi dolar (74.269 milioi euro) inbertituko balira, adibidez, nahi gabeko 400 milioi haurdunaldi saihestuko lirateke, milioi bat pertsonaren bizitza salbatuko litzateke eta 660.000 milioi dolarreko etekin ekonomikoak sortuko lirateke.