
Pentekosteak eta mendekosteak, bi izen Bergara eta Lezoko jaiak izendatzeko. Biak gaur bertan, hilak 22an, hasiko dira. Lezoko mendekosteak igandera arte luzatuko dira. Zabarre eta Maria Labaien pertsonaiak portura iristen direnean hasiko dira jaiak, eta denak pirataz jantzita kalejiran joango dira. Pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak eta iganderaino herria «musikaz, kolorez, errespetuz eta alaitasunez» betetzeko gonbidapena egin du Jai Batzordeak.
Egitarauaren aurkezpenean azaldu zutenez, adin guztietarako eta mota askotako ekintzak jaso dituzte 2026ko programan. Afari autogestionatu herrikoia, Arkirun pilota Klubeko finalak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak, dantzak, kalejirak, jolasak, ikuskizunak eta beste asko izango dira.
Lezoko Jai Batzordeak, Udalak eta Mugimendu Feministak lanketa handia egiten dute urte osoan Lezo parekideago baten alde, baina, bereziki herriko festak denontzat eta denon laguntzarekin antolatzen direla aldarrikatu dute. Horregatik, indarkeria matxistaren aurrean arreta edo salaketa egiteko telefonoa egongo da (688 696 204) ostiral eta larunbat gauetan 00:00-6:00 bitartean.
Informazio honen babeslea: Lezoko Udala.

Bitorianatxo, Bergaran
Bergarako pentekosteak egun berean hasiko badira ere, maiatzaren 26ra arte luzatuko dira. Ostiral honetan botako dute txupinazoa Bitorianatxo pertsonaia jeisteko. Asteburuan zehar ekitaldi ugari hartuko ditu herriak. Tartean, XXXII. Bakailao Lehiaketa, erraldoien topaketak edo kalejirak, baita haur eta gazteentzako plastika lehiaketa eta txarangak.
Astelehena 25 kuadrilen eguna izango da eta ohiko jarduerak antolatu dira, hala nola baltsa jaitsiera, olinpiadak eta herri bazkaria. Azken egunean, 26an, haurren eta adinekoen eguna izanik, haientzako jarduera parte hartzaileak sustatu dituzte, adibidez, herri kirolak edo Potx eta Lotx pailazoak. Gauean agurtuko dute Bitorianatxo.
Musika eskaintzari dagokionez, puntako musikariak gonbidatu dituzte Bergarara eta bertan joko dute Brigade Loco, Neomak eta Anje Duhaldek.
Txosnaguneko egitarauak ere presentzia handia izango du, kontzertu, bazkari, jardunaldi eta gaueko eskaintza zabalarekin.
Informazio honen babesleak: Garaje Murillo, Ogizun Bergara, UNED Bergara eta Zumelaga jatetxea.

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

Entre pólvora, kalimotxo y memoria, Gasteiz vuelve a estar de fiesta

Kostaldean edo mendixka batean, baina herritik atera gabe

Un eclipse solar histórico que solo veremos una vez en la vida
